Langile publikoak, pribilejioak eta beste kontu batzuk

Langile publikoak, pribilejioak eta beste kontu batzuk –

Sektore Publikoko greben bezperetan tradizio bihurtu da agintari publikoek eta enpresaburuek zerbitzu publikoetako langileen lan-baldintza pribilejiatuen edo soldata handien inguruko beraien kanpaina aireratzea. Irrati edo telebista saio ugari ere, audio edo kaleko galde erantzun formatuan, “hainbat herritar anonimoren» bozeramaile bihurtzen dira. Gure agintariek eta komunikabide hegemonikoek behin eta berriro jotako kanpaikaden oihartzun luzea hedatzen dute: “Zertara dator greba?», “Enpresa pribatuetako langile askok baino baldintza eta soldata hobeak dituzte», “Bizi osorako lanpostua eta soldata potoloak dituzte», “Zertaz kexatzen dira? Pribilejiatu batzuek dira eta!»…

Gaueko ordu txikietan larrialdietara joatean aseguru pribatua, azalaren kolorea, kontu korrontea, genero identitatea edo sexu orientazioa galdetu gabe eta ezer kobratu gabe artatzen zaituen anbulantzietako langilea, zelaria, erizain laguntzailea, erizaina, medikua… zerbitzu publikoetako langilea da; baita zure seme-alaba inolako baldintzarik jarri gabe, oinarrizko ezagutza unibertsalak eta bizitzarako funtsezkoak diren ikasbideak barneratzen ahalegintzen den irakasle edo hezitzaile hori ere; zure aita laztandu, konbertsazioa eman, afaltzen lagundu eta ohera sartu aurretik ipurdia garbitzen diona; autorik eduki behar ez izateko edo bigarren eskukorik ere erosterik ez duzulako, beste herri batera joateko aukera ematen dizun autobus gidaria; zure herriko kaleak, udal eraikinak, ikastetxeak edo osasun zentroak txukun egon daitezen, ateak ireki aurretik edo ondoren garbitzen duten emakumeak; DSBE (RGI) jasotzeko tramiteak egiten laguntzen dizuna; zailtasun ekonomiko, sozial edo psikologikoengatik arazoak izan eta bergizarteratzen laguntzen dizuna; agintariei edo enpresaburuei galdera zorrotzak egin eta ataka estuan jartzen dituen komunikabide publikoetako kazetaria….

Langile publiko eta Zerbitzu Publiko hauek eta beste askok gizartearen eta bizitzarako funtsezkoak diren zerbitzuak bermatzen dituzte pertsona guztientzat, edozein delarik ere bere egoera sozioekonomikoa, jatorria, ideologia, sinesmena, generoa edo sexu orientazioa.

Eta, hain zuzen ere, zerbitzu publiko horiek guztiontzat objektibotasunez eta partzialtasunik gabe bermatzeko behar dituzte langile publikoek beraien lanpostuak blindatuak, sarritan murriztu, suntsitu edo bere nahien gisara moldatu nahi dituzten botere politiko edo interes ekonomikoen menpe egon ez daitezen.

Lan-baldintza onak edo, hobe esanda, onenak behar dituzte lanpostu horietan profesional onak edo onenak erakarri eta mantendu ahal izateko.

Lanpostua bermatua ez badago edo lan-baldintzak onak ez badira, Euskal Herrian gertatzen ari den moduan, zerbitzu publikoa bera eta bere kalitatea jartzen dira arriskuan, behar gehien duten pertsonek bizitzarako funtsezkoak dituzten zerbitzuak jasotzea, alegia.

Langile publikoa izatea ez da eskubidea, komunitateari zerbitzua baizik. Eskubidea, edozein delarik ere nire egoera, nortasuna edo aukera bizitzen laguntzen nauten eta bizitzarako funtsezkoak ditudan zerbitzu publikoak jasotzea da.

Langile publikoak ez dira pribilejiatuak; pribilejioa edo, hobe esanda, langile klasearen lorpen historikoa guztiontzat funtsezkoak diren zerbitzuak publikoak izatea da, langile publikoek eskaini eta bermatzen dituzten zerbitzuak.

Hau guztia da bermatu behar dena, horretarako behar dugu bizitzarako funtsezkoak diren zerbitzu guztiak publikoak izatea, langile publikoek beren lanpostuak blindatuak izateak, behin-betiko kontratuak izatea eta lan-baldintza onak (onenak) izatea.

Eta hau esanda, bi datu:

Lehena: Gurean Zerbitzu Publikoetan lan egiten duten hamar langileetatik lauk enpresa pribatuen bidez egiten dute, administrazioak azpikontrataturik, alegia. Zahar etxeetako edo etxez etxeko langileak, eraikin publiko ia guztietako garbitzaileak, garraio publikoetako langileak, jangeletako sukaldari eta begiraleak, kiroldegietako langileak, herrietako lorezainak, kultura azpiegituretako beharginak, kale hezitzaileak… Proportzio handi batean emakumeak eta lan-baldintza oso kaskarretan.

Bigarrena: Langile publikoen erdia behin-behinekoa da, ez du kontratu finkorik eta, Agintariek edo enpresaburuek ez dute zerbitzu publikorik eta langile publikorik behar. Badute nahiko diru, harreman eta botere beraien beharren asetzea erosteko eta bere interesak inposatzeko. Horregatik dituzte jomugan Zerbitzu Publikoak eta langile publikoak. Horregatik murriztu edo suntsitu nahi dituzte. Herritarren gaineko kontrol eta botere handiagoa ematen die horrek baita, bide batez, negozio eremua zabaltzeko aukera ere.

Gainerako herritarrak, langile klasea, zapalkuntza anitzak pairatzeko arriskuan gaudenok eta gure beharren asetzea erosteko aukerarik ere ez dugunok gara zerbitzu publiko, zabal, sendo, unibertsal eta doakoak behar ditugunak. Langile publiko on, objektibo eta babestuak ezinbesteko ditugunak. Bizitzarako funtsezkoak diren egungo beharrak asetzen jarraituko duten zerbitzu publiko eta langile publikoak, eta egun esku pribatuetan dauden beste asko ere (zaintza, energia, jakien ekoizpen eta banaketa, arropa, finantzak, moneta, kultura, aisia, teknologia, telekomunikazioak…) bere gain hartuko dituztenak.

Hau guztia eta gehiago babestu eta indartu ahal izateko, gora zerbitzu publikoetako greba! Eskerrik asko orain arte, egun hauetan eta hemendik aurrera ere zuen greben bidez zuen lan-baldintzak defendatu eta zerbitzu publikoak hobetzeko borroka egiten duzuen guztioi!

Langile publikoak, pribilejioak eta beste kontu batzuk Langile publikoak, pribilejioak eta beste kontu batzuk Langile publikoak, pribilejioak eta beste kontu batzuk Langile publikoak, pribilejioak eta beste kontu batzuk

Manu Robles Arangiz fundazioko kidea, ELA sindikatua

Zer duzu buruan “Langile publikoak, pribilejioak eta beste kontu batzuk”-ri buruz

  • Ados, erabat ados. Bi kontu baino ez: pribilegiatu batzuk, ez, pribilegiatu hutsak. Langile erdia, ez, langileen erdiak….