Inertzia
Tutorialak aurki ditzakegu ia denetarako, garrantzitsuena denerako izan ezik: egunerokotasunaren gorabeherei aurre egitekoarenak.
Gaur zurekin partekatzen hasiko naizen Bizirauteko jarraibideen eskuliburua hutsune ulertezin hori betetzera dator: ibilbide luzeko bikoteen sekretuak, seme alaba nerabekiko ezinbesteko estrategiak, auzokidekiko istiluak saihesteko giza trebeziak. Pausoz pauso azalduta eta muxutruk:
Altxatu, mesedez, burua zure ordenagailuko pantailatik eta begiratu zure senarrari, zerbait idazten dagoelarik, leiho ondoko besaulkian utzita, presbitziazko betaurrekoak sudurraren puntan jarrita, mihia ahotik erdi aterata. Kalkulatu elkarrekin daramatzazuen urteak.
Sentituko duzun bertigoa kontrolatu ostean galdeiozu zure buruari zergatik begiratzen diozun une honetan zure gizonari inoiz ikusi ez bazenu bezala. Beste era batez esanik: zerk bihurtu duen Josu arrotz, zerk bihurtu zaituzten biok ezezagun. Egin ezazu orain Excel orri batetan elkarrekin mantentzen zaituzten arrazoien zerrenda.
Zoaz ezabatzen inbentario horretatik desagertuz joan direnak: maitasuna, hipoteka, Madrilen dagoen alaba, zerotik hasteko beldurra. Idatzi orain google leihatilan geratuko zaizun azkena, ‘Inertzia’.
Irakurri arretaz Wikipediak lege fisiko horretaz dioena. Barneratu lerro horietan zure biografia dagoela; zutaz tutik ez dakien pertsona batek idatzita. Irribarre egiozu berari orain Carrefourrera joan behar duzuela berriz esateko biratuko denean; 2×1 eskaintza gaur hasiko dela argituko dizu ilusionaturik.
Utzi inertziak zu eramaten eta esaiozu, sentitzen duzunaren beharrean, txokolatea gehitzeko eskuan duen supermerkaturako zerrendan.
En fin
Bizirauteko jarraibideen eskuliburua