Mende erdi geroago, antropofagia ez dago zalantzan

Mende erdi geroago, antropofagia ez dago zalantzan –

Amatiñok, bere blogean.


Komunikazio aldetik balantzarik egitekotan, mende erdi geroago esan daiteke Andeetako hegazkin-istripua ez genuela gaur egun gogoan izango biziraunleek zer jan zuten jakin izango ez bagenu (1), nahiz orain eztabaida antropofagiaz ez izan… maskulinotasunaz baizik.

Gogoan dut (2) 1972ko urriaren 13an Andeetako alderdi galduren batean izan zen istripua, non 45 (3) lagun zeramatzan hegazkinak norabidea galdu eta 4.200 m. inguruko gailur elurtua jo zuen. Hamar egun geroago, galdutzat eman eta kitto. Askoz ere sonatuagoa gertatu zen 72 egun geroago, abenduaren 22an, hainbat bidaiari bizirik agertu izana. Eta nabarmen oihartzun handiagoko albistea, berriz, hiru egunetara egunkariek emandako datua, alegia, 16 biziraunleek hildako lagunen haragia jan zutela (4).

Mende erdi geroago, antropofagia ez dago zalantzan
1972ko egunkaria

Ezelango filmetan agertu ez arren, lehen prentsaurrean kazetariok jakin nahi izan zuten biziraunleok zer jan ote zuten hamar astebetez indarrean irauteko. Erantzuna, motza bezain argia: “Gazta asko eta zenbait belar-mota”. Beldur edo lotsa ziren, nonbait, egia aitortzeko, bekatu larria-edo zelakoan. Inork ez zien sinetsi, ordea, eta, susmoa sumo, zientziak ez baitzuen beste aukerarik ematen, bi egun geroago “El Mercurio” egunkariak argitaratu zuen argazkia, non “erdijandako giza-oina” hegazkin alboan  ikusten zen nabarmen.

Hegazkinean zihoazen 45 lagunetatik (5), hamasei kidek lortu zuten bizirautea. Adituen ustez, lortu omen zuten bizirik jarraitzen asmatzea, besteak beste, gazteak, kirolariak (6) eta goimailako ikasleak (7) zirelako. Baina, hori guztia horrela izanik, batez ere hamargarren egunerako konturatu zirelako, biziko balira, haragia (koipea, proteinak, karbohidratoak…) jan behar izango zutela, eta ez edozein haragi. Filmean aipatu ez arren, berehala jabetu ziren giharra ez ezik, “barrukoak” (errailak eta) ere jan behar izango zituztela. Baita kaltzioz elikatzeko hezurrak urratu eta xehetu ere.

Denak ziren fededunak, katoliko praktikatzaileak, eta hartutako erabakia zuritzeko arrazoiak gehiago izan ziren erlijiosoak (8), etikoak edo moralak baino. Gainera, behin erabakia hartuz gero, badirudi euron haragi-jana gehiago izan zela eguneroko errutina anekdotikoa, buruhauste traumatikoa baino. Zaila da egungo gizarte europar laikotik duela mende erdiko hegoamerikar giro katoliko hertsia ulertzea, baina orduan ere, bertako hainbat egunkarik “Que Dios los perdone” orroa egiten zuten bitartean, Paulo VI. Aita Santuaren barkamena jaso zuten, Jainkoak zer egingo zain geratzeke.

Aipatu ere ezer gutxi aipatu dira, hain une larri eta latzetan (hamar astebete hegazkin izoztu barruan) normal asko gerta zitezkeen eztabaidak, iritzi kontrajarriak edo ezinbesteko haserreak.  Antza, denon artean izandako maltzurkeriatxo bakarra euretako baten proposamen berezia izan omen zen, alegia, aurrenik pilotua jateari ekitea “hona ekarri gaituen erruduna delako”. Umore beltza, beltzik bada.

Hala ere, mende erdi geroago, Juan Antonio Bayonaren filmak ez du antropofagiaz eztabaidarik txikerrena ere sortarazi. Orain lagunarteko solasetan zein sareetan aipatu ohi dena protagonisten maskulinitatea da, euren enpatia eta emozio falta, familiarekiko gogorapen urria, emakumeen ikuspegirik eza, nork bere burua salbatu beharra eta kitto,

Mende erdi geroago, antropofagia ez dago zalantzan
72 egunetan galdutzat jo ostean, bertaraino heldu zen lehen erreskate-hegazkinak atera zuen aurreneko argazkia.

1) “Viven!” lehen liburua, zeharo arrakastatsua, denok irakurri genuena, 1974ean argitaratu zen. Geroztik, beste seiren bat liburu atera dira. Lehen filma, 1993an; eta orain, berriz, 2023an, “La sociedad de las nieves” ingelesez ez diren Oscar sarietara Espainiak aurkeztuko duena.

2) Ordurako ezkondua eta bi seme-alabaren aita.

3) 40 bidaiari eta 5 eskifaia-kide.

4) Horrela aipatu zen arren, kanibalismoa da inor hiltzea bere gorpua jateko. Eta hilak jatea, ostera, antropofagia.

5) Istripu unean hil ziren 13 eta, egun berean, beste 5. Hamar egun geroagoko elurbiziek 8 eraman zituzten eta, ondorengo eguneta,  indarge hil ziren 3.

6) Old Christians Club, rugby taldea.

7) Medikuntza eta ingeniaritzako unibertsitariak.

8) Azken Afarian Jesusek bere haragia eta odola banatu zituen apostoluen artean. 

Mende erdi geroago, antropofagia ez dago zalantzan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude