Urriaren 11ko EHUko irakasle-ikertzaileen grebaren balorazioa eta urriaren 25eko grebarako deia EHUn

Urriaren 11ko EHUko irakasle-ikertzaileen grebaren balorazioa –

Urriaren 19a, Gasteizen

Urriaren 11n, lehenengo balorazio moduan, grebaren jarraipena oso zabala izan zela adierazi genuen. EHUko campus guztietan grebak izandako eragina aztertuta, grebaren erabateko arrakastaz baino ezin dugu hitz egin. Aipatu genuenez, Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak ez zeuden grebara deituta, eta zentroak irekita egon ziren. Hala ere, aktibitate akademikoa oso txikia izan zen. Zentroetatik momentu ezberdinetan pasatu ziren pikete informatiboek egiaztatu zutenez, zentro batzuetan ez zen ezta klase bat eman, eta beste batzuetan, 1, 2, 3… klase baino ez ziren ematen ari, ikasgela gehienak hutsik edo giltzez itxita egonda. Eman ziren klase eskasetan ikasleen asistentzia oso baxua zen (gehienetan 5-8 ikasletik ez ziren pasatzen). Campusetara heldu ziren autobusak ia hutsi zeuden. Zalantzarik gabe, aktibitate akademikoaren etenaldia ia erabatekoa izan zen. Grebaren jarraipena irakasle-ikertzaileen % 85-90ean kokatzen dugu, zentroetan ikusitakoan oinarrituta.

Urriaren 11ko EHUko irakasle-ikertzaileen grebaren balorazioa eta urriaren 25eko grebarako deia EHUnUrriaren 11ko EHUko irakasle-ikertzaileen grebaren balorazioa eta urriaren 25eko grebarako deia EHUnEra berean, azpimarratu nahi dugu grebaren mobilizazioetan egon zen parte-hartze handia. Bilboko elkarretaratzean 550 bat irakasle-ikertzaile bildu ziren, eta Hezkuntza ordezkaritzaren inguruko espaloiak txikiegiak izanda, langileek errepidea okupatu zuten. Donostian 400 bat pertsona izan ziren Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean, eta Gasteizen, errektoreordetzaren aurrean eta Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean egindako elkarretaratzetan, zein bi gune horiek lotu zituen manifestazioan, 200 bat irakasle-ikertzaile egon ziren. Beraz, 1200 bat irakasle-ikertzailek hartu zuten parte mobilizazioetan. EHUko irakasle-ikertzaileentzat deituta zegoen etenaldia azken hamarkadetako arrakastatsuena bilakatu zen.

Zentzu horretan, irrigarrikeria iruditzen zaizkigu EHUko zuzendaritzatik emandako datuak. Urriaren 11n bertan hedabideetan irakurri genuen EHUko zuzendaritzak grebaren jarraipena % 4 baino gutxiagotan zenbatetsi zuela. Gaitasun handia irakasle-ikertzaile talde txiki horrena, EHUko campusetako klase gehienak bertan behera uzteko…

Errealitatea desitxuratzen saiatu ordez, EHUko langileok dauzkagun arazoen aurrean beste alde batera begiratu ordez, neurri murriztaileak aldebakartasunez inposatu ordez, diskriminazioa eta prekarietatea areagotu ordez, hobe lukete jarrera ireki eta eraikitzaile batekin langileen ordezkariekin arazoak eta egoera berriak eztabaidatzea, irtenbideen bila.

Era berean, pairatzen dugun egoeraren beste erantzuleak, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak, erantzukizun handia dauka. Izan ere, EHUko irakasle-ikertzaileak grebara eraman dituzten aldarrikapen batzuen ardura Eusko Jaurlaritzaren esku dago. Haien artean, erosahalmenaren galera, osagarrien izozketa 2006tik, ordezko irakasleak miseriazko soldatetara kondenatzea eta irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldata baxuak mantentzea (unibertsitatean lanpostu iraunkorra lortzeko doktorea izatea beharrezkoa bada ere). Eusko Jaurlaritzaren ardura da unibertsitate publikoaren finantzaketa nahikoa ez bermatzea eta unibertsitate pribatuei bidea erraztea (Unibertsitate planetan behin eta berriz egin dutenez, berriki onartutako 2023/2027 Planean ere). Ordezko irakasleen aldarrikapenari lotuta, Estatuko ministroari USLOren luzamendu bat eskatu beharrean, Hezkuntza sailburuak ordezko irakasleen miseriazko soldaten arazoa konpon lezake 41/2008 Dekretua aldatuz.

Hori dela eta, EHUko irakasle-ikertzaileek emandako erantzun masibo horren ostean, biltzeko eskaera erregistratu dugu, EHUko Errektoreari zein Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari zuzenduta. Grebara eraman gintuzten aldarrikapenen aurrean zer irtenbide proposatzen dituzten galdetzeko baita sindikatuen aldetik proposamen zehatzak egiteko. Argi daukagu orain arte izandako aldebakarreko jarrera ezin dutela mantendu, arazoei muzin eginez eta beren erabakietan beren burua justifikatzen saiatzen. Norabidea aldatu behar dute, eta EHUko langileei zein euskal jendarteari begirako neurriak hartu.

Argi utzi nahi dugu arazoak ez dagozkiola irakasle eta ikertzaileei bakarrik, baizik eta UPV/EHUko langile guztiei. Ildo horretan, TEKAZEL kolektiboak bere problematika propioa du bere lan-baldintzak okertzeari dagokionez, bai eta bere aldarrikapenen zerrenda propioa ere, eta horietako asko irakasle eta ikertzaileen aldarrikapenekin bat datoz.

Unibertsitatetik haratago, zerbitzu publiko guztiak ageriko atzerakada jasotzen ari dira, zerbitzu publikoen inguruko politikak hemen erabakitzeko ausardia faltagatik, egindako aurrekontu-esleipen murriztaileengatik, inbertsio politika publiko ahulagatik eta pribatizazioari irekitako bideengatik. Horren ondorioa langileen lan-baldintzen okertzea eta zerbitzu publikoen kalitate-galera izan da.

Horregatik, zerbitzu publikoetako gainerako langile guztiekin batera EHUn ere greba egingo dugu urriaren 25ean eta abenduaren 19an (baita azaroaren 30ean greba feministara gehitu ere), zerbitzu publikoen eta langileon lan baldintza duinen defentsan. Aldarrikapen nagusiak honakoak izango dira:

  • Estatutik datozen mugak ez onartu
  • %10eko soldata igoera orain; aurreko zorra berreskuratu
  • Enplegua sortu eta egonkortu
  • Publikoa indartu; pribatizaziorik ez
  • Lan kargak arindu; osasuna bermatu
  • Zaintza publikoa; politika feministak
  • Administrazioak eta langileak euskaraz
  • Jardunaldiaren murrizketa

Prekarizaziorik gabeko eta kalitatezko unibertsitate publikoa defendatzea guztion ardura da!

EHU eta zerbitzu publiko guztiak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu!

 

Urriaren 11ko EHUko irakasle-ikertzaileen grebaren balorazioa eta urriaren 25eko grebarako deia EHUn