Kritika Zinematografikoa: “Fallen Leaves”

Kritika Zinematografikoa: “Fallen Leaves” –
Kritika Zinematografikoa: "Fallen Leaves"

Zuzendaria: Aki Kaurismäki
Urtea: 2023
Herrialdea: Finlandia

Kritika Zinematografikoa: "Fallen Leaves"-Maitasunak irauli dezake mundua-

Robert Bresson maisu frantziarraren arrastoari jarraituz, eta garbitasun formalaren aldeko apustua eginez, gutxiengo elementuez soilik baliatzen da Aki Kaurismäki bere istorioak kontatzeko -behar beharrezko hitzak, keinu zurrunak, begirada neurtuak-; baina gure bihotzak berotzeko beste erregai daukate bere filmek. Bada, urte bukaerarekin batera iritsi da zinemazaleok hainbeste espero genuen harribitxia, 76. Canneseko Zinemaldian epaimahaiaren sariarekin aitortu zutena. 81 minutu besterik ez du irauten zinemagile finlandiarraren lan berrienak, pentsaezina gaur egungo zinemagintzan, baina mamia du; kontatzeko asko, eskertzeko gehiago. Negua bezain hotza da FALLEN LEAVES tragikomedia poetikoa, baina bere txikitasunean handi egiten da.

Gizarteak baztertutako eta zapaldutako gizabanakoak dira Kaurismäkiren pertsonaiak, galtzaileak. Gainera, bere lan arrakastatsuenak bezala –Le Havre (2011) eta The Other Side of Hope (2017) kasu-, portu-hiri batean girotuta dago, Helsinkin, non rock musika, alkohola, eta zigarroak ez diren sekula faltako. Ansa (Alma Pöysti) eta Holappa (Jussi Vatanen) dira protagonistak, supermerkatuko eta metal-fabrika bateko langileak, hurrenez hurren. Karaoke batean -non bestela!- begiradak gurutzatu ostean, ezusteko haize-ufada baten ondorioz gizonak galdu egingo du emakumearen telefono zenbakia, eta zorigaitzak aginduta berriz elkartu ezinik arituko dira hiriko kale apal eta arrailduetan barrena.

Langile-borrokaren alde agertu baino, dutenari eusten konformatuko dira Ansa eta Holappa; diruzaleak izan ordez, bizitza aurrera ateratzeko lan egitea dute anbizio bakar, nahiz eta patuak fabore hori ezetzi. Handinahirik ez Kaurismäkiren antiheroi erromantikoetan. Hala, Shadows in Paradise (1986), Ariel (1988) eta The Match Factory Girl (1990) filmek osatutako proletalgoaren trilogiarekin bat egiten du FALLEN LEAVESek, bi protagonistak prekarietateak itotako langile umilak baitira, bortizkeria sozialaren lekukoak. Bata zein bestea kaleratu egingo dituzte, lapurreta eta mozkorraldia egotzita, baina elkar ezagutzeko ilusioa itxaropen-izpi bat izango da haientzat.

Istorio arrunta badirudi ere, aurretik egindakoaren enegarren birplanteamendua bada ere, erabilitako formulak iraungipenik ez du, izan ere, istorio kontalari gutxik dute emozioa eta zirrara transmititzeko finlandiarrak adina gaitasun. Funtsean, oinarrizko ideia bati bueltaka arituko zaigu FALLEN LEAVES: bota ditzagun nagusiak pikutara, eta izan gaitezen zoriontsu. Langile-klasearen duintasunak ehuntzen du Kaurismäkiren filmografia guztia, eta bere azken pelikula izan litekeen honetan (erretiratzeko asmotan dela aitortu du, aurretik ere hala egin izan duen arren) are indartsuago errepikatuko digu aldarria: langile soilek ere badute maitatzeko eskubidea.

Oztopoak nonahi aurkituko dituztelarik, bizitzak ezetz diotsenean, eta hor kanpoan mundua sutan badago ere -irratiak Ukrainako inbasioaren berriak dakartza uneoro-, bikote protagonistak elkar maitatu besterik ez du nahiko. Eta pobrezian murgilduta, amets egiteko bidea zein den erakutsiko digu Kaurismäkik: zinema. Finlandiarrak horrenbeste estimatzen dituen film eta zuzendariei egindako erreferentziaz jositako dago FALLEN LEAVES. Lagun-min duen Jim Jarmuschen The Dead Don’t Die (2019) ikustera gonbidatuko du Holappak Ansa, eta Bresson, Jean-Pierre Melville, Luchino Visconti edota Jean-Luc Godarden pelikulen kartelez apainduta egongo da aretoa. Are, gizonak emakumearen telefono zenbakia galduko duenean bertara bueltatuko dira aldiro, norbere ekimenez, behin zoriotsu izan ziren aterpean maitea itxarotera.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Fallen Leaves"

Kritika Zinematografikoa: “Fallen Leaves”

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude