Kritika Zinematografikoa: “Dance First”
Kritika Zinematografikoa: “Dance First” –
Zuzendaria: James Marsh
Urtea: 2023
Herrialdea: Erresuma Batua
Samuel Beckett literatura-jeinuak bizi asko bizi izan zituen bakar baten barruan: bon vivant paristarra izan zen, Erresistentziako borrokalaria Bigarren Mundu Gerran, Nobel Saria irabazi zuen antzerkigilea, senar emakumezalea, eta baita izaki iheskor eta ermitaua ere. Baina guztiaren gainetik, eta jaso zituen lausengu guztiak gorabehera, bere ahulezien erabat jakitun zen Beckett.
Hain zuzen ere, ageriko zaurgarritasun horiek guztiak zeharkatuko ditu Dance First lanak, James Marsh dokumentalista britainiarraren azken proposamenak -2014 urtean estreinaturiko The Theory of Everything eta 2017ko The Mercy ‘biopic’ ezagunen egilea da-. Gertukoa bazaizue, bai, zuzen zaudete; idazlearen lan ospetsuena den En attendant Godot obraren planteamendu bera jarraituz eraikitako lana da. Berriki ere, 71. Donostia Zinemaldiari agur esateko hautatutako filma.
Amaieratik hasten da; Beckettek jaso nahi izan ez zuen 1969ko Nobel sariaren banaketa ekitalditik. Hala ere, fikzioan besaulki-patioan eserita ikus dezakegu, “HAU HONDAMENDIA!” marmarikatuz aurkezleak bere izena esaten duenean. Orduan hasiko da jeinuaren ihesa.
Berandu eta gaizki, baina bere erabaki eta ekintzek eragindako lotsari, oinazeei, atsekabeari eta miseriari aurre egiteko unea heldu zaio ezinbestean. Kapitulu bat bere ardura afektibo ezaren biktima (eta kasu batzuetan, baita biktimario ere) izandako bakoitzari, ibilaldi arraro, biluzi, eder baina ez oso konbentzionalean.
Eta konbentzionala eta arraroa diot, interpretazioek eta argazkiak film erakargarria egiten duten arren, harrigarria delako gizona erradiografiatzen duen bitartean apenas erreferentziarik egin izana artistari edota haren obraren garrantziari.
Edonola ere, film dotorea da, desorekatua erritmoari dagokionean, baina sofistikatua eszenaratzen eta aurkezpenean. Bederen, etxera bidean, 20 xentimoko hausnarketa zenbat egiteko balio duen horietakoa.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Dance First”