Baskonia eta Bizkaia buruz buru Europako saskibaloi txapelketa gorenean
Euskal derbia Europan: Caja Laboral Baskonia Vs Gescrap Bizkaia. Azken urteetan puztu egin da bien arteko lehia, eta, gaur 20:30etan, lehertu egin daiteke, Iradier Arenan. Noren alde?
Estatistika alde du Baskoniak: Bizkaiaren aurka (Caja Bilbao lehen) jokatu dituzten 37 partidetatik 29 irabazi dituzte gasteiztarrek. Baina, gaur gauean Bizkaia ito larrian helduko da Gasteizera, presiopean, izan ere, Euroligako lehen txanpan kalean gelditu daiteke bizkortzen ez bada. Baskoniak, ordea, Top16a eskura du lau partidatik hiru irabazi ostean. Gaurko partidarekin lehen itzulia amaituko dute bai Baskoniak bai Bizkaiak, azken honek galtzekotan garaipen bakarrarekin amaituko du itzulia.
Iradier Arenan giro beroa izango da eta talde baten eta bestearen jarraitzaileek iskanbila ederra sortuko dute ziurrenik. “Patateroak Vs Bilbainoak”, nor baino nor harmailetan ere.
Euroligako A taldean daude bi talde euskaldunak. Euskal saskibaloi taldeentzako historikoa da norgehiagoka, lehen aldiz jokatuko baitute etxeko bi taldek Europako liga onenean. Ez da kirol askorik izango gurean halako norgehiagokarik izan duenik. Baskonia zakur zaharra da Europan, Bizkaia, aldiz, hasiberria.
Azken urteetan Baskoniak 90. hamarkadan lortu ziren arrakastak handitu egin ditu: 10 urtean 3 ACB liga irabazi ditu (azkena iaz), 4 Espainiako Kopa eta Euroligako Final Four-era heldu da 5 aldiz.
Bizkai Bilbao Basket deiturikoak, ordea, 2000 urtean jaio zenetik bilakaera izugarria izan du: Lau urtean ACBra heldu eta iaz bigarren postua lortu zuen. Eurocup jokatu ostean Euroliga arrakastatsura heldu da aurten. Baina, batez ere, bizkaitarren saskibaloi zaletasuna esnatzea izan da haien lorpena.