Txillardegi eta Jainkoa

Txillardegi eta Jainkoa – 

Jose Luis Alvarez Enparanza “Txillardegik” agnostikotzat jotzen zuen bere burua, nahiz-eta tonalitate eta ñabarduraz ezberdinez bere bizialdian zehar, ikusi ahal izango dugunez, baina betiere agnostikotzat eta ez ateotzat jo ohi zuen bere burua. Ikustagun, dena den, agnostizismo barrukotzat jo beharko litzatekeen jarrera hau zer-nola joaten den aldatuz Txillardegirengan urteetan aurrera egiten duen heinean.

Berarengan agnostizismoa gardenen, argien, bere gaztetasunean, 25-27 urte inguruko adin-tarte horretan hain justu, ematen da, ezin uka. Orduko horretan, Leturiaren egunkari ezkutua bere eleberriak existentzialismoa gure euskal mundura ekarri eta berorretan bete-betean sartu gintuen. Nobelaren kontu soil baino ez zela, berau girotze alderako hautu literario huts bat baino ez, eta hortaz berenez bere buruarekin loturiko deusik ez zela pentsa lezake baten batek baino gehiago. Ez du ematen baina horrela denik; izanez ere, berak berorrek, gerora, gazte-garai hartako bere sinismen eta jarrera existentzialistaren berri ematen digu: “Leturia idatzi nuenean oraindik kristau existentzialistatzat nuen neure burua…, eta segidan, ezari-ezarian, agnostizismora jo nuen” (TXILLARDEGI, Hitza hitz, 131). Gandiagak berak ezagutu zuen Txillardegi eta existentzialistatzat jo zuen Txillardegi donostiar gaztea (S.GARTZIA TRUJILLO, Hamaika literato eta Jainkoa, cfr. 428):

GIZON begi-gorritu,
gizon jagi-zale,
gizon griñen-katigu,
gizon miñez-bete,
Gizon…

Zeuk legez daukat
arima gartsu bat
Zeu legez nekatzen naz
muga leun baterantz.

Gorputza, zur ta burdin.
Ariman indarra.
Bien artean, beti,
zerbait, kirri-karra.
Etzan izan koipea
jan genuen sagarra
Lander doa itxasoan
gure ontzi sorra. (B.GANDIAGA, Elorri, 180-184 or.)

Ikus dezakegu, hartaz, bere ahotik beretik, Txillardegik bere egiten zuela Leturiaren egunkari ezkutuan ikusi ahal izan genuen existentzialismoa. Noan orain eleberri horren hainbat puntu aztertzera. Berorretan ezin uka existentzialismoaren kutsua, honen markak argiak dira, Gartzia Trujillok oso ondo jasotzen duenez (S.GARTZIA TRUJILLO, cfr. 429-430):

-Hasteko eta bat, bizitzarekiko, existentziarekiko kezka oso nabarmena da: “Kezkatzen ez diran izakiekiko bekaitz-giro bat sentitzen dut barnean batzuetan. Haien bakea!” (Leturia..., 24 or.).

Pesimismo eta ezkortasunerako joera eta bulkada: “izatearen zoritzarra…nezkez azal diteke munduko alaitasuna: oso ez delako, noski, ez gaitu sakon unkitzen… Zorion irritsa mundu onetan asetzerik ez dagoela…Frakasoa da munduaren eusle andiena. Eriotza esan nuen aurtemein; frakasoa gaur” (Leturia… 74, 82, 102 or).

Zoriontasun gose asezina: “Zoriona nai dut, nere biotz mundiak zoriona bear duelako. Zertara datoz bestelan ere bizigura ta boitz-lilurak deuseztatzea baño beste irteerarik ez ba dute…?” (Leturia…, 25 or.).

Hautamenaren, aukeramenaren kontua…geure bizitzan zeharreko hautu inportanteetan sarri askotan falta dugun oinarri sendoa: “aukeramenean bai-datza gizonaren izana. Eta ni beldur aukeratzeko” (Leturia…, 28 or.).

Esandako hau guztiau antzematen diogun existentzialismoari dagokionean, berau bere orokorrean harturik, baina urrats bat ere eman genezake, eta bere eleberri honetan existentzialismo erlijiosotzat-edo jo litekeen hori ere aurki daitekeela ikusi, eta “absolutuarekiko guztiz zabalik legokeen hori” aurkitu:

-Gartzia Trujillok azpimarratzen duenez, “Zerubidea” da narrazioaren hari edo ardatza, hasi eta buka, nobela osoan zehar agertzen zaizkigu horren astarrenak: “bakarrik nago Zerubiden” (Leturia… 21 or); “Zerubideko parkea dut, nonbait izatekotan, nere zeru-bidea. Hemendik aurrera onera etorriko naiz” (Leturia…, 25 or.).

Absolutua du zinetan kezkagi eta intereseko Leturriak, benetan absolutua den hori, eta ez kontingentea, iragankorra: “Ederraren mundua”… (Leturia… 23 or.); “Betikotasuna” (Leturia…, 39 or.); “Maitasuna” (Leturia…, 35 or.).

Absolutu horren harira, nobelaren hasieran behintzat, Jainko aipamenik ez dagoela aitortu behar da. Baina azkenerako agertzen da berori, eta Jainkoa aurrez absolutuarekiko egindako aipamenekin estuki lotuta sentitzen du: “Argi ikusi dut gaur, eta biotz-utsunearen sustraiari igarri diot: Jainkoaren egarria da gizonaren zorio-miña” (Leturia…, 117 or.).

-Eta, azkenik, eleberriaren une gorentzat-edo jo genezakeen, “neguan”, “udazkenean”… Jainkoa, fedea, bizi-iraupena narrazioaren gai kasik bakarrak izatera ailegatzen dira.

Orduko hartan, bere gazte-garian, Txillardegik, Jesusen ebanjelioaz gain, punta-puntako teologoak oso ondo ezagutzen ditu (Theilhard de Chardin, Lubac, Congar…) (S.GARTZIA TRUJILLO, cfr. 427); handik gutxira, budismoarekiko interesa ere antzeman ahal izango dugu Elsa Scheelen (1969) bere eleberrian. Dena den, pixka bat berriz ere atzera eginez, bere hasierako existentzialismoaz, existentzialismo kristauaz hein handi batean, eta kristautasun zein bere teologo gailenez orduko hartan berak berorrek zer zioskun jakite aldera, honatx jarrian bere hitzak 1965.ean:

“Egiazko kristauak exazola behar du muduarekiko, antsiagabeki begiratu behar ditu munduko itxaropenak. Ongi dio Congar-k, huni buruz: Apostoluen izkiribuek, eta Ebajelioek ere berdin, kristau izatearen eta predikatze libroaren kezka erakusten dute, bai, baina kulturarekiko, politikazko edo sozial legeekiko, aberastasunarekiko eta txirotasunarekiko, axolagabetasun sakon bat erakusten dute. Edota Leclerq-ek: Kristo ez da soziedadeaz arduratzen, eta ez denboretako baloreez ere. Arimaz ari da… Ni behintzat, gure arteko munduan garaitu-nahiak eta teknikariaren izurriteak hinguindurik, hortan nago…” (TXILLARDEGI, Huntaz eta Hartaz, 7-16 or.)

Hau guztiau esan eta gero, ezin dugu esan hastapenetako harako Txillardegi horrek, existentzialista edo kristau existentzialista zen horrek, gerora eutsi zionik bere ustekizun molde honi. Nahiz-eta gerora ez zuen oso maiz aritu  gai hauen gainean, nahiz-eta ondo badakigun gerora Txillardegiren proiekzio publikoan beste dimentsio batzuk gailendu zirela, hala nola, nazioa eta hizkuntzalaritzarekiko kezka eta konpromisoa, lasai pentsa dezakegu hasierako sinismen eta pentsaera horretatik erabat aldendu zela. Halere, eta esandako hori horrela ere, ez dut uste inoiz erabat itxitzat utzi zuenik Jainkoaren misterioarekiko zalantza. Bere bizitza osoan zehar agnostizismoari eutsi zion beti, esango nuke nik, nahiz-eta bere agnostizismoa tonalitatez aldatuz joan zen oso, hasiera batean sinestuna izatetik oso gertu egonda, eta azkenean ateismotik oso gertu. Horren harira, eta bukatze aldera, hona hemen 2010.ean Gartzia Trujillok egin zion elkarrizketa batean berak aitortutakoa:

“Zu zela, sentitzen zara, ateo ala agnostiko?… eta berak erantzun: agnostiko baina ateismotik oso hurbil nago. Ia esan dezaket ateoa naizela” (S.GARTZIA TRUJILLO, 427 or.)

Igor Goitia

 

Txillardegi eta Jainkoa

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude