Ubelduak moretuz, tortura itzaletik argitara

tortura itzaletik argitara –

Nekane Txapartegi, ARGIAn.


1999ko martxoan Aiztondo bailaran jazotako gertaera latzak ez ziren eraso isolatuak izan, Espainiako Estatuak Euskal Herriaren aurka emandako beste urrats errepresiboaren zati baizik. “Todo es ETA” (Dena da ETA) doktrinaren menpean, atxilotu eta inkomunikaziopean gu Madrilgo Tres Cantosen bortizki torturatzen gintuzten bitartean, Joxelu Gerestari (Ttottori) bizitza kendu zioten. Gertaera horiek, beste helburu batzuekin batera, abian zen Lizarra-Garazi prozesua etetea zuten xede. Torturatzaileek argi utzi zidaten komisarian: “Vosotros estaréis en tregua ¡Nosotros no! [Zuek su-etenean egongo zarete, geu ez!”].

Urte luzez bezala, garai horretan ere, torturaren erabilpena ETAren jarduerari emandako erantzun gisa saldu nahi izan zuten. Guk badakigu, ordea, bertsioak eraikitzeko eta gure ahotan horiek baieztatzeko torturatu gintuztela, horrela neurri errepresibo gehiago legitimatzeko bertsio ofiziala eraikitzeko. 18/98ko epaiketa politikoaren muin izango zena.

Tortura izan da ideiak eta ideia horiek defendatzen eta horien alde borrokatzen dituztenak gelditzeko estrategia. Inpunitate osoz, inkomunikazioaren babespean Intxaurrondo eta Madrilgo komisariatan sistematikoki egin dena. Estatu aparatu horrek ondo funtzionatu eta estali du torturaren dimentsio beldurgarria Euskal Herrian, klase politikoaren, justizia aparatuaren, medikuen eta medioen konplizitatearekin. Eta horrela utzi nahi du afera, Espainiako Estatuan ziegatan ezkutatuta eta gure hildakoak ahanzturan utzita.

Bortxatutako gorputzetik hitz eginez, 25 urte geroago ozen esaten dut nire emakume gorputza guda zelai politiko bihurtu zutela

Ttottoren kasuan, tortura azken muturreraino eraman zuten, heriotzaraino. Erailketa suizidioz mozorrotuta. Zoritxarrez, oraindik ere ez dakigu zer gertatu zen, baina badakigu zer ez zen gertatu. Egile zuzenak ez badakizkigu ere, badakigu nor den arduraduna. Estatu terrorismoaren aurrean, gu, torturatuak, torturaren gaitzetik bizirik ateratakoak, lekuko garrantzitsuak gara. Lekukotza horiek itzaletik argitara ateratzen lagun dezaketen “hildako” bizidunak. Gure bizitzak torturatzaileen esku egon ondoren, horien kontrola hartzeko urratsak egin nahi ditugun subjektuak. Bortxatutako gorputzetik hitz eginez, 25 urte geroago ozen esaten dut nire emakume gorputza guda zelai politiko bihurtu zutela. Horren aurka, torturak eragindako ubelduak moretuz, salatuz, kontatuz jarraituko dudala memoria historiko feministari ekarpena egiten.

Suntsitu gintuzten, doktrinak eraiki, Ttotto kendu ziguten, herria izutu nahi izan zuten. Baina zutik diraugu eta ez gara geldituko egia jakin arte. Ttottori, bere etxekoei, ondorengo belaunaldiei eta Euskal Herriari egia zor diegulako.

tortura itzaletik argitara
Jose Luis Geresta, Ttotto
tortura itzaletik argitara

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude