Zergatik eta nola egin bat greba feminista orokorrarekin?

Zergatik eta nola egin bat greba feminista orokorrarekin? –

Alea agerkaritik jasoa.

.

Zaintza eskubide unibertsalaren greba feminista orokorraren prestaketan murgilduta dago Mugimendu Feminista.

Zergatik eta nola egin bat greba feminista orokorrarekin?Azaroaren 30erako Denon bizitzak erdigunean lelopean deitutako greba feminista orokorraren prozesua pandemia garaian aktibatu zen. 2022ko otsailean, mugimendu feministako hainbat kide Gasteizen elkartu ziren Euskal Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioa ezaugarritzen hasteko. Oraingo zaintza sistema eraldatzeko asmoz, mobilizazio prozesu bati ekin zioten.

Zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitzeko. Ezin dira ikusezin eta merkantilizatzen jarraitu”, ohartarazi zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak, dinamika aurkezteko agerraldian, otsailean.

“Krisiak oraindik ez badu eztanda egin, etxeko langileen esplotazioaren ondorio da, erakundeek eta familiek betetzen ez dituzten beharrak asetzen baitituzte”, gaineratu zuten. “Lan baldintza negargarriekin, sektorea desaraututa eta langile migratu asko Atzerritartasun Legearen ondorioz diskriminazio egoeran daudelako. Etxeetan, lantokietan eta harremanetan langile klaseko emakumeak izaten jarraitzen dugu zaintza sostengatzen dutenak”.

“Zaintzak irauli nahi ditugu dena aldatzeko. Egungo zaintza erregimen kapitalista eta patriarkala eraldatzeko asmoz, mobilizazio prozesu bati ekin diogu”, adierazi zuten. Handik gutxira, martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, zaintza eskubide unibertsalaren aldeko greba orokorrerako prozesua martxan zegoela iragarri zuen Mugimendu Feministak. Ekainean zehaztu zuten grebarako data: azaroaren 30a.

.

Zer da zaintza eskubide unibertsala?

2023ko urrian, Euskal Herriko Mugimendu Feministak, hainbat eragile eta sindikaturekin adostuta, zaintza eskubide unibertsalaren aldeko Herri Akordioa aurkeztu zuen.

Egoeraren azterketa bat egin ostean, zaintza lana zer den eta ekonomiari zer ekarpen egiten dion aztertzen du dokumentuak. Horrez gain, mugimendu feministak aldatu nahi duena plazaratzen du, aldarrikapen taula baten bitartez zaintza sistema publiko-komunitario baten oinarriak eraikitzeko ibilbide-orria proposatuz:

  • Epe laburrera begirako lehentasunak, premiei erantzutea, hau da, egun, prekarioen eta kolapsatuen dauden egoerei aurre egiteko:
    • Zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea.
    • Zaintza sistema publikoa indartzea eta garatzea.
    • Zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea.
    • Etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzea eta garatzea.
    • Atzerritartasun Legea bertan behera uztea, eta bitartean, zaintza langile guztiak erregularizatzea.
    • Erroldatzeko eskubidea guztiontzat eskuragarri izatea.
    • Etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea.
    • Etxeko langileak lan-erregimen orokorrean sartzea: Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena bere osotasunean berrestea.
    • Etxeko langileei gutxieneko soldatatik gorako lansaria ezartzea.
    • Zaintza sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea.
    • Zaintzaileei laguntzeko sareak sortzea.
    • Zaintzeko denborak bermatzea: lanaldia murriztu soldata txikitu gabe.
    • Gizonak interpelatzea, ez zaintzearen pribilegioari uko egin diezaioten eta zaintza lanetan ardura har dezaten.
    • Zaintzeko baimenak zabaltzea eta handitzea: loturagramak.
    • Zaintza lanak transbersalki lantzea: hezkuntzan, osasungintzan eta lan eremuan, besteak beste.
    • Denontzako pentsio duinak ezartzea: 1.080 eurokoak gutxienez.
    • Agroekologia babestea eta sustatzea.
    • Etxebizitza eskubidea bermatzea: merkatuan esku hartzea.
  • Epe luzera begirako lehentasunak, bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat imajinatzea eta definitzea, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko dituena:
    • Zaintza sistema publiko-komunitarioa garatzea: aldaketa kultural handi bat eskatzen du eta transbertsalki momentu oro landu behar da (zaintzaren kulturaren kontzeptua jorratu eta zaintzen politizazioa zein kontzientzia bultzatu, familia heteronuklearra suntsitu, gizonei ardura exijitu, hezkidetza sustatu eta zaintzan oinarritutako eredu pedagogikoa garatu).
    • Lanaren banaketa sexual eta arrazista amaitzea.
    • Herri antolaketa feminista bat garatzea: espazioen diseinua, denboraren erabilera eta hirigintza -etxebizitza komunitarioak- eraldatu, elikadura burujabetza bultzatu, eta horren bidez hirien eta landa eremuaren arteko harremanak eraldatu.
    • Arrazakeriaren eta biolentzia instituzionalaren aurka borrokatzea.
    • Herri boterea eta gobernantza eredu berriak eraikitzea.

.

Zergatik greba?

Mugimendu Feministaren arabera, grebak “aldarrikatzeko” balio du, baina “prozesu osoari begiratzea” izango da garrantzitsuena, aldarrikapenen inguruan “antolakuntza, aktibazioa, saretzea, politizazioa, interpelazioa eta aliantzak” landuz.

.

Zergatik greba feminista?

“Sistema kapitalista, heteropatriarkal, kolonialista eta arrazista salatuko dugu, pribatizazioaren arduradunak interpelatuz eta seinalatuz”, azaldu du Mugimendu Feministak. “Zaintza sektoreko langileekin aliantzak sendotzera goaz. Zaintza lanak politizatuz, jendartea politizatuko dugu”.

.

Zergatik greba feminista orokorra?

Hasieratik, “mugimendu ezberdinen artean aliantzak indartzera” deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak: “Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borroka denon bizitzen aldeko borroka da. Denok hartu behar dugu ardura aldaketak emateko”.

.

Nor dago grebara deituta?

Euskal Herriko zazpi herrialdeetako langile guztiak daude deituta lanuzteetara, protesta ekintzetara eta mobilizazioetara, baita gizonezkoak ere. Dagoeneko 1.500 enpresa batzorde baino gehiagoren atxikimendua jaso du greba feminista orokorrak, eta ehun mobilizazio baino gehiago daude deituta.

“Greba feminista orokorrean lantokiak hustu eta kaleak hartu behar ditugu. Baina haratago doan deialdia da: greba prozesu baten mugarri da, mugimendu feministak bultzatutakoa, beste eragile sozial eta sindikalekin batera. Emakumeok planto egiten, errebelatzen ari gara, eta gizonek dagokien ardura hartzeko interpelatzeko modua ere bada”, azpimarratu du Mugimendu Feministak. “Guztioi berdin eragiten ez badigu ere, guztion onurarako greba da”.

Eta greba egin ezin dutenekin zer?

Langile askok ezin izango dute greba eskubidea gauzatu: etxeko langileak, zerbitzu minimoetan lanean daudenak, egoera prekarioagatik grebara atera ezin diren emakumeak, egoera administratibo irregularrean dauden langileak…

Greba egunean lanera joatera behartuta dauden pertsonei, sinbolikoki besoko edo zapi laranja bat janzteko dei egin die Mugimendu Feministak. “Greba egin ezin dutenengatik ere atera behar gara kalera”, azpimarratu dute.

.

IRIZPIDEAK
Nolakoa izango da greba?

Euskal Herriko Mugimendu Feministak, denonbizitzakerdigunean.eus webgunean eta sare sozialetan, hainbat irizpide plazaratu ditu tokian toki, herriz herri, auzoz auzo, herrialdeka zein eskualdeka, greba feminista orokorra antolatzeko eta deitutako protestetan parte hartzeko:

  • 24 orduko greba izango da, azaroaren 30eko 00:00etatik abenduaren 1eko 00:00ak artekoa.
  • Goizeko piketeak: sindikatuek dinamizatuta, lan zentroetako produkzioa gelditzeko helburua izango dute, grebaren arrazoiak zabalduz, ohiko lan jarduna oztopatuz eta desnormalizazioa irudikatuz. Piketeetan emakumeen presentzia eta protagonismoa bermatzea eskatu dute, baina gizonezkoak ere parte hartzera deitu dituzte.
  • Eguerdiko piketeak: zaintza langileak eta greba egiteko eskubidea urratuta duten langileen protagonismoa indartuko dute, 11:00etatik 12:30era bitartean. “Jarrera paternalistak” alde batera uzteko dei egin du mugimendu feministak.
  • Herri bazkaria: herri edo auzo bakoitzeko grebalarien arteko “elkargune goxo” bezala planteatuko da. Beste hainbat irizpideren artean, menua aurreko egunean prestatzea gomendatu dute.
  • Arratsaldeko mobilizazioak: eguneko mobilizazio jendetsuena izatea bilatuko dute antolatzaileek. Herrialdeka edo eskualdeka zentralizatuta izango direnez, bertaratzeko garraio publikoa ez erabiltzea eta, beharrezkoa bada, kotxe kedadak antolatzea eskatu dute.
  • Zaintza guneak: zaintza beharrak dituzten herritarrak zaintzeko guneak izango dira, espazio “goxoak”, irisgarriak eta zaintzaileak bermatuta izango dituztenak, txandak antolatuz. “Ez ditzagun rolak erreproduzitu, baina ez dadila izan gizon batzuen ardurak zuritzeko koartada. Gizonak egon daitezela lehentasunez, behar direnak, ez denak”, eskatu dute.
  • Propaganda: “Borroka, interpelazio eta kontzientziazio egun honetan propaganda tresna indartsua izatea nahi da”, aldarrikatu du Mugimendu Feministak. Beraz, “eguneko zereginetako bat” bezala planteatuko dute greba egunean ere, parte hartzea bultzatuz eta materiala denon eskura jarriz. Propaganda sortzeko bitartekoak denonbizitzakerdigunean.eus webgunean daude eskuragarri.

Zergatik eta nola egin bat  Zergatik eta nola egin bat 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Zergatik eta nola egin bat greba feminista orokorrarekin?”-ri buruz

  • “Ez ditzagun rolak erreproduzitu, baina ez dadila izan gizon batzuen ardurak zuritzeko koartada. Gizonak egon daitezela lehentasunez, behar direnak, ez denak”, eskatu dute.

    “Gizonak egon daitezela”? Gizonok nahi duguna egingo dugu. Ez gara feministen aginduetara bizi.

    Gero eskola segregatuen aurka edo apartheidaren aurka egongo direla esango dute. Sexistenak dira. Imaginatzen duzue poliziaren aktuazioa horrelako zerbait gizonentzat edo kristauentzat egingo balitz (“Ez kristauak egon daitezela…” “haien jarrera zuritzeko…”)? Lege osoa haien gainean botako lukete. Gobernuek diskriminazio hau ahalbidetzeak aspaldi esan duguna erakusten du: Kapital handia, alderdi politikoak eta feministak elkarrekin egiten dute lan langilegoaren aurka, zatituz, diskriminatuz.

  • Greba feminista??? Woke parranda dela esango nuke. Argudioen zerrenda ikusirik, Netflixeko telefilma ematen du. Zoritxarrez, mugimendu hau erabat sistemikoa bihurtu da.

  • potrotaraino 2023-11-28 15:46

    Ez dut grebarik egingo. Emakumeak etengabe biktima bezala agertzen dira eta haiekin etekin politikoa baino ez dute atera nahi politikariek. Hori bai, lan istripuen heriotzak gizonak dira %90ean. Eta horretaz, hitzik ez.

    Ez dut grebarik egingo.
    Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra daudela diote, baina gero delitu egileek jatorria beti ezkutatzen dute, erasotzailea atzerritarra bada. Izan ere, desproportzio handia dago atzerritarren aldetik, jarrera matxistagoak dituztela argi dagoelako. Baina etengabe esaten digute “zein onak diren immigranteak” eta “gero eta gehiago etorri behar dira”.

    Bost axola die emakumeen aurkako eraso gehiago eragitea, izan ere, postureo edo itxurakeria etengabea da gai honetan.
    Ez, ez dut greba feministarik egingo.

  • LABen arabera, Hego Euskal Herrian aurten hil den 51. langilea da.

    https://www.berria.eus/ekonomia/langile-bat-hil-da-etxarri-aranatzen_2117159_102.html

    Greba gizonok egin beharko genuke akaso? Gure bizitzeko eskubidearen alde?

  • Euskahaldun 2023-11-29 12:56

    Nafarroan, aste baten bakarrik, lan istripuz bi hildako izan dira, biak gizonezkoak. Hego Euskal Herrian dagoeneko, 51 hildako izan dira aurten. Denak gizonezkoak. Zaintzan hildako emakumeak: 0. Lan istripuetan hildako emakumeak aurten: 0 patatero. Hortan datza hein handi baten soldata arrakalaren arrazoietako bat. Soldataren osagarri espezifikoa, arrisku osagarria, alegia. Espezializazioaren osagrria bestea. Eta hala ere, bi osagarri hoiek, gehien-gehienetan, era prekarioan ordaintzen dira. Gizon ala emakume, zuri ala beltz, heterosexual ala lgtbqrxzky#@+ izan, baldintza prekarioagoetan nor ote dagoen lehiatu beharrean, elkartu eta kolektibo moduan baldintza duinak eskatu beharko genituzke, beste lanbideen baldintzak gutxietsi eta langilegoaren arteko gerra antzu honetan iparra galdu barik.