Ongi etorri auzora, Eva

Ongi etorri auzora, Eva –

Eva Forest Liburutopia’ izeneko kafe-liburudendak bere ateak zabaldu berri ditu Gasteizko alde zaharrean. Ekimenaren izenak izana salatu eta sena aitortzen badu liburuak protagonista dituenak utopia ortzimuga argi eta Eva Forest goiargi ukaezin.

Ongi etorri auzora, Eva

1975eko martxoan Madrilgo Yeserías kartzelan zera idazten zuen Evak: “lurreko kondenatu eta esplotatutakoekin betidanik sentitu dut elkartasuna nahiz eta benetako konpromisoa Bolivian gerrillari bat akatu zutenean hartu nuen”.

1928an Bartzelonako familia anarkista baten magalean jaioa ia 11 urte izan arte ez zuen eskolarik zapaldu Evak, altxamendu faxista bat eta gerra batere zibil batek igurtzi zizkion ordea muin eta burmuin heldugabeak. Forest gazteak medikuntza ikastea erabaki zuen sufrimendu zein oinazeekin amaitzeko grinez akaso. 50. hamarkadan aldiz erraiak kutsatu zizkion kontzientzia sozial eta politikoak karrera amaitzear zuela berau alde batera utzi eta konpromiso politiko eta militantean guztiz murgiltzera eraman zuen.

Alfonso Sastre idazle eta antzerkigilea izan zuen bikote eta bidaide. Diktaduraren aurkako protesta baten parte hartu ondoren Alfonsoren atxiloketaren ostean elkarrekin Parisera abiatu ziren denboraldi batez, bertan Evak, 1956ko unibertsitateko aldarrikapen antifaxista haietatik tiraka bere lehen eleberria idatziko zuen, “Febrero” izenekoa.

Madrilen atzera 1962an meatzari Asturiarren grebari babesa eskaintzen zion emakumeez osatutako manifestazio bat antolatzearren kartzelan sartu zuten lehenbiziko aldiz Forest hilabete batez bere alaba jaioberriarekin batera.

Kubara ere abiatu zen prozesu iraultzailea eta erresistentzia antinperialista bertatik bertara ezagutu nahian. Horretarako 1966an Sierra Maestran hilabete batzuk eman zituen nekazariak elkarrizketatuz eta jasotako testigantzak batuta ‘Los Nuevos Cubanos’ liburua argitaratu zuen, noski espainiar estatuko zentsurak debekatuko zuena. Bidai hartatik bueltan Vietnam aurrena eta Euskadirekin elkartasun komiteak ostera ere sortu zituen.

1974an Julen Agirre goitizenarekin “Operación Ogro” liburu ezaguna idatzi zuen Evak. 1979an pelikula bihurtuko zutena Francoren ondorekoa zenaren Carrero Blanco akatzeko burututako ekintzaren nondik norakoak kontatzen ditu. Hilabete gutxiren ostean atxilotu zuten berriro Forest ETArekin kolaboratzea egotzita. Hiru urte pasa zituen espetxean epaiketarik gabe 1977ko amnistian kaleratu zuten arte. Gatibu bizitako garaietan senideei bidalitako eskutitzak liburu bihurtu eta ‘Diario y Cartas desde la cárcel’ argitaratuko zuten 1975ean Parisen.

Presondegitik atera ostean familia osoarekin batera abiatu zen Hondarribira bizitzera. Ordurarte Euskal Herrian ematen zen askapen borrokarekin bere elkartasun osoa eskaini zuenak ordutik aurrera torturen salaketan murgildu zen burubelarri. Bere azalean pairatutakoaz salatzeaz gain aitortza ugari jaso eta bildu zituen. 1979an TAT edo Torturaren Aurkako Tadearen sortzaileetako bat izan zen eta literatura sormenean ere egin zion tartea amesgaiztoari ‘Una extraña aventura’ edota ‘Onintze en el país de la democracia’ izeneko idazlanetan.

Ezin aipatu gabe utzi Palestinar edota Irakeko erresistentziak defendatu eta aldarrikatu zituela beti, Abya Yalan emandako prozesu bolivartarrak goraipatu, edota lehen esan bezala Vietnam eta Kuban emandako garaipenak eta prozesu zein iraultzak babestu.

Idatzizko hitza ekintzaren berebiziko osagarritzat zuenak Hiru izeneko editoriala eraiki zuen 1990ean, bere hitzetan “garaiko arazoak jomugan jartzeko premiazko materialak” eskuragarri jarri nahian.

Orduko arazoak dirautelako, urgentziazko materialak oraindik ere beharrezkoak ditugulako, miresmen osoz eta maitasun handiz, lurreko kondenatuok iraultza zor dizugulako, Eva ongi etorri.

Ongi etorri auzora, Eva Ongi etorri auzora, Eva

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude