Eta zertarako balio du euskarak?

Eta zertarako balio du euskarak? – 

Eta zertarako balio du euskarak?

Hizkuntzek zenbait dimentsio ezberdin dituzte, nondik begiratzen zaien, beren zeregin edo zertarakoei loturiko dimentsioak alegia. Maizenean baina, dimentsio bakarduntzat jo ohi ditugu, dimentsio bat eta bakarretik ulertu uste ditugu, eta horren ondoren latza segi-segidan, euren ulerpen guztiz murriztaile horretatik segi-segidan, euren pobretzera, kosifikaziora, zein hutsaltzera lerratzea.. Hizkuntzak, bere orokorrean harturik, gizakien arteko komunikazio prozesua ahalbidetzeko baliabidetzat jo ohi ditugu; edota, onenean ere, hizkuntzak, bere partikulartasunean harturik, eta hortaz, zein bakoitzaren berezkotasun eta ezaugarri bereizgarriak nolabait edo beste agian aintzat harturik, herri baten baitako herrikideen arteko harreman komunikatiboen bereizgarritasuna aitortzera ere ailega gintezke. Komunikazio tresna-baliabide direnik nork uka, hori huts-hutsik, hori baino ez, aldiz, inondik ere ez. Tamalez baina, sarritan hori baino ez ditugula entzun eta entzun ibili ohi gara, alegia, komunikaziorako tresna hutsak direla, hori baino ez direla. Halere, larrien-arriskutsuena ez dugu hori entzutea, zera baizik, hori entzunda, onartu eta bernaratu egiten dugula, horretaz uste eta sinetsita egotera ailegatzen garela. Latza gero!, gurpil horretan sartzea. Horretan bestetan geratzen ez bagara, ezein motibo-zergatirik nekez aurkituko dugu hizkuntza bakarra ez dueneko herrialderen batean, baten aldeko hautua egiteko eta, horren ondorioz, beste bati uko egiteko. Ikuspegi guztiz murriztaile horri helduz gero, nekez egingo diogu ihes bi hizkuntzaren artean zeinek hiztun kopuru handiago duen eztabaitzeari, eta horren araberako eztabaida materialista hutsari.

Arriskutsua da arrunt, ikuspegi horretatiko eztabaida tranpati bezain maltzurrean sartzea itsu-itsuan, areago gurea bezalako, euskararena bezalako, hiztun komunitate gutxitu eta halaber erdaradun batean. Tirabira horretan, hasieratatik beretik dago hizkuntza “handiaren” arrakasta glotozida bermatua. Denok eduki behar dugu argi hizkuntzak, zeinahi hizkuntza, komunikaziorako baino askozaz gehiagorako ditugula. Gurean baina horrako hori are argiago ere eduki beharko genuke. Koloniala ez den zeinahi hizkuntzak berearen alde itsu-itsuan borroka hasi aurrez, ezinbesteko luke, hori baino lehen, zer den hizkuntza bat ondo jakitea, eta muin-muinean zertan datzan zeinahi hizkuntzaren aberastasuna bere hiztun naturalen komunitatearen baitan.

Hizkuntzak komunitate baten existentziarako beharrezko orekaren berme eta testigantza dira, kultur komunitate baten iraganeko ezin konta ahala esperientziaren gordailuetan gordailu. Aipatu esperientziak hizkuntzan daude jasoak eta zizelkatuak, eta berauek hizkuntza bera dute zer-nolakotu denboraren joanean. Hizkuntzaren bidez, askotan modu lauso batez izan badaiteke ere, komunitateak errealitateari aurre egiteko jorratu dituen moldeak, komunitaterekin bat-bat egiteko zer-nolakotu dituen modu naturalak luzatzen zaizkio hiztunari. Hizkuntza batean berorren baitan errotutako hiztun-komunitatearen iragana, oraina eta geroa artikulatzeko gakoak aurkitu ahal izango ditugu. Ikuspegi psikologiko batetik ere, gizabanakook, gizarterako gizakiak garen aldetik, hizkuntza batean eta baten bidez (batez ere, eta oroz gain, ama-hizkuntza dugun horretan) dugu gure nortasuna, gure “nia”, eraiki eta egituratzen.

Esanda moduan, hortaz, tranpati bezain maltzurra dugu gaizki ulerturiko erabilgarrikeri horretatik luzaturiko “zertarako” hori…eta hortik segituko diren zenbait eta zenbait hari beretiko galdera: “zertarako euskaraz, denok erdaraz ulertzen dugu-eta?”,”Ingelesa ez al da etekintsuagoa?”…

Zeratarako? Bada…ni neu izateko, gu-geu izateko, beste ezertarako ez! Ez da gutxi!

“Ni naiz”, diot, esan.
Neure buruan: “ni naiz”.
Izan, naizelarik, izan, naizenean.
Naizela diot, naizela diotsut.
Baina… “yo soy” badiot,
nire baitan “ni naiz”elako da.
Ahotan “yo soy” hartuta,
“Yo soy” edota “I am”,
honetara zein hartara esanda ere,
ingelesez edo arameoz,
berdin berdin, “ni naiz”elako da, izan.

Eta zertarako balio du euskarak?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.