23. KORRIKAk ibilbidea ezagutarazi du

23. KORRIKAk ibilbidea ezagutarazi du –

korrika 2323. KORRIKAren ibilbidea ezagutarazi du, gaur, AEK-k. Edizio honetan, euskararen aldeko ekimen erraldoia Irundik aterako da martxoaren 14an, eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Baionan amaituko da, martxoaren 24an. Ibilbidearen xehetasunak KORRIKA aplikazioan azaldu dira esklusiban, eta bertan zein webgunean kontsulta daiteke nondik igaroko den 2.700 kilometroko lasterketa. Kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko da.

Ohiturari jarraikiz, aurreko KORRIKA amaitu zen herrialde berean hasiko da oraingoa: Gipuzkoan, hain zuzen ere. Aurkezpen-egunean iragarri bezala, Irunek emango dio hasiera, eta bertako San Juan plazatik abiatuko da, arratsaldeko lauretan. Lehendabiziko egunean, Gipuzkoa eta Lapurdi artean ibiliko da KORRIKA, eta azken lurralde horretan arratsaldeko bostak pasatxo sartuko da, Hendaiatik. Hala, Lapurdin emango du lehendabiziko eguna, eta bertan egongo da ordu txikiak arte, Nafarroa Beherean murgildu arte, Donoztiritik. Gau berean, Zuberoara igaroko da eta, bertako hiriburua zeharkatu ondoren, berriro itzuliko da Nafarroa Beherera.

Martxoaren 15ean, ostirala, Nafarroara egingo du jauzi KORRIKAk Azkarate herritik, eta bertan emango du asteburu osoa. Bortzirietatik hasita, Pirinioak izango ditu helburu, eta handik hegoaldera egingo du, Iruñera arratsaldeko bostak eta laurdenetan heltzeko. Hiriburua utzita, Erriberako norabidea hartuko du; gero, iparralderantz egin eta, Lodosa zein Lizarra atzean utzita, Arabako lurretan sartuko da Mendialdetik.

Martxoaren 18an, beraz, Araba aldez alde zeharkatuko du, eta Gasteiza arratsaldeko zazpi eta erdietan ailegatuko da. Hala, gaueko hamarretan, Arabako hiriburuko alde zaharraren txanda izango da KORRIKAri harrera egin eta jarraipena emateko. Ondoren, Lautadara abiatuko da, goizeko ordu bietan bere herriburura, Agurainera, helduta. Ordurako, martxoak 19, asteartea, izango da, eta egun horretako egunsentiarekin batera utziko du KORRIKAk Araba, Nafarroako Sakanan sartzeko, Ziorditik; Altsasu, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Irurtzun… eskuz esku ibiliko da lekukoa, eta Gipuzkoa izango da hurrengo herrialdea.

Leitza eta Goizueta atzean utzirik —azken herri horretatik KORRIKA ez zen igaroa 2009tik—, Hernanitik sartuko dira korrikalariak 20:20 aldera. Hortaz, aurreikuspenek kale egin ezean, martxoaren 20ko asteazkena izango da lasterketa Gipuzkoako kostaldera heltzerako; gaueko hamabiak aldera iritsiko da itsasertzera: ordurako, Oriora helduta egongo da, ondoren Zarautz eta Zumaiara jarraitzeko asmoz.

Tipi-tapa! Atsedenik hartu gabe, Debagoiena izango da hurrengo helmuga, handik Debabarrenera jarraitzeko: Bergara, Elgeta, Eibar, Elgoibar… Goiz osoa Gipuzkoan eman eta gero, Mutrikuk esango dio “hurrena arte” egun eta lurralde horietan, 14:11n.

Bizkaiko kostaldetik asko aldendu gabe ibiliko da ondoren: Ondarroa, Lekeitio, Elantxobe… Gernikan 23:04an agertu arte. Itsasaldetik berriro ere gehiegi urrutiratu barik, martxoak 21, osteguna, izango da Bermeora heldutakoan, gaueko 01:31n. Egun horretan ailegatuko, bestalde, Bilbora, ia bostetan puntuan: 16:59an. Ondoren, Ezkerraldea zeharkatu du, eta, gerora, Meatzalde eskualderantz joko du, non 23:15 eta 02:00 bitarte ibiliko den.

Hurrengo eguna ere, martxoak 22, Bizkaian emango du KORRIKAk, nahiz eta une batez Araban sartuko den, Artziniega eta Aiaraldea bisitatzeko. Otxandio izango da Bizkaiko azken herria, dagoeneko, martxoak 23, larunbatean, 00:12an. Asteburua helduta, iparralderantz joko du beste behin, Goierritik igarota, azkenik, Donostiara heltzeko 19:22an.

23. KORRIKAren azken orduak Gipuzkoatik Lapurdirako bidean izango dira, Nafarroara zertxobait sartuta: Oiartzun, Lesaka, Bera, Sara, Senpere, Biarritz, Angelu… Igandeko gau eta goizean zeharkatuta, Baionarat iritsiko da azkenik, eguerdian, 12:30ak aldera. Mezua irakurriko dute ondoren, eta amaierako jai handia 13:30etik aitzina dago aurreikusia.

.

KORRIKA aplikazioa

Aurtengo nobedadeen artean, KORRIKA app-a da aipagarriena; aurreko ediziotik hona, guztiz itxuraldatuta dator: hainbat atal berri ditu; adibidez, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan,. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen artean egiten diren zozketak (eta, noski, irabazleak) erakusten dira bertan.

Ibilbideari lotuta, arestian aipatu bezala, aplikazioak beste inon baino lehenago ikusteko aukera eskaintzen du, eta, hori gutxi ez balitz bezala, KORRIKA zuzenean jarraitzeko aukera ere emango du: furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute KORRIKA aurrerapenez ala atzerapenez datorren; hots, aplikazioaren erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izango dute nondik dabilen lasterketa. Horri lotuta, interesgarria da jakitea bilatzaile aurreratua duela: erraz ikusi ahal izango da non dagoen edozein herri, eskualde edo/eta kilometro.

Amaitzeko, aplikazioak aukera ematen du KORRIKAren inguruko jakinarazpen eta eta jakingarri garrantzitsuenen berri jasotzeko —orain arteko gertaerak, aurkezpena, abestia, ibilbidea…—. IOS zein Android bertsioentzat dago eskuragarri, eta lasterketa bitartean gerta litekeen edozein gorabeherari buruz ere informatuko du.

Ibilbidearen xehetasunak KORRIKA aplikazioan azaldu dira esklusiban

23. KORRIKAk ibilbidea ezagutarazi du

23. KORRIKAk ibilbidea ezagutarazi du

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude