Ibilaldiak eta Kopariak euskararen aldeko hitzarmena sinatu dute

Ibilaldiak eta Kopariak euskararen aldeko hitzarmena sinatu dute –

  • Hitzarmenaren bidez, Kopariak 2024. urteko Ibilaldia erropa eta merchandising produktu desberdinez hornituko du.
  • Irabazi guztiak euskararen normalizaziora bideratzen dira, Euskalgintzaren Kontseiluaren bidez.
  • Ibilaldian salduko diren produktuak ahalik eta jasangarrienak izatea nahi dute antolatzaileek, bai materialei dagokionez bai jatorriari dagokionez ere. 

Ibilaldiak eta Kopariak euskararen aldeko hitzarmena sinatu dute

Gaur, Getxoko San Nikolas Ikastolak eta Kopariak euskararen aldeko hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenaren bidez, 2024. urteko Ibilaldia erropa eta merchandising produktu desberdinez hornituko du Kopariak. Elkarlan honen helburua da euskararen lanketaren inguruko ekonomia zirkularra sortzea, euskararen normalizazioan eraginez eta euskararekiko ardura sustatuz.

Koparia Euskalgintzaren Kontseiluak bultzatutako merchandising eta promozio zerbitzuen enpresa da, eta lortutako irabazi guztiak euskararen normalizaziora bideratzen dira. Horrela, San Nikolas ikastolak, Ibilaldiaren materialaren ekoiztea Kopariaren esku jarriaz, euskarari laguntzeko elkarlan estrategiko berritzaile eta jasangarri bati bide eman dio.

Euskararen normalizazioari laguntzeaz gain, helburua da Ibilaldiaren produktuak ahalik eta jasangarrienak izatea, materialei dagokionez eta jatorriari dagokionez ere bai, ahal den gehiena bertan egina izango delarik.

Beraz, elkarlan honek, harreman, bitarteko eta baliabide guztiak euskaraz izatea bermatzeaz gain, jasangarritasunaren eta euskararen etorkizunaren bultzatzaile ere izango da. Etorkizunean ere mota honetako ekimenak eta elkarlanak bultzatuko dira. «Euskararen alde lanean gabiltzan eragileok elkarren indarrak batuz, komunitate guztia irabazle irteten dela frogatu nahi dugu», adierazi dute Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak, Unai Arzubiaga San Nikolas Ikastolako lehendakariak eta Gaizka Arrizabalaga San Nikolas Ikastolako zuzendariak.

Ibilaldiak eta Kopariak euskararen aldeko hitzarmena sinatu dute

 

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Zer duzu buruan “Ibilaldiak eta Kopariak euskararen aldeko hitzarmena sinatu dute”-ri buruz

  • Ederki, zorionak. Ongi dago, baina premiazkoa eta urgentziazkoa da ikastoletstik euskaldun aktiboak ateratzea. Eta hor dabitzan pedagogia berri batzuk oztopo dira. Euskaraz ikastea eragozten dutenak dira. Eta ez gaitezke zerura begira egon deus gertatuko ez balitz bezala.