20 urtez Freddie Mercury gabe
Gaurko egunez, duela 20 urte, nazioarteko rockaren ahotsik onenetakoa betiko itzali zen: Farrokh Bulsara, Freddie Mercury ezizenaz ezaguna, hil egin zen hiesaren ondorioz okertutako pneumonia batek jota. Queen taldeko kantaria azkeneko momentura arte egon zen taula gainean eta pasa den maiatzean BBC 2k emititutako dokumentalean (“Queen. The Days Of Our Lives”), bere azken emanaldia ikus dezakegu.
Benetan merezi du dokumentala ikustea, nahiz eta zenbait momentuan Freddie Mercuryren azken egunetako argaltasuna eta ahultasuna hunkigarria izan. Brian May taldeko gitarra jotzailearen hitzetan, “Freddiek orduak eta orduak ematen zituen makilatzen itxura ona izateko”.
Zurrumurruak isilarazteko helburuz, Mercuryk gutun publiko bat idatzi zuen bere gaixotasunaren berri emanez. Hurrengo egunean, 1991ko azaroaren 24an, hil egin zen 45 urte zituela.
Jarraian ikus dezakezu BBC 2k emititutako dokumental osoa, zortzi zatitan, ingelesez eta gaztelaniazko azpitituluekin. Queenen ibilbide luze eta oparoaren errepasoa egiten du eta orain arte argitara eman ez diren irudiak erakusten ditu. Oso-oso gomendagarria rockaren historian izan den talderik onenetakoaren zalea bazara.
I. zatia
II. zatia
III. zatia
IV. zatia
V. zatia
VI. zatia
VII. zatia
VIII. zatia
Atzo, Carlos Soberak aurkezten duen ‘Atrapa un millón’ saioan galdetu zuten: Nor egin zen famatu lehenago Freddie Mercury ala Fredi Cruger? Lehiakideak bazuen arrastoren bat eta azkenean asmatu zuen, baina dirua Mercuryren laukitxoaren gainean ipini aurretik bere buruari galdetu zion zenbat urte zituen orain Freddiek eta abesten jarraitzen zuen edo ez. Ondoren, minutua amaitu zenean Soberak: “Baina Freddie hil zen, ezta?” eta lehiaketak “Ez”; Soberak berriro: “Orain 20ren bat urte, ezta?” eta lehiakideak Sobera uneari nahita emozio gehigarria ematen ari zatzaiolakoan. “Ez, kia, bizi da”. Ba ez, hil zen zoritxarrez. Gutxienez lehiakideak 5.000 euro irabazi zituen. Talde handia Queen eta konposatzaile eta sortzaile itzela Mercury.