Gandiagaren azken Ttirrita, Ttirrita mistikoa
Gandiagaren azken Ttirrita, Ttirrita mistikoa –
Ttirrita deklarazioan, 1990.eko otsailean, bere erretiroaren atarian, aitortu zigun Gandiagak formalki handik aurrera urratu asmo zuen ttirritta bizibidea. Gai honen gainean laugarren eta azken artikulua izan nahi duen honetan, ttirritta bizimolde horrek zer ekarri zion azkenik Gandiagari ekarri nahi dut hona.
Indar handiz hasi zuen Deklarazioa. Handik gutxira Hemen dago ttirritta izeneko testu laburrak Deklarazioaren bidetik jarraituko du. Bigarren honetan “hemen dago ttirrita” ahotan hartzea bera (kasu honetan testu-hitzetaratzea), zer eta izenburu gisa, berri emate bat, jakinarazte edo ohartarazte bat baino askoz gehiago da, nire ustetan; aitorpen performatibo deituriko horietarikotzat jo genezake, alegia, aitortutako hori aitortzeaz bat, aitortzen duzun hori aitortu egiten duzu zergatik eta gauza dadin, hain justu. Hortaz, “hemen dago ttirritta” esanda ordutik hara ttirritta bizimoldeko bat izango genuela Gandiaga, edo sikiera bizimolde horretakoa izan nahi zuen bat. Aurreko artikuluetan jada adierazita moduan, ez zen samurra inondik ordura arteko Gandiaga langile, saiatu eta arduratsuarentzat konpromiso horrelakoarekin bat egitea; zalantzak baita baitakoenean, bere barne indar intimoenetatik, eta zalantzak kanpotik, bere komunitate eta inguru gertuenaren presiotik.
Zalantza horiek guztiak uxatu beharrean sentitzen du bere burua Gandiagak, eta, uxatzeaz bat, bere burua zuritu ere, edo etorkizun den bere buru ttirritta hori zuritu eta, horrela, bere bizitza berrirako aurrelana prestatu; eta, hain justu ere, hori guztia lortze alderako bidearen hastapentzat baino ez du izango Ttirrittaren Deklarazioa Gandiagak. Ondorengo “Hemen da ttirritta” abisu bat da, desira bat, konbikzio bezain nahia, orduko hartan ziurrenik nahia bezain ezina. Bizitza-jarrera berri hori zertan den ondo zehaztu nahi du, behar du, irakurleei ez ezik, bere buruari ere bai. Ondo zehaztuta utzi nahi du kontua, besteak beste, berak berorrek gauzatzeko moduko zinezko konbikziotzat senti zezan. Asko zuen handik hara ibiltzeko, eta ez zuen bide errazik izan, askotan bide berria malkartsu samar jarri zitzaion. Barne borrokak oso ohikoak izan zituen. Ordukoak dira Bitorianok Gandiagari eta Gandiagak Bitorianori idatzitako gutun zoragarri bezain zirraragarriak (P.AGIRREBALTZATEGI, Bitoriano Gandiagaren espiritualitate eta inspirazio frantziskotarrak. Ttirrittaren parabola cfr. 69). Gandiaga Ttirrittak kontuak eskatzen dizkio Gandiaga inurriari, Ttirrittarena egiteko aukerarik gutxi utzi diolako:
«Bitoriano, adiskide:
Zenbat denbora daramazu ezer idatzi gabe? Noiztik noizerako «zerbait-txoz» aparte ez duzu ezer idatzi aspaldiotan. Orain zertan galtzen duzu denbora? Ze, denbora galtzen ari zara. Egutegia egunoroko orria galduz doan legez zoaz egunoro, egunak galdu eta galdu. Zenbat orri geratzen ote zaio jada zure bizitzari? Badakit egin beharrekoa den hartan-hortan aritzen zarena, baina lasai al zaude egiten duzun delako horrekin? Hortarako utzi al zaituzte Arantzazun? Egiten duzun hori al da zure egitekorik behinena? Bide eta modu askotatik dakizu zuk, Bitoriano, egiten duzun hori berori ez dela bete-betean zure eginkizun guztia. Seminarioko zeregina oraindik amaitu orduko hasi zinen zeure etorkizuna asmatzen eta prestatzen. Ttirrittaren antzeratsuko izan nahi zenuen aurrerantzean: kantuari emana. Bereziki kantuari emana. Beldur zinen, eta ez alferrik, gauza izango ote zinen beste ezer baino lehen ttirritta izateko, gainontzeko ezertan baino lehen, kantuan aritzeko. Eta bistan dago gaurdaino behintzat ez zarela gauza izan ez jendeari ez paper zuriari esateko: nik idatzi egin nahi dut, nire eginkizun serioenetako bat idaztea dela deritzodalako. Besarkada bat eta besterik ez gaurkoz.
Gandiaga”.
1993-06-15 (Bitoriano, adiskide,)
Azkar batean erantzun zion Bitorianok Bitorianori eta denetariko aitzakiak jarri. Lehia ederra bere barnean zeramana. Bidetik desbideratzen den Gandiaga, kontu eske datorkion Gandiaga, eta aitzakia aitzakiaren gainean diharduen Gandiaga damutua. Ondo zekien Gandiagak bere ttirritta izan moldeak idaztea, oparo idaztea, zuela berezko, zuela eginkizun, hor zetzala, bere kasuan ttirrittaren kantuari eustea. Gandiaga ttirrittak idatzi behar zuen, hori zen bere ttirritta izatea. Honatx bere erantzun-guttuna:
“Bestalde, ezin dut esan idako urteotan lotan eduki dudanik idazteko gogoa. Ezta gutxiagorik ere. Hemen erabili dut barruan zehar jirabueltaka, barruan egoteko baino kanpora irtetzeko [sic] irrika handiagoz. Hala ere barruan eutsi diot. Begira, Gandi, bakoitzak daki bere gabezien berri” (Gandiaga maitea,)
Ikus ditzakegu hortaz bide berriaren zailtasunak. Horien aurretik, horiek suertatu baino lehen guztiz jakitun eta ohartun zen Gandiaga, eta horren adierazgarri bere buruarentzat performatibo bezain terapeutikoak izan nahi duten Ttirrittaren deklarazioa eta Hemen dago ttirritta. Bi testu horietan badago hitz pare bat, beltzez izkiriatuak, oso aintzat hartu beharrekoak: serioa-seriotasuna. Bi hitzek garrantzi handia dute Gandiagarentzat; “serioa” izango da aurrerantzean egingo duen hori, alegia, poesiak idaztea; besteko, egingo duen hori serio izateaz aparte, eta hortaz denbora galtze huts eta alperrik egote huts izango ez denez, “zintzotasunari”, “seriotasunari” lotuta egongo da.
Pixkana pixkanaka joango zen, azkenerako, egoki eta trabarik gabe moldatzen bere ttirritta izatera eta, horren ondorioz, bere bizitzaren azken aldian bake askatasun handi-handira iritsi zen; “Barne-askatasun handira iritsi zen Gandiaga azken aldian; eta San Frantziskoren «alaitasun bete» hartara nolabait: Adierazgarria da gorago aipatua dugun San Frantziskori dedikaturiko «Poz betearen kantika» azken urte haietan konposatu izana” (P.AGIRREBALTZATEGI, 70).
Ttirrittaren Deklarazioarekin batera hasitako bide berriak Gandiaga helmuga mistikora eraman zuen, bere hil aurreko egunetan nabarmen hautemangarria. Bakezko lasaitasun batetik ari zen orduan jada poesia egiten, jada Jainkoarekin identifikatzerainoko poesia. Jarraiko olerki hau horren ezin adierazgarri argiago geneukake (bere buruaz ari zela Gandiaga guztiz usteta dago Sarriugarte (I.SARRIUGARTE, Hitz lauz idazten, 32):
Bazen txori bat
berak ere
kantuan egin nahi zuena.
Mila ahalegin egiten zuen
sentitzen zuen kantu gozoa
kantu-modutzen,
baina etzitzaion kantu zeritzon
ganorazko txio-txiorik
egundo ateratzen
Halere etzuen etsitzen
eta ekinean zion ekiten
asmatzen etzuen kantu-lanari
berak ere kantuan egin nahi baitzuen
Bazen txori bat
mila bat kantu-zirriborro
besterik egin etzuena
Oso zahar egin zen
eta oraindik
bere gustoko txio-txio bat
sortu-gogoz
hiltzen ikusi nuena.
(Izadiminez, 144)
Igor Goitia