Txillardegiren pasioa
Txillardegiren pasioa –
Txikitandik sentitu zuen Txillardegik euskara desagertzen ari zela. Gurasoek bazekiten, baina ez zioten erakutsi. Oñatiko lehengusuei ez zien ulertzen, ezta etxe inguruko baserritarrei edo Sunbillako lagunei ere. Txillardegik ez zeraman batere ondo. Euskara bere hizkuntza zela erabaki, eta katakunbetan ozta-ozta bizirauten zuen garai batean, bere kabuz ikasteari ekin zion.
Hizkuntzekin ere, “hilda gero salda bero” jokatzen dugu sarritan. Pena handia ematen digute hizkuntzen eta herrien heriotzek, baina izaki praktikoak gara, erosotasuna nahi dugu guztiaren gainetik. Euskara hiltzen ari dela? Milaka hizkuntza hil dira lehenago ere, horrelakoa da bizitza. Atxikimendu sentimental horrek ondo ematen du etnologoen eta abertzaleen zirkuluetan, baina ez da eraginkorra. Egiari zor, astuna da, gogaikarria, eta poxelu zaio komertzioari. Utikan. Bizi gaitezen ahal bezain ongi, oztopo gutxien dakarren hizkuntzan, eta, euskara behin betiko itzalirikoan isuriko ditugu hiletan —jendaurrean noski—, krokodilo-malko eder askoak. Horixe da ikuspuntu eta jokaera hedatuenetako bat.
Dena den, badira hipokritak ez diren jarrerak ere. Fatalismo bati zinez zaio mingarria euskararen desagertzea, baina uste du ez dagoela zereginik. Joera historiko nagusiak kontuan harturik eta ahaleginak ahalegin, euskara bezalako hizkuntzek ez dute irauteko inongo aukerarik. Beraz, patuak ezinbestez dakarkiguna onartu beharra dago, kontra egiteak ez baitu ezertarako balio.
Jarrera hegemoniko horien aurka altxatu zen Txillardegi. Ikaragarri oinazetsua zitzaion bere hizkuntzaren heriotza, baina uste zuen oraindik bazela salbabiderik, lan militanteari ganoraz ekinez gero. Gure esku dago, hein batean, euskara salbatzea. Gogor lan egin behar, hori bai, eta aisetasuna sakrifikatu.
Halatan, buru-belarri engaiatu zen euskararen aldeko ahaleginean. Ingeniaritza ikasten zuen garaian, egunero-egunero gauerditik goizeko 3:00ak arte aritzen zen euskararekin jo eta ke. Lanean ere, ingeniari edo irakasle ibili zelarik, lanaldiaren ostean 20:00etan hasi eta 24:00ak arte irakurtzen eta idazten zuen. Hizkuntzalaritzaren ingurukoak ziren bere liburutegiko ale gehienak.
Aurrena, abertzale aizunen aurka abiatu behar izan zuen euskararen aldeko borroka, hizkuntza adierazpen folklorikotzat jotzen zutenen aurka, dantzaren, txistuaren, pilotaren, sukaldaritzaren edo abarken eta kaikuaren maila berean. Horretan zebiltzan jeltzale asko 40ko eta 50eko hamarkadetan, baita hurrengoetan ere. Hurrena, klase borrokaren lehentasunaren izenean euskara sistematikoki baztertzera zeramatenen aurka. Euskararen aldeko tresna gisa sortu zuen Txillardegik ETA, baina, sumatu zuenean infiltrazio espainolista buruzagitzaz jabetzen ari zela, dimisioa eman zuen.
Borrokari eta militantzia politikoari eman zitzaion bizialdi osoan Txillardegi, eta hizkuntzaren filosofiari buruzko bere idazkirik esanguratsuenak —Branka aldizkariko artikuluak eta Hizkuntza eta pentsakera liburua— sasi-abertzaleen eta sozial-inperialisten aurkako polemiketan sortu ziren, 60ko hamarraldiaren bigarren zatian, erbestealdian, Bruselan eta Waterloon. Hizkuntzalari eta filosofo frantsesak ditu erreferentzia nagusi: inguru frankofonoan bizi zen, eta artean ez zegoen Internet. Eskura zeuzkan liburuak zerabiltzan. Estrukturalismoa erabili zuen arma gisa.
Txillardegiren pasioa
Milesker Markos. Txilardegiren kasua, konparaziorik egin nahi izan gabe, ez zaut erabat arrotz.
Ez ote dugu gaur euskararen kontzepzio edota pertzepzio aragigabetuegi bat?
Euskara zen gehienak nekezari edo arrantzale ziren gure arbasoen hizkuntza, haien komunitateak sorturikoa. Haien alderako errespetu, eskerron eta atxikimenduzko sentimendurik gabe eta emaiten digun energia gabe posible ote da gaur euskarari zinez atxikia izaitea? Sendimendu hori gabe euskara da hizkuntza bat besteak bezala, aragigabetua, eta gainera gauza gehienentzat beharrezkoa ez dena. Tamalez mundu modernoak ez gaitu aurrekoen alderako oroitzapen edo kultu hori jorrarzen laguntzen.
Euskararen arazo horrek asko erraten du gutaz. Nondik gatozen, nor sentitzen garen.
Artetik erraiteko, errespetu eta mirespena sentitu dut Bilboko kafe filosofiko horren parte hartzaile horien aldera. Ainharrak ez badu primadera egiten, hala ere haren ikusteak plazer egiten du.
Beñat, uste dut Txillardegi zurekin bat letorkeela: hankak iraganeko lurrean ondo sustraitu gabe haragirik gabe gelditzen dira etorkizuneko proiektuak, eta mamu meheak baino aiseago dira aienatzen. Bestalde, badira iragana inertziaz heredatzen dutenak; eta badira (gutxi batzuk) herentzia aukeratu egiten dutenak (justiziaren izenean, sentimenduaren izenean… ). Bigarren talde horretako kide zen Txillardegi. Herentzia inertziaz jaso barik hautatu eta eraldatzen dutenen gainean esaten da beren burua egin dutela. Eta horiek hartzen dituzte ingurukoek buruzagi naturaltzat.
Bai, ainharra bezain ederra izan zen Bira Kultur Guneko ekitaldia.
Besarkada.