Belarrietatik behatzen al zuten lehengo euskaldunek?

Belarrietatik behatzen al zuten lehengo euskaldunek? –

Belarrietatik behatzen al zuten lehengo euskaldunek?Begiez ikusten dugu, edo begien bidez antzematen dugu kanpoko zer hori, hurren, ikusmenean ikusitako hori izango dena. Errealitatea baina, ez zaigu soil-soilik ikusgarri agertzen, baita entzungarri, haztagarri, dastagarri, edota usnagarri ere. Sei zentzumen horiei zazpigarren bat ere eratxikitzen duenik ere badago. Honako azken zentzumen honek, akaso aurreko seiak bat-hartu, eta euren nahastetik koska bat jauzi eginda, sinestetiko deituriko hori sortuko du; berorren bitartez gure gorputzak kokatua dagoeneko kanpo errealitate horrekiko kokapen-sentipena jasotzen du. Errealitatearen ezin konta ahala geruza zein ñabardura ez dakit nik bada sei-zazpi zentzumen horietara bil ote daitezkeen edota, aldiz, adimenak ez ote duen zentzumen horien gainean beroien batuketa baino askoz gehiago den zerbait sortzen.

Zentzumenek errealitatearen gure hautatzean duten eginkizunari buruzko goiko aurkezpen arintxo hori egin eta gero, noan ikustera orain zer-nola tratatzen ditugun zentzumenak euren artean. Izanez ere, zentzumenak betiro hor badaude ere, zeinek berea egiten, baina halere kultura, herri, bakoitzak bere erara tratatu izan ditu. Kulturaz kultura ezberdina izan da euren trataera, euren artean egin diren hierarkia. Kultur handiez badihardugu, gure mendebaldar kultura judu greko latindarrean, ikusmenak du nabarmen lehentasunik hartu beste zentzumenen aldean. Ikusmen gaitasunari aitortu zaio errealitatearen hautemate zentzuduna. Eratorpen metaforikoz, dena ikusi egiten da, sarri askotan begietako konturik ez denean ere; arazo bat ulertzen duzunean, “ikusi” egiten duzu bere soluzioa; kontuak argitzen dira, hain justu ere, euren konponbidea, beroien soluziobidea, ikusi egiten delako; norbait zerbaiterako konbentzitzea lortzen dugu, proposaturiko dena delakoa ondo “ikusten” baldin badu. Are jakinduriazko edo erlijiozko kontuetan ere “goi-kontuak” errebelatu egiten dira eta, hortaz, ikusi egiten dira, behin errezela edo tapakia kenduz gero (revelar, desvelar). Ikusmenarekin edo ikustearekin lotutako errealitatearen hautemate zuzena desorekatuki ikusmenarekin lotuta egoteak izenondoetan aditzondoetan ere badu bere segida. Aurkitutako soluzioak soluzio “argiak” dira. Kontuak ondo ulertzen badira, “argi” gelditzen zaizkigu eta, hartaz, “argituak” gelditzen zaizkigu. Kontuak “argi ikusten” ditugu, ulertuko baditugu. Buruargia da zinez adimentsua dugun hori eta goi-argitua goiko egiak ikusteko pribilegiozko gaitasuna duen hori. Ulerpen kontuekiko “ikusmenezko” trataera hau oso mendebaldarra dugu, eta filosofian oso ere oso presente dago. Euskaraz eta gure euskararen baitako adibideak baliatu ditut nik, baina, edozein erdaratan esan molde baliokide berdintsuak aurkituko ditugu.

Jokaleku mendebaldar honetan euskara ez da inondik bazterrean gelditu, urrik eman ere. Euskaraz begiekin, eta hortaz ikusmenarekin, esapide oso gureak eta jatorrak ditugu. Begiz jotzen dugu zerbait, horren aldeko hautua egiten dugunean. Begiesten dugunean, ez gara beti-beti begiztatzen ari, batzuetan zerbait kontuan hartzen, kontsideratzen, ari gara. Norbait gustuko-edo ez dugunetan, begitan hartzen dugu. Begizkoa egin lekioke bati zori txarra-edo opa egite aldera. Inbidia badiogu norbaiti, bekaitza (“begi-gaitza”) diogu. Norbait begiko dugu baldin gure gustuko-edo badugu. Gure irudimena, gure irudikatze gaitasuna, begiekin ere dago hertsiki lotuta, eta horregatik zerbait okurritzen zaigunean begitantzen zaigu.

Ekialdeko kulturan edo kulturetan, aldiz, ez dago ikusmen alderako joera intelektual honelakorik, edo, egotekotan, ez da gailentzen horrenbeste. Hinduismoan, esaterako, goi-egiak, egia handiak, testu sakratuetaratu horiek eta Vedak osatzen dituztenak, Sruti deitutako horren baitakoak dira; Sruti hitzak sanskritoz zer esanahi izan eta “entzundakoa” edo “entzun den hori”. Budismoan ere hadi entzuteko jarreran datza askapenerako gakoetariko bat.

Euskarak kultura mendebaldarrean kokatuan dagoen aldetik, auzo hizkuntzekin hizketa modu baliokideak ditu, goian ikusita moduan. Euskaraz ere, ikusmenak eta berorrek tresna duen begiak beren toki gailena dutela ikusi dugu. Baina kontu hau harago doa euskaraz, edo hobeki esatera, harago zihoan, euskara zaharrean-edo dei genezakeen horretan. Euskaraz, Iñaki Segurolarekin esanda (Sed quia sua, 290-291), belarria, eta hortaz, berekin entzumena ere, ikusmenen esanetara da azkenerako makurtzen; belarriak, edo beharriak, iparraldeko hizkeraz esanda, izango al du zerikusirik “beha”, “behatu” hitzekin? Oso litekeena agian…ez dakit nik bada, ezta neurez argitu ahal izan ere, baina, baldin hala balitz, lehengo berera gentozke, eta ikusmenean itoko litzateke belarriari eman uste izan diodan papertxoa. Nolanahi ere den, Segurolarenak noiz diren akademikoki eta hortaz “benetan” boteak, eta noiz irudimenari eraginda, eta hortaz “olgetan”, nire honekiko ezjakinetik ezin ebatzita, bego esandakoa itxi gabeko hipotesi moduan…

Segurolak dioena aldezgarritzat bageneuka, hizkuntza-bitxikeria bat baino ez litzateke. Eta euskara zaharrean “aditu” esaten zutenean ez ziren inolaz “ulertzea” “entzutearekin” senitartekotzen ari, baizik-eta “behatzearekin” (izanez ere, beharrik, belarrik, “behatu”-rekin leukakete zerikusirik). Hipotesi horretatik zera ere segituko litzateke; euskaldunak belarrietatiko aditzearen aditzez entzun-entzun bainoago, azkenerako, eta finean eta buruan, behatu, ikusi, egiten zuten.

Baina…kontra-hipotesiak gehiago gogobetetzen nau, ni behintzat. Hau da, Segurolarena, honako honetan bestetik ez bada ere, Segurolakeria bageneuka, eta hortaz, belarriak eta beharriak, “behatzearekin” ez balute zerikusirik batere, orduan gure euskaran Ekialdeko ezpaltxo moduko batekin egingo genuke topo, eta aditzen dugunean, ulertu edo konprenitu egiten dugu, edo/eta entzun egiten dugu. Bigarren modu honetara balitz, azkenerako, gure euskara zaharreko ulermena ez legoke ikusmenarekin lotuta.

Norberak egin dezala bere aukera!

Belarrietatik behatzen al zuten lehengo euskaldunek?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.