Txillardegi gaztearen existentzialismo unamunoar kristaua eta bere antimaterialismoa
Txillardegi gaztearen existentzialismo unamunoar kristaua eta bere antimaterialismoa –
Unamuno izan zuen eragile, hasierako eragile, Txillardegik bere gazte-garaiko existentzialismo ernatu berrian. Noan datozen lerro hauen bitartez sakonago ikustera zer-nola ikusten zuen garai hartan Txillardegik Unamuno, edo hobeki esan, zer-nolako begiradaz bereganatu zuen Unamunoren existentzialismoa. Itzulinguru asko eman nahi ez ditudanez, beharrezko izango dudanetan, zer hobe gai honen gainean beraren berorren hitzak tarteka hona ekartzea baino. Horretarako, Unamunoren Kristautasunaren agonia obra euskaraturako Txillardegiri propio eskatu zioten hitzaurrean hartuko du oin.
Aipatu hitzaurre honetan, lehenengo eta bat, zera aurkituko dugu Txillardegiren iruzkin-hitzetan; Unamunorenean aitortzen duela zinezko, benetako, existentzialismoa. Unamunok Kristorengananzko bidean sentimenean jarri zuen itxaropen guztia, arrazoimenaren mugak eta ezinaren aldean. Aitorkizun honek arazo ugari sortu zizkion Elizarekin, eta, azkenerako, bai Bizitzaren sentimendu tragikoaz, bai Kristautasunaren agonia obrak bere “Indizean” sartu zituzten. Bada, Elizaren zergatiak gora behera ere, Txillardegiren ikusian, obra horiek eta beroietan izandakoaren arrakasta eta eragin ezin ukatuzkoa da motiborik nagusiena “Indizean” sartuak egon daitezen:
“Unamunok ez bizar narratsik, ez eta horrelako itxurarik… Egiazko existentzialista dugu. Eta egiazko existentzialismo hau igaroez baina geure giharra dela uste dut nik. Horregatik bizirik dago gugan Unamuno, eta bizirik dirauelako sartu dituzte “Indize”an bere Bizitza sentimendu tragikoaz eta Kristautasunaren agonia. Oraindik asko irakurtzen direlako, oraindik eragin handia izan dezaketelako” (Kristautasunaren agoniaren Xabier Kintanaren itzulpena, Txillardegiren hitzaurrea, 9 or).
Zin-zinezko existentzialistatzat du Unamuno Txillardegik, bizitzaren sakonetik zirikatu eta zirikatu dabiltzan horietarikoa, eta horren eraginez irakurlea ezbai sakonera lerrarazi; Unamunok horixe bera zioen: “Jendea su eta gar jartzea kontzientziaren betebeharra izan daiteke…eta erein egin behar dira gizonarengan zalantza-bihiak, kezka-minak, baita etsipenekoak ere”. Unamunok kezkatu egin nahi du, kezkatu egin nahi gaitu, zioen Txillardegik. Finean eta buruan, den-dena, are itxura batean hutsala edo huskeria eman lezakeen horrek beharko luke kezkabide izan; Unamunok larriminik gabe nola bizi daitekeen ez du inondik ere ulertzen, gogoraraziko digu Txillardegik.
Txillardegiren esanetan, existentzialista guztiek bezalaxe, “ohiturakeriatik” ateratzen gaitu Unamunok, eguneroko inertziazko abiaren lozorrotik esanarazi nahi gaitu, halako moldez, non bere testuak irakurri ahala piztuko garen eta mundu berbera guztiz bestela ikusiko dugun:
“Kalean ikusi ez dugun zerbait aurkitzen dugu harengan; Jainkoa, arima eta bizi-beharraz elizetan entzun ez ditugun gauza sarkorrak irakurtzen ditugu. Agustin deuna gogoratzen digu orain, Gide sinesgabe segituan. Zer da zorabio hau? Zer da berotasun kiskalgarri hura? Unamuno da. Nietzschek adina hunkitzen du. Kierkegaardek adina inarrosten du. Liriko sakona da. Olerkari da.” (Kristautasunaren agoniaren Xabier Kintanaren itzulpena, Txillardegiren hitzaurrea, 14 or.)
Minduta uzten du irakurlea, zioskun Txillardegik, zera azpimarratuta; Unamunoren ustez, gizakia, arrazoia bainoago, bihotza da, eta berak bihotzari hitz egiten dionez gero, eragin bizia lortzen du. Hor ikusten dizkio hain justu arriskua zein bertutea Txillardegik, eragile aparte bezain beldurgarria izate horretan hain justu.
Unamunoren ekarpen morala zein filosofikoaz harago, edo are dimentsio horiek bazter utzirik, bere espiritu zaletasuna da bereziki Txillardegik miresten duena (Kristautasunaren…, Txillardegiren hitzaurrea cfr. 15):
“Izpiritutzale guztizkoa dugu Unamuno. Gure giroa berriz, gaikoia. Fubola dela, dirua dela, negozioak direla… ez bide dago arimarik. Ez esan arren, elizak beteta daudenik. Barkatu, baina ez dakit nik asko zertarako joaten garen mezetara. Gaia bide dago, eta ez besterik. Noiz entzun duzue zuek kalean Jainkoaz hitz egiten? Mintzagai bezala bai, beharbada txolartea aiseago pasatzeko agian; eta hau ere, segur aski, ez asko-askotan. Jainkoa, arima, biziaren adikizuna eta abar, apaizek hitz egiteko arazo bereziak bide dira. Eta ni neu ere, hau esateagatik, guztiz harrigarri natzaizue guztioi. Ez al da hala? Eta, zergatik? Giro gaikoia baino gaikoiagoa dugulako, arima eta berari dagozkion arloak gure bizimodutik at daudelako, materialista gogorrak garelako” (Kistautasunaren..., Txillardegiren hitzaurrea 15)
Gogorrak, astintzaileak, harri eta zur uzteko modukoak Txillardegik Unamunori luzatzen dizkion miresmen hitz hauek. Nork esango zukeen horren minbera zitzaionik bizi zuen giro materialista hutsa; “materialismoak josita gaude. Eta hau galdetzen dizuet: Unamuno kaltegarri izan badaiteke, zer da gure giro gaikoi nazkagarri hau?” (Kristautasunaren…, Txillardegiren hitzaurrea 16). Izanez ere, orduko hartan bere mundutik, eta areago ere horren ondoren bere munduaren bilakaera politikotik guztiz irentsiezin, guztiz onartezin, iritziko zizkieketen materialismo hutsari, Unamunoren harira, Txillardegik luzatutako honelako kritika-hitzei, esango nuke nik. Izanez ere, materialismoaren kritikaren baitan eta bizitzaren benetako sakontasunaren bila ibiltze horren baitan ulertu behar ditugu Txillardegiren Unamunoren existentzialismoarekiko miresmen hitzak:
“Taigabe mintzatzen zaigu gure etorkizunaz, taigabe bizitzaz eta heriotzaz, taigabe gizonari dagozkion arloez. Beraz, gure giro txar honetan jaso egiten gaitu, gu baino gorago baitago. Eta alde honetatik, ezin uka dezake inork oso-oso egokia dela. Suspertu egiten digu bihotza, urduri utzita. Lozorro eta gezurraren bidez lortuko bada bakea, ez du ezertarako nahi; eta sasibake hau hiltzeko asmotan dio: <<Bakea! Bakea! Hala egin dute korroka gure zingirako igel eta zapaburu guztiek>>” (Kristautasunaren…, Txillardegiren hitzaurrea 15).
Azkenik, eta lerro hauenari buru emate aldera, bere hitzaurrearen azken aldera badaude Txillardegiren hitz batzuk oso adierazgarriak iruditu zaizkidanak. Beraietan gorago jada ezin argiago geratu den Unamunoren existentzialismoaren bere zaletasuna berriz ere azpimarratzeaz batera, Unamunori egotzi eta egotzi egiten dioten hereje izatea zuritu nahi du Txillardegik, leporatze-gaitzespen horretatik libratu nahi du Unamuno. Txillardegiren azken hau ez da ustekabean pasatzen uztekoa. Izanez ere, Unamuno zuritu nahi izate horren bidez zera jartzen du agerian Txillardegik; balorean jartzeko modukoa hartzen duela nolabait edo beste hereje ez izatea, eta horregatik hain justu ere zuritu edo errugabetu nahi du Unamuno, kasu honetan bere ekarpen guztia aintzat harturik, eta bide batez, zergatik uka, bestelako formapeko kristau fede moldearen alde eginda:
“Batzuetan heresea dugu Unamuno bai. Baina zer dira inguratzen gaituzten gaikoi amorratu horiek? Zer dira lagun hurkoarekiko maitasunaz arrastorik ez dakitenak? Eta beren etekinei baizik begiratzen ez dieten horiek, zer dira? Hereseak baino kondenagarriagoak ez al dira kristautasunarentzat? Gaur berekoikeria nagusi dela-eta zer ote txarragoa?” (Kristautasunaren..., Txillardegiren hitzaurrea 15-16).
Igor Goitia
Txillardegi gaztearen existentzialismo unamunoar kristaua eta bere antimaterialismoa Txillardegi gaztearen existentzialismo unamunoar kristaua eta bere antimaterialismoa
Eskerrik asko Txillardegiren alderdi hau erakusteagatik.
Aspaldian irakurri nituen Leturiaren Egunkari Ezkutua eta Peru Leartzako eta banenkusan Txillardegirena ideologia jakin bat baino (zenbait arloetan ondo zehatza izan arren) inkonformismoa suspertzea zela bere helburu nagusia, euskal literatura-munduaren urak piskatxo bat astindi zitezen munduari buruzko galdera handien harretarekin. Eta Goitiak aipatu hitzaurre horretan argi ikusten dugu materialista autokonplazienteak zituela batipat begi puntan.