Arabiera eta euskara, etxeko bi hizkuntzak

Arabiera eta euskara, etxeko bi hizkuntzak –

Asier Zalduak Goiberrin.

Arabiera eta euskara, etxeko bi hizkuntzak

Khalila Lamkhanter (Fraita, Maroko, 1989) 4 urterekin ekarri zuten Euskal Herrira. Markina-Xemeinen (Bizkaia) bizi ziren eta primeran ikasi zuen euskaraz. Egun, Zumarragan bizi da. Seme-alabekin euskaraz hitz egiten du.

Khalila Lamkhanterren aita nekazaria zen eta ez zuen diru sarrera handirik. Hori dela eta, 1980ko hamarkada erdialdean Euskal Herrira etortzea erabaki zuen. «Garai hartan errazagoa zen etortzea. Pasaportearekin nahikoa zen. Etorri ziren lehenengoak proba egitera etorri ziren. Lana aurkitzen bazuten, ingurukoak etortzera animatzen zituzten. Aitak anai bat zuen Euskal Herrian. Horregatik etorri zen hona. Aitak ere lana aurkitu zuen eta, pixkanaka, seme-alaba guztiak ekarri zituen. Ni 1993an etorri nintzen, amarekin. Beranduago anai-arreba zaharrenak etorri ziren. Zazpi gara guztira. Ni erdikoa naiz».

Gehienak Euskal Herrian bizi dira. «Bat Amerikako Estatu Batuetan bizi da. Ikasketak hemen egin zituen, baina mutil lagunarekin Amerikara joan da. Txikiena hemen jaio zen, baina 8 zituenean (duela 12 bat urte) gurasoak Marokora itzuli ziren eta, txikia zenez, beraiekin eraman zuten. Batxilergoa egin ondoren, Euskal Herrira itzuli da. Gurasoek argi zuten jubilatu ondoren Marokora itzuliko zirela. Bisitan etortzen dira. Gabonetan etorriko dira».

Aitak autonomo bezala lan egin zuen beti. «Etorri zenean ez zegoen inongo integrazio politikarik, ez laguntzarik. Autoan lo egiten zuen. Bere kabuz hasi zen lanean, etxez etxe saltzen. Neguko arropa saltzen zuen. Ondoren, alfonbren munduan hasi zen. Etxez etxe saltzen hasi zen, baina ondoren azoketara joaten hasi zen. Azkenik, dendak ireki zituen: Durangon, Eibarren, Gernikan… Anai batek eta ahizpa batek mundu horretan jarraitu dute».

Khalila eta bere ama Euskal Herrira etorri zirenean, aita Markinan (Bizkaia) bizi zen. «Bertan bizi izan nintzen 11 urte bete nituen arte. Ondoren Iurretara joan ginen eta beranduago Durangora. Aurrerago, nire kabuz, Eibarrera joan nintzen. Eibarko dendako arduraduna nintzen. Lazkaon eta Ordizian ere bizi izan gara. Duela zortzi urte senarra eta biok Zumarragara etorri ginen. Haur Hezkuntzako goi mailako zikloa egin nuen eta egun Gasteizen lan egiten dut. Behar bereziak dituzten haurrekin lan egiten dut, Samaniego ikastetxean. Bi seme-alaba ditugu. Mutikoak 10 urte ditu eta neskak 4 egingo ditu aurten».

Musulmana da eta inoiz islamofobia sentitu duela dio. «Zapia eraman izan dut eta aurreiritziak pairatu behar izan nituen. Ezagutzen zaituztenean, errezeloak desagertu egiten dira, baina hasieran jendea konbentzitzeko ahalegina egin beharra duzu. Zapia eramateari utzi nion eta toki guztietan errazago integratzen naizela sentitzen dut. Zapia duela bost bat urte jarri nuen eta duela urte eta erdi kendu nuen. Bai jartzea eta bai kentzea nire erabakia izan zen. Nire fedea borobildu nahi nuela erabaki nuen une batean jarri nuen. Baina islamofobia pairatu nuen, jendearekin lan handia egin beharraz nekatu nintzen eta kentzea erabaki nuen. Dena den, badakit egunen batean berriro jarriko dudala. Segurtasun handiagoa dudanean. Jendearen iritzia axola ez zaidanean».

Bere seme-alabentzat gauzak errazagoak izatea espero du. «Etxean lanketa egiten dugu eta eskolan ere bai. Inoiz ez naiz gaizki sentitu eskolan, baina egun etorkinak onartuagoak daude. Etxean beraiena onartzeko eta defendatzeko indarra ematen saiatzen gara».

Marokoar jatorrikoak dira, baina euskaldunak ere bai. «Nik beti positiboki bizi izan dut euskara. Markina-Xemeinen ez zen gaztelera entzuten. Guk euskaraz eta arabieraz hitz egiten genuen: kalean euskaraz eta etxean arabieraz. Ez genekien gazteleraz ia. Herrian onartuak sentitu ginen eta euskararekiko jarrera ona izan dugu beti. Ikasketa guztiak euskaraz egin ditut eta lan munduan euskarak ate asko ireki dizkit».

.

Hizkuntza

Bere seme-alabek ere euskararekiko jarrera positiboa izatea nahi du eta horretarako lan egiten du. «Lehengoan alabaren irakaslearekin bilera izan nuen eta bere euskararekiko jarrera oso ona dela esan zidan. Etxean eta kalean euskaraz egiten diet seme-alabei. Arabiera ez den hizkuntza bat erabili behar badut, nahiago dut euskara erabili. Semearekin zailagoa da. Izan ere, entzumen urritasuna du eta jaio zenean gazteleraz egiteko esan zidaten errazago mugituko zelako. Hori zan zen gure bekatua. Orain egoerari buelta eman nahi diot. Euskaraz egiten diot, baina askotan gazteleraz erantzuten dit. Senarra marokoarra da, heldua zen etorri zenean eta ez daki euskaraz. Berak arabieraz egiten die seme-alabei».

Arabiar komunitatean ere euskararen aldeko lana egiten du. «Jende askok oso ikuspegi itxia du. Euskal Herritik kanpo ez duela ezertarako balio esaten dute. Ideia horren aurka nago. Hizkuntza guztiek dute balio bera, nahiz eta hiztun gehiago edo gutxiago izan. Hizkuntza bat jakiteak abantaila ematen dizu ez dakienarekiko, zauden tokian zaudela. Zorionez, hemen eskola guztiak D eredukoak dira eta haurrek euskaraz ikasten dute, natural-natural. Helduei dagokienez, geroz eta marokoar gehiago joaten dira euskaltegira. Helduen eskolan, ordea, gaztelera erakusten diete etorri berriei. Zergatik ez euskara? Irakatsi gurea lehenengo! Gaztelera irakatsi beharrik ez dago! Nahi gabe ikasten da!».

Arabiera eta euskara, etxeko bi hizkuntzak Arabiera eta euskara, etxeko bi hizkuntzak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude