Gutuna %27ari
Gutuna %27ari –
Cira Crespo historialaria BERRIAn.
Duela hilabete batzuk atera zuten argitara euskararen inguruko azken inkesta soziolinguistikoa. Modu askotan interpretatu dira zenbakiak. Zenbaki optimistarena, dudarik gabe, euskaldun kopurua igo egin dela dioskuna. Eta han ageri den euskaldun multzoaren gorakadaz nahi dut hitz egin. Ni neu, pozik, besteak beste, talde horren parte izatea erabaki dudalako. Talde ezin heterogeneoagoa gara eta, halere, ez daukat dudarik —eta badakit zuek ere ezetz—, guztiok osatzen dugu euskaldunen komunitatea. Hetereogenotasunaren baitan ez gaude bakarrik.
Euskaldunen taldeko dira, adibidez, aurreko hartan ezaguturiko irakurketa errazeko klubeko adineko emakume horiek. Batzuek ahalegin handia egin behar zuten euskaraz komunikatzeko, euskaraz irakurtzeko eta, hala ere, han ziren, astero izaten dira, bakoitza dagokion liburua irakurtzen, euskaraz noski, eta elkarri konpainia egiten. Eta sei urteko neska amazig hori ere bai, adibidez. Bere amak ahal duen eskolaz kanpoko euskarazko jarduera guztietara apuntatzen du alaba. Amarekin aritu nintzen hizketan eta harrigarri ondo konturatzen zen euskararen egoeraz. Hori bai, kexu zen, oso aukera gutxi dagoelako Gasteizen euskara praktikatzeko.
Nire ondoan, euskaldun gogotsu eta baldar honen ondoan, guraso asko daude, nahiz eta euskara ama hizkuntza izan ez, egunero saiatzen direnak seme-alabekin hitz egiten. Akats mordoarekin, zailtasun guztiekin, egunero saiatzen dira beren umeei euskararenganako maitasuna irakasten.
Ahalegin hauek guztiak egiteko arrazoi asko daude, bakoitzak bere arrazoiak dauzka. Batzuk politagoak, beste batzuk praktikoagoak. Baina badago bat gutxitan aipatzen dena: guztiok, euskara ikasi dugun guztiok, euskaraz hitz egiten saiatzen garen guztiok, edo irakurtzen edo irakasten ahalegintzen garen guztiok, modu kontzientean edo inkontzienteagoan, justizia egiten ari gara; izan ere, ez zaigu batere bidezkoa iruditzen euskaldunoi, Euskal Herrian, euren hizkuntzan aritzeko aukera ukatzea.
Inkesta soziolinguistikoek diote euskaldunen artean %27k baino ez duela egiten euskaraz erdaraz baino errazago; hamarretik hiruk baino gutxiagok. Lehen, gehiago ziren euskaraz erdaraz baino hobeto egiten zuten euskaldunak. Zentzu batean, albiste ona da, elebidun kopurua handitu dela adierazten duelako. Beste zentzu batean, ordea, albiste txarra ere bada, euskarak nekez egingo duelako aurrera euskaraz eroso moldatzen diren elebidunen %27 soil batekin. Ahalegin handia eskatzen baitu.
Euskara erabiltzen dugunok komunitate bat osatzen dugu, baina euskararen biziraupenean eta errotzean bete dezakegun papera edo funtzioa ez da berbera. Euskaraz hobeto egiten dutenen taldea gakoa da. Agian ez dago oso modan hau esatea, baina nik ez daukat dudarik: hizkuntza guztiek behar dute hiztun multzo bat bere hizkuntza beste edozein hizkuntza baino hobeto erabiltzen duena. Hau da, elebidunak direnak, baina hizkuntza baterako joera argia izanez.
Horren ildoan, artikulu hau interpelazio zuzena da. Ezin da hizkuntza heldu, dotore eta sakona izan zuek gabe. Are gehiago, ezinezkoa du euskarak zuek gabe irautea. Ezin da. Zuek, euskaraz pentsatzen eta maitatzen duzuenok, eta euskaraz bizi zaretenok, erdigune hedatzailea zarete. Nire proposamena argia da: euskaraz hitz egitea —nahiz eta solaskideak nekez egin— medikuarenean, funtzionario guztien aurrean, lagun artean, jakina… eta, hori ere bai, bizi sormena euskaraz.
Barkatuko didazue nire erromantizismorako isuri geldiezina, baina, Bikimel abeslaria parafraseatuz, esan behar dizuet: «Zuek kontatu behar diguzue putreek non planeatzen duten, ihiak non ezkutatzen diren, haltz beltzaren erregea non dagoen». Zuek bakarrik gogoratzen baitzarete zuen sukaldeetan euskaraz entzundako abestiez, ume horrek egin zizkizuen isekez, zuen lehen maitasunaren hitz baldarrez, eta izan zenituzten beldurrez. Erabil itzazue hitz horiek guztiak, eta sinonimo pilo bat, eta ñabardurak, hitz ñimiñoak, esamoldeak, aditz démodé-ak, ia gogoan galduta dauzkazuenak… Mundu ezberdin horiek guztiak zuek azaldu behar dituzue; zuek, oinak lokatz barruan lurperatuta dauzkazuen %27 horretako bakoitzak.