Amama maitea
Amama maitea –
Han zeunden, ospitalean, jaioberria baino ez nintzenean, nahiz eta gauerdia izan. Nire begiek ikusi zuten lehenetariko pertsona izan zinen edo hori behintzat islatzen da egin zenizkidan milaka argazkietan. Oraindik gogoratzen dut larunbat goizetan prestatzen zenidan papilla, nik arineketan jaten nuena platerreko marrazkia ikusi arte, arrosa bat zena. “¡Amama, la flor!” oihukatzen nuenean bazenekien munduko gosaririk onena prestatu zenuela, baita txigortuak arineketan jaten nituenean, eta laranja zukua, eta jogurta eta oro har, gosaltzeko prestatzen zenidan bankete guztia. Orain, sukaldean, janari gutxiago ikusten dut eta hainbat urte pasa dira argazki kamera kaxoi batean utzi zenuenetik. Eta agian ez dizut gehiegi esan, baina eskerrak eman behar dizkizut, amama maitea.
Eskerrik asko amama, nire gurasoak lanez lepo zeudenean hor egoteagatik, ni zaintzeko prest. Mila esker parkean nirekin jolasean egoteagatik, lehengusu-lehengusinekin batera. Eskerrik asko kopetan eman dizkidazun musuengatik, ikastolatik negarrez heltzen nintzenean. Eta mila esker ere hurrengo egunean ni eskolara eramateagatik, aitxitxeren eta zure eskuen artean, babesturik.
Ez ditut sekula ahaztuko zurekin bizitako uneak, batzuk zure argazkietan islatutakoak, gainerakoak gure oroitzapenetan.
Bilboko metroan zuk eta biok egiten genuen bidai luzeengatik ere eman behar dizkizut eskerrak, mundialak ziren eta, metroa hartu eta auskalo zein geltokian jaisten ginen, helburua ondo pasatzea baitzen! Hori soilik, ondo pasatzea.
Ez zait ahaztuko nire urtebetetzean zoriontzen ninduzun era, euskaraz egiteko ahalegina baitzenuen, nahiz eta Zorionak, Sórionak esan. Hala eta guztiz ere ikasten saiatzen zinen eta dibertigarria ere bazen. Badakit harro zaudela euskarari buruz hitz egiten dizudan bakoitzean, zure garaian debekatuta zegoen hizkuntza, orain kaletik entzuten duzulako. Eta hunkitzen zaitu emakumeen eskubideen lorpenak ikusteak, urteetan gogor aldarrikatu zenituzten bidegabekeriak gaur egun ez direlako gure gizartearen parte. Aholkularia, erizaina, sukaldari paregabea, laburbilduz, amona paregabea. Eskerrak eman behar dizkizut hor egoteagatik eta nire inprefekzioak perfektuak iruditzeagatik.
Badakit urteak bete ahala hor segi egingo duzula, nire parean, nire belarriei tiraka, “Sórionak” esaten, baina kostatzen zait ulertzea helduko dela eguna non mahaian leku bat egongo den hutsik. Eta ezikusiarena egiten dut, ez nagoelako prest hori bizitzeko. Baina egun hori heltzen denerako, egon seguru elkarrekin primeran pasa dugula eta nire burutik ez direla irtengo gure oroitzapen kuttunak.
Orain etxean gaude, lehen elkarrekin jostailuekin jolasten genuen tokian. Baina egindako paseoarekin hobe duzu sofan jesartzea. Amets goxoak izan ditut zurekin eta ez dizkit inork kenduko. Hizketan jarraitzen duzu bizitzaz, nik zuri musuak kopetan ematen dizkizudan bitartean. Ez naiz ohartu honetaz, baina ia ordu bat joan da zure eskuei begira. Ez zaitez gelditu inoiz zalantzarekin, zenbat maite zaitudan baitakizu.
Mila esker denagatik amama maitea, zu zeu izateagatik.
Amama maitea
Asko gustatu zait Inhar,zorionak lan ederra!