Bihar ere eguzkia aterako duk
Irakurle agurgarria,
Imajina ezazu egun batean jaiki bezain pronto seme baten despedida agur kuttuna jasotzen duzula. Bat- batean dena gelditzen da, bihotza bihurritu, urdaila itxi eta bihotzaren taupadak entzuten dira isiltasun soilean. Badoala dio, agur bat dirudi. Pertsona nekatu baten despedida akitua. Bai, suizidioak hartu du honetan ere, beste bat badoana.
Gure munduan, batzuetan, badirudi dena gainbehera doala, badirudi modernoaren norberekerian sartuta gaudela, zurrunbilo kontrolaezin baten menpe. Sare sozialetako irudiarekin, aberastasunarekin eta onarpenarekin obsesionatzen gara, eta benetako enpatia eta ulermena gero eta urriagoak dira.
Beraz, itzalean, xuxurletan eta isilune deserosoetan maiz aurki dezakegun gai delikatua jorratzera noa; suizidioa. Badakit, askorentzat mingarria eta beldurgarria gerta dakiguke, baina isiltasunera jo beharrean, enpatiaz eta ulermenez heldu behar diogu errealitateari, albokoari besoa luzatuz.
Bizitzak duen balioa ezin dezakegu zenbatu, unerik ilunenetan ere, oparia izaten jarraitzen baitu. Horregatik une ilun horietan besteekiko interesa erakustea ezinbestekoa da, euren balioaz jabetu daitezen.
Eta orain gazte direnei eta gazte izan zirenei zuzendu nahiko nintzateke. Zenbatetan pentsa izan duzue ezertarako balio ez zenutela, inor ez zintuztela ulertzen eta inor ere ez zuela zeuen falta somatuko desagertuz gero?
Bada garaia suizidioaren inguruko itzala uxatzeko eta buru-osasunaren funtsezko garrantziari buruzko elkarrizketa zintzoari ekiteko. Mundua egun batean soilik ezin dezakegula eraldatu badakigu, baina prozesu horri ekin diezaiokegu bakoitza gure baitan, albokoekin gupidatsuagoak, erne eta iluntasunean murgilduta daudenei laguntza ematen.
Ez dago bizitza “haratagokoarekin” uztartu dezakeen ezer, heriotza baino. Bere buruaz beste egiten duen indibiduo bakoitzaren ardura partikula baten partaide garela esan daiteke, zurea, nirea, harena,…
Eta guzti honek eraman nau gaurkoan honetara, hitz hauetara..eta denetara orohar.. beraz pentsa ezazu, gaurkoan ni naizen hau, bihar zu izan zaitezkeela, edo zure bikotea, zein zure anai-arreba ere bai.. hortaz gehiagotan pentsatu beharko da aurrean dugun pertsona horrek ere edonolako barne gudua izan dezakeen horretan ere ni eta suizidio guztiak gaudela atzetik, denen barnean nolabait. Itxaropenez eta irmotasunez, azken hitz hauekin agurtzen naiz, betirarte eta betirako,
besarkada bat,
Iraia
Bihar ere eguzkia aterako duk