Euskararen (Nazioarteko) Egunaren harira

Euskararen (Nazioarteko) Eguna –

Euskararen (Nazioarteko) Eguna

Atzo Euskararen (Nazioarteko) Eguna, eta hemen zenbait burutazio bide batez, hala-hola lotuak eta ekarriak. Atzo ilunabarrean Donostiako GAZTESZENARA hurbildu nintzen ‘Mira Hadi, Eulalia Abaitua Andre-Begietan’ (Aitzindaria izan zen emakume baten bizitza eta irudi-lana kontatzen duen sentikari ikusgarria. Gure Memoriaren gaineko gogoeta) emanaldia ikustera/entzutera (zein, bide batez esanda, ez dakidan zergatik GAZTESZENAN emana, ekitaldiak ez duelako ezer berezirik soilik ‘gaztetik’, nahiz bai ‘eszenatik’). Aretoa erdi-betea, edo erdi-hutsa, nondik begiratu. Emanaldia kuriosoa, ikus-entzuteko modukoa, eta ongi eramana, ustegabean bertako Lide Hernando, LIHER-ek, egin bazuen ere alde musikala, Maite Larbururen ordez.

Ni aldez aurretik hurbildu nintzen sarrera hartzera, eta artean tartea nuela, inguruko OGI-BERRI kafetegi-gozotegi hemen ohikoetako batera mugitu nintzen denbora egitera. Itxura hego-amerikarreko neskatoa zerbitzatzen eta nire eskaera ?euskaraz? ulertzeko ahalegin eskergarria egin zuen hasieratik, nahiz ebakiaren ordez kafesne osoa atera, esne hotzaren ordez, esnea berotzen hasi, eta azkenean ez dakit ez ote nuen kafe normala hartu, eskatutako deskafeinatuaren ordez. Ordaindu eta gero ?euskaraz galdetu, espainolez erantzun?, abegi onez hasi zitzaidan neska esaten bazekiela atzo zela Euskararen Eguna, eta galdetu zidan ea nola ospatzen genuen halako egun bat, zein ospakizun antolatzen genituen, ze gauza ikusgarri … Eta pentsati, ez nuen jakin zer erantzun, zer-nola ospatzen ‘genuen’ ‘gure’ eguna. Eta pentsatzen segituta ere, ez dakit oraindik ‘nola’ ospatzen dugun gure eguna. ‘Ez dakit. Inola ere ez’ edo erantzun bide nion, eta hala geratu zitzaidan begira esanez bezala, ‘ze tristea, ez?’, ‘orduan zertako ospatzen duzue halako eguna, ezer egiten ez baduzue?’,… Neskatoa, Honduraskoa da, eta bi urte omen daramatza Donostian, edo Euskal Herrian… Zein tristea, ez?, beste ospakizunik gabe ospatzen Euskararen Eguna, Euskaldunon Eguna…

Goizean berriz, etxean BERRIA irakurtzen, harrituta geratu nintzen azalean batere aipamenik egiten ez zitzaiolako Euskararen Egunari, Euskaldunon Egunari, …, non eta BERRIAN… Edo nik ez nuen ikusi. Eta gero barrengo orrialdeak ere arreta jarriz gainirakurri nituen, eta ez nuen orduan ere batere aipamenik topatu Euskararen Egunari, Euskaldunon Egunari, ‘gure’ egunari… Huts egin ote zidan halako aipamenak? Ez dut uste, baina… Norbaitek aurkitu bazuen, esan biezagu mesedez. Gero jabetu nintzen, atzo egunkariarekin batera banatu zen gehigarriak Euskararen 2023ko Urtekaria duela izena, baina Euskararen Eguna ospatzekorik ez nonbait… Ze tristea, ez?

Bestetik, atzoko Berriako 14-15 orrialdeetan saio luzea zetorren Gasteizen Gasteiz antzokiaren (eta Euskararen Etxearen) irekiera behin eta berriz atzeratuaren gainean…, Oihaneder jauregiko Euskararen Etxea itxi eta gero…

Eta ni hala ere, Gasteizi inbidiatan, gure Donostia, ‘7 hiriburuetako euskaldenena bide den’ honetatik. Hemen, ez Euskararen Etxerik, ez Euskararen / Euskaldunon Antzokirik (zein egokiagorik Gasteizko Gasteiz Antzokiaren – Euskararen Etxearen parekorik antolatzeko haren eredura edo antzera gure Alde Zaharreko Antzoki Zaharra baino, Bilintxen etxebizitza eta lan egoitza!). Euskaldunok hirian euskaraz batuko gaituena euskararen inguruan, eta euskarazko emanaldiak bilduko dituena leku egoki eta helgarri batean, euskarazko emanaldiak sakabanatuta eman beharrik gabe Donostiako auzo bazterren eta heldu zailenetan. Ez dago gaizki auzoetan ERE euskarazko emanaldiak antolatzea, noski… Baina halakorik ez antzolatzea erdi aldean…

Azaroaren 24an eman zuten Igor Elortza eta Rafa Ruedak bere ‘Anonyme Popular’ ekitaldi ikus-entzungarria Donostian (doan jendearentzat), non eta Larratxo auzoko Kultur Etxe ezkutuan (Larratxo auzoko Kultur Etxera iristea odisea bat da auzokoa bertakoa izan ezean behintzat, 35-40 minutu autobus nahaste bat Donostiako erdigunetik, beste auzoetatik hurbiltzeko pentsa, non aparkaturik ez, autoan hurbilduta, kultur etxea aurkitzea lortzen baduzu, aurrenekoan ez bada, bigarrenean edo hirugarrenean, Googleren laguntzaz…). Total 20 lagun triste izango ginen bertan gozatzen, musikarien tristurarako… Zaila zen leku nekezagoan jartzea halako emanaldi bat jendea erakartzeko… Erdian eta doan, izanen ginen 20 lagun baino entzule gehiago, ia ziur …

Euskararen/ Euskaldunon Etxe bat bagenu erdi-aldean, Antzoki Zahar bat, euskarazko emanaldietara erakartzeko hiritarrak, gipuzkoarrak, nafarrak, iparraldekoak… Noiz bihurtu behar dugu Donostia euskaldunon hiriburu? Ez al dugu EAJ alkatetzan azken urte askoan (Gasteizen bere garaian bezala Gasteiz Antzokiaren bultzatzaile)? Zertan gara?

Eta beste hainbat ere Euskararen Egunaren harira eta bestela…

Euskararen (Nazioarteko) Eguna

Zer duzu buruan “Euskararen (Nazioarteko) Egunaren harira”-ri buruz

  • Euskaldunon hiriburuzagia Iruñea izan dugu betitik. Jeltzalea duzue, herri bakoitzak merezi duena.