Kandelak ardogileentzat
Kandelak ardogileentzat –
Kupel txarretik ardo onik ezin dela atera dio esaera zaharrak, eta Arabar Errioxan aspalditik dabiltz deman bertako “upelak” primerakoak direla frogatzeko. Tirabira askoren ondoren lortu zen jatorrizko izendapena, gasoilaren garestitzea, kazkabarra edo hamaika zein bi hankako zomorroen izurriteak tartean izanda ere.
Ardo ona edatea bezain onuragarria da, ordea, atsotitzen iturritik elikatzea, eta egungo teknologia aurretatuenak maneiatzen jakitea bezain garrantzitsua arbasoen jakituriari eustea.
Gehiengoari ez zitzaion, ziurrenik, meatzariak lanean ikustea egokituko. Mendien barrunbeetan zulatutako inurritegian barna doazen langileek teknologia aurreratuak erabili ohi dituzte, eta noski, “aurreratu” kontzeptua izugarri aldatzen den hitza izan daiteke Frantziatik Boliviara. Azken herrialde honetan, aurrerapenak aurrerapen, ez dute duela mende askotatik erabiltzen den tresna bat baztertu: kandela. Batzuetan, horman egindako zulo batek eraginda, ez ikusi eta ez usaindu ezin daitekeen gasak atera daitezke, eta meatzariak ohartzerako, oxigenoa desagerrarazi. Gaur egun erabiltzen den frontal bat daramanak ez du aldaketa hilgarri hori hautemango, baina kandela duenak bai, sua itzaliko baita. Bertatik ziztu bizian korrika atera behar den seinale eztabaidaezina.
Duela hiru urte gertatu zen Lapuebla de Labarcan, eta herenegun berdina pasatu zen Lantziegon: bi pertsona hil dira upategi batean, batek ardoak botatzen duen gasa arnastu eta konortea galdu ondoren kupel erraldoi batera eroritakoan, eta bigarrena, lehena laguntzen saiatzerakoan. Isuri hau modu naturalean ematen da muztioaren azukrea alkohola bilakatzen hasten denean, karbono dioxidoa soltatuz. Ardo litro bakoitzak 50 litro CO2 isurtzen ditu, eta upategia ez badago ondo aireztatua gasaren metaketa handiegia eman ahal da.
Eta hara non irakurri dudan lehengo ardogileek kandela bat eraman ohi zutela.
Gaur egun, CO2 maila sentsore batzuen bidez neurtzen da; ongi etorriak izan bitez aurrerapen teknologiko guztiak. Baina suak ez du kale egiten, suak ez du engainatzen. Itzaltzen bada, ospa.
Gizon izate hutsagatik hilak.
Lanean hildako guztiak bezala.
Bizi nahi dugu, ez besterik.