Arte[faktua] 210: J.M. eta M. Berasategi 2023ko Itzulpengintzako Euskadi Saria ‘Paradisua’ren euskarazko itzulpenagatik

Arte[faktua] 210: J.M. eta M. Berasategi 2023ko Itzulpengintzako Euskadi Saria ‘Paradisua’ – 

Larunbat honetan Ilaski Serranok Joxe Mari Berasategi Zurutuza eta Maialen Berasategi Catalan itzultzaileak elkarrizketatuko ditu Abdulrazak Gurnah Nobel saridunaren ‘Paradisua’ (Elkar) liburuaz solastatzeko. Izan ere, Gurnahren liburuaren itzulpenaren egileak dira aita-alabak eta lan honek ekarri izan die, besteak beste, 2023ko Itzulpengintzako Euskadi Saria. Baina horren aurretik, Jokin Zaitegi saria irabazi zuten Gurnahren liburua itzultzeko aurkeztu zuten laginarekin.

2021ean jaso zuen Abdulrazak Gurnah idazleak Nobel saria. Jatorriz arabiar penintsulakoa bada ere, gaztetatik bizi da Britainia Handian; bertako unibertsitate bateko irakasle izandakoa da, besteak beste, erretiroa hartu zuen arte. Idatzitako 10 eleberriren artean 4.a da ‘Paradisua’ izeneko hau.

Berasategi Zurutuza Ingeles eta Euskal Filologian lizentziaduna da, irakaskuntzan aritutakoa, euskara teknikaria erretiroa hartu arte, eta itzultzailea. Berasategi Catalan, berriz, itzulpengintza eta interpretazioan lizentziaduna da. Berria egunkarian itzultzaile eta zuzentzaile lanetan dabil. Literaturari dagokionez, Susa argitaletxearen ‘Munduko Poesia Kaierak’ bildumaren zuzendaria da, Isabel Etxeberria Ramirezekin batera; zutabegilea zenbait komunikabidetan eta itzultzailea. ‘Paradisua’ liburua elkarrekin itzuli badute ere, ez da euren artean egindako lehena, aurretik Elkarrek kaleratutako ‘Nikak ospa’ izenekoan aritu baitziren.

Honetaz guztiaz mintzatzeko, Gasteizko Montehermoso Kulturguneko Falerina Lorategira abiatu da saioa bi itzultzaile sarituekin batera.

Bestalde, Biblioartea atalaren barruan, Uztaritzeko Ikas Euskal Pedagogia zerbitzuko liburutegia ezagutuko dugu. Bertako arduraduna, Elise Dilet idazlea, izango dugu gidari.

Mario Unamuno, Montehermosoko itzulpen zerbitzuko langilearena izango da aste honetako liburu gomendioa. Eta booktubea, aldiz, Sakanako Ekaitz Zufiaurrek egindakoa.

Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:50ean, ETB1en

artefaktua

aurreko saioan…

Arte[faktua] 209: Zubizarretaren ‘Sakonean, itsasoa ikusten da’, euskal memoriaren atal bat Miangolarra familiaren lorratzean

Arte[faktua] 210: J.M. eta M. Berasategi 2023ko Itzulpengintzako Euskadi Saria ‘Paradisua’ren euskarazko itzulpenagatik

Arte[faktua] literatur saioa ETBn