Dramazon!
Dramazon! –
Joxe Rojasek bere Teknopataren Txokoan.
Ostiral bazkalostea. Ekaina. Egundoko bero sapa. Atariko txirrinak jo du.
-Bai?
-Aupa, Amazonetik nator, pakete bat daukat 1.A-ko zure auzokidearentzat, baina ez dago etxean, Jasoko duzu zuk, mesedez?
-Tira, ados…
Izerdi patsetan igo da banatzailea. “Jo, mila esker, eske ezin iritsita nabil…”. Kamiseta edo arropa sorta oso bat egin beharko da esaldi horrekin! Paketea hartu dut kasu handirik egin gabe, eta ate ondoan utzi dut, iluntzean emateko pareko bizilagunari. Ez da lehen aldia. Hiruzpalau urteko alabarekin bakarrik bizi da bera, eta lana dela, umearen kontuak direla, ez du erraza etxean egotea paketeen zain.
Atera naiz buelta bat egitera, eta iluntzeko 9ak inguruan iritsi naiz etxera. Ate ondoan utzitako paketea eskutan hartu eta auzokidearen atea jo dut.
-Baina, Joxe, nik ez dut ezer eskatu azken egunotan. Hori ez da nirea, e?
Etiketari begiratu diogu biok eta, hara: 1.A bai, ta gure atari zenbakia ere bai… baina ondoko plazako helbidea dator etiketan.
Ta hara non topatu dudan neure burua Amazonentzat dohainik lan egiten. Esaten dute ba, baldintza kaskarretan dituztela langileak! Iluntzeko 9etan paketea besapean hartu eta ondoko plazara joan naiz, lotsa-lotsa eginda, atariaren bila. 1.A-ko txirrina jo eta…
…erantzunik ez. Ez dago inor etxean! Ta orain dilema, zer egin?
- Amazoni abisua uztea ezinezkoa da. Webgunean ez dago soporteko telefonorik eta laguntza sistemaren aukera guztiak norberak egindako erosketekin daude lotuta. Ez dut topatu batere modutik Amazoni abisatzeko: aizue, hau helbide okerrean utzi duzue. Harritu egiten nau, seguru bainago entrega okerren tema hau sarritan gertatzen zaiela.
- Paketea niretzat gorde eta allakuidaus. Hau da burutik pasatu zaidan lehenengoa. Amazon ez da hondoratuko seguruenik txatxukeria bat izango den produktu bat niretzat gordetzeagatik. Are gehiago, salaketa jartzea ere pasatu zait burutik, geratutako hau datu pribatuen babes legeen urraketa larria delako. Baina klaro, hori eginez gero, banatzaile koittaua lanik gabe geratuko da seguruen, eta neurri handi batean erosleari lapurtzea ere bada…
- Amazonentzat dohainik lan egiten jarraitu. Gizalege minimo batekin jokatu nahi izanez gero, Amazonentzat dohainik lan egin eta entrega bukatzen saiatzen jarraitzea beste erremediorik ez zait geratzen. Egundoko amorrua ematen dit, baina ez dut beste irtenbide onargarririk ikusten. Saiatuko naiz ohartxo bat uzten eroslearen buzoian, eta arduratu dadila bera bila etortzeaz.
Enfin, lehen munduko dilemak, ezta? Zer egingo zenukete zuek?