Injustiziaren aurrean greba beste biderik ez dago
Injustiziaren aurrean greba beste biderik ez dago –
Ajuria-enetik kanpo prekaritatea gero eta larriagoa da eta aberastasunaren banaketak okerrera egin du, gero eta injustuagoa da; honi buruzko bi datu: duela bi urte kalkulatu genuen zenbat langilek zuten aldi baterako kontratua edota hilean 1.200 eurotik beherako soldata. Bada, Urkullu Lehendakariaren Erkidegoan 407.300 lagun ziren, gehienbat emakumeak. Beste datua, EAEko soldatapekoen ordainsaria: 1985. urtean BPGaren %55,5a zen, eta 2017an %47,39raino murriztu zen; aitzitik, enpresen soberakin gordina epe berean %37,84tik %42,21eraino handiagotu zen. Hau da, aberastasuna gero eta modu injustuagoan banatzen da, eta lan merkatua prekarizatzen ari da.
Haatik, esaten dugunean enpresen etekinak hobeto banatu behar direla, justizia areagotzeko, erantzuten digute ez dela unea. 90.etako hamarraldian patronaleko arduradun batek esaldi batean honela laburbildu zuen kontua: “lehenik behia gizendu behar da; gero emango du esnea”. Alabaina, esnea inoiz ez da iritsi; horixe adierazten dute goian aipatutako datuek. Solaskide berak, behin erretiratu zenean, esan zigunez, “gurekin zaila zenuten, baina hauekin (Confebaskeko egungo arduradunekin) ezinezkoa izango duzue”. Azken 20 urtean lotura zuzena dago egindako greba kopuruaren eta lan-hitzarmenen berrikuntzaren artean; greba gehien izan diren urteetan hitzarmen gehiago berritu dira eta lan-baldintza hobeak lortu. Baina behiak esnea emango badu jetzi beharra dago; gure jezteko tresna grebak dira.
Jarrera autoritarioak ez dira soilik enpresa pribatuetan ikusten. Joan den urtean negoziatzen saiatu ginen Eusko Jaurlaritzarekin eta EAJ zein EH Bilduko Madrilgo talde parlamentarioekin Estatuko aurrekontuen legetik ken zezaten soldata publikoen inguruko inposizioa eta lan-eskaintza publikoei ezarritako mugak. Ez ziguten jaramonik egin. Sektore publikoan bi greba egun deitu direnean, eta soilik orduan, hasi dira urratsak egiten; horren seinale, EAJk eta PSOEk Pedro Sanchezen inbestidurarako sinatu zuten akordioa (berau nahikoa ez izanagatik ere). Areago, Lehendakariak ELAri bilera egiteko aukera behin eta berriz ukatu izan dio.
Lehendakariaren eta zenbait analista ekonomikoren ustez lan-gatazkak arazo larria dira, duten politika ekonomiko bakarrari erasaten diotelako. Zein da politika hori? Multinazionalekin bertan goxo egitea hona inbertsioak ekar ditzaten eta otoitz egitea, ea “esnea ematen” duten. Ekonomian interbentzio publiko ezak, kapitalaren gaineko zerga jaitsierak edota Kutxabanken pribatizazioak eragin du atzerriko multinazionalekiko eta putre-funtsekiko menpekotasuna gero eta handiagoa izatea eta zenbait sektore industrialetan monokultibora hedatzea, esaterako automozioan, zeina birmoldaketa gogorrean sartuta dagoen. Berdin da industrian eskulanaren gastua batez beste %15era ere ez iristea: Lehendakariak nahi du izugarrizko etekinak lortzen ari diren enpresetan gu isilik egotea eta ontzat ematea soldatak KPIz beheiti igotzea.
Greba da langileek, batik bat emakumeek, tematuta eta gotortuta dauden enpresario eta politikariei ematen dioten erantzuna. ELAn langile-klaseak pairatzen dituen injustizia gero eta handiagoak aztertuta, erabaki dugu gure esku dagoen guztia egitea haiei aurre egiteko; horregatik hobetu dugu ahal bezainbeste geure Erresistentzia-Kutxa. Beste erakunde batzuek erabaki dute gizartean gauzak baretzeko daudela. Aldiz, ELAn ebatzi genuen gure eginkizuna ez dela pobretze prozesua laguntzea, baizik eta lantokietan haren kontra egin eta gizarte-eredu alternatibo bat eskaintzea.
Jakina, estrategia hori hutsala izango litzateke greba egiteko prest inor ez balego; bizi-baldintzak hobetzeko borrokarako prest dagoen jenderik ez balego. Horixe da, hain zuzen, Lehendakariaren arazoa; horregatik geratu da gizarteko sektore zabaletatik hain aldenduta. Ez da konturatu bera ordezkatzen duen gizarteak, jendeak, esplotazioa ez duela lasai onartuko. Lehendakaria harro egon behar litzateke, ELA dagoen bezalaxe, langileek -batez ere emakumeek- ez diotelako prekaritateari eta pobretzeari men egiten.