Azaroaren 29an
Azaroaren 29an –
Azaroaren 29an, munduak Palestinarekiko Nazioarteko Elkartasun Eguna ospatzen du. Bitartean, gu kalera atera gara salatzeko gaur bezalako egun batean, 1947an, NBEk Palestina Banatzeko Plana onartu zuela, sionismoaren kolonizazio-prozesuan mugarri izan zena.
Plan horrek Palestinako britainiar agintaldia bi estatutan banatzea proposatzen zuen, bata judua eta bestea arabiarra. Hala ere, ebazpen bidegabe eta kriminal horrek Palestinaren erdia baino gehiago proiektu kolonial sionistari eman nahi zion, nahiz eta juduak biztanleriaren herena izan eta lurren % 7 baino ez izan.
Harrezkero, adostasun politiko sionista dago palestinarren garbiketa etnikoa gauzatzeko eta Israel Handia eraikitzeko. Azken 75 urteetan, herri palestinarra erregimen militar eta kolonial sionistaren mende egon da. Erregimen horrek lurralde palestinarrak okupatzen jarraitu du, bertako biztanleak lekuz aldatu eta erail ditu eta kolono juduak Palestinara migratzea erraztu du. Guztia mendebaldeko bloke inperialistaren baldintzarik gabeko laguntzarekin, Israelek zeregin estrategikoa betetzen baitu Ekialde Ertainaren kontrolean.
Urte hau odoltsuenetakoa izaten ari da Palestinarentzat. Gazako Zerrendaren aurkako egungo erasoan, erakunde sionistak 19.000 palestinar baino gehiago hil ditu, gehienak haurrak eta emakumeak. Urriaren 7az geroztik, okupazioaren eraso militar ugari izan dira Zisjordanian, eta 200 palestinar baino gehiago hil eta 4.000 palestinar inguru bahitu dituzte. Eta kolono sionisten indarkeria inoiz baino bortitzagoa izaten ari da.
Irtenbidea Israelgo estatu sionistaren desagerpenaren bidetik eman behar dela diogu, deskolonizazio prozesu bati lotuta; ibaitik itsasora arteko Palestina aske baten eraikuntza, errefuxiatutako eta erbesteratutako palestinarren itzulera, eta palestinar preso politiko guztien askatasuna ahalbidetuko duena.
Bien bitartean, herri palestinarrak, erregimen kolonial eta apartheid baten pean bizi den herria den aldetik, bere forma eta adierazpen guztietan borrokatzeko eskubidea du. Eta guk salatu eta esan behar dugu estatu sionista legitimatzen dutenen konplizitatea eta lankidetza, hala nola Eusko Jaurlaritzarena, Israelekin segurtasun- eta arma-harremanak hautsi ez dituena, edo Gipuzkoako Foru Aldundiarena, zeinak iragarri baitu urrezko domina emango diola Palestinako lurren kolonizazioarekin aberasten den CAF euskal enpresako presidenteari.
Azaroaren 29an, klase esplotatuen eta herri zapalduen elkartasuna eta antolaketa internazionalista aldarrikatu ditugu gure emantzipaziorako bide bakar gisa. Eta Euskal Herritik, beste behin ere erakutsi berri dugu Palestinako herriari baldintzarik gabeko babesa ematen diogula, eta haren borondateari eta duintasunari errespetua eta miresmena diegula, bere lurrean irauteko eta bere askapenaren alde borrokatzeko.
Gora palestinar erresistentzia!
Palestina Askatu!
Boikot Israel!