Arte[faktua] 219: Dolores Redondoren ‘Uholdearen zain’ eleberrian ekaitzak pertsonaiekin bat egiten duenean
Arte[faktua] 219: Dolores Redondoren ‘Uholdearen zain’ –
Dolores Redondo (Donostia, 1969) idazlearekin elkartuko da Ilaski Serrano Elizondoko Baztanesa okindegian Uholdearen zain (Erein) eleberri beltzaren inguruan hitz egiteko. 1983ko udan Bilbon jazo zen uholdea da eleberri beltz honetako agertokia. Pertsonaiak, ordea, John Biblia benetako serie-hiltzaile eskoziarra eta haren atzetik dabilen Noah Scott Sherrington fikziozko detektibea dira, Bilbo bera ere pertsonaia bilakatuta, hirurak barruan daramaten ekaitzari lotuak. 83ko uda horretan Galiziatik bueltan trenez zetorren Dolores gazteari iltzatuta geratu zitzaion oroimenean Bilbon gertatzen ari zena. Oroitzapen haietatik eta bere bizitzako beste pasarte, kezka eta jakinmin batzuekin eraiki du aurkeztera datorren liburua.
Redondok, Zuzenbide eta Sukaldaritza ikasketak egin bazituen ere. literaturan egin du bere ibilbidea. Kontaera laburrak eta haurrentzako ipuinak idazten hasi bazen ere, genero beltzean egin du bere ibilbide oparo eta arrakastatsuena, eta Baztango Trilogia da guztien artean ospe handiena eman diona. Erein argitaletxeak ekarri du euskarara haren obra guztia Josu Zabaleta, Koro Navarro, Fernando Rey eta Danele Sarriugarteren itzulpenei esker. Gaurkoan, Sarriugartek itzuli duen Uholdearen zain eleberria izango dute hizpide Redondok eta Serranok.
Horretaz gain, Iban Zaldua idazlearen liburutegia ezagutzeko aukera izango dugu: non idazten eta irakurtzen duen. Liburu, disko eta hiztegi erdi ezkutuz inguratutako gela horretatik kontatuko digu nola sailkatzen dituen liburuak, zer motatakoak diren edo zeintzuk diren irakurtzeko zain dituenak.
Irakurlearen txokoan Ane Ortuberekin elkartuko gara, bera da Mundakako J.M. Etxeita udal liburutegiko liburuzaina, eta egile ezezaguna duen Una mujer en Berlin gomendatzeko aukeratu duen liburua.
Sakanako Mankomunitatetik dator aste honetako booktubea, Edorta Amillanok egina.
Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:45ean, ETB1en
aurreko saioan…
Arte[faktua] 218: Iñigo Martinez Peñaren ‘Pantailen garaipena’, egungo bizimodua ulertzeko saiakera