Geuria Merkatua Donostian, betiko janari-denda “ezberdin” bat
Geuria Merkatua Donostian, betiko janari-denda “ezberdin” bat –
Ekain-uztail parteko uda giroarekin batera, denda berri batek ateak ireki ditu Donostian, Boulevardetik zein Sarriegi plazatik sarbidea duena: Geuria Merkatua. Badu berezitasunik, Izozki Pintxoa, berbarako.
Dendako langile guztiak euskaldunak dira, eta gainera, bertan euskaraz erosketak egiteak saria dakar euskalgintzarentzako.
Betiko janari denda dugu Geuria Merkatua, duela hamar urte Bilbon zabaldutakoaren bidetik jarraitzen duena, baserria hiriaren erdigunera eramanda. Barazkiak, esnekiak, okelak eta beste saltzen dituzten bertan, beti ere Euskal Herrian ekoiztuak, eta baserritarrei zuzenean erosiak. Gehien gehienak Donostiatik ahalik eta hurbilekoenak, Gipuzkoa bertakoak.
Eta gainera, egungo gizartearen joerei jarraituz, kozinatutako platerak ere baditu aukeran, kalitatezkoak, eguneroko zurrunbiloan murgilduta kozinatzeko astirik gabe bizi direnei, edo alpergurak jota jatorduak erraztu nahi dituztenei zuzenduak; haragi-bolak, lasagnak, entsalada nahasiak eta beste. Ehuneko ehunean Euskal Herriko produktuekin eginak hauek ere.
Izozki Pintxoa
Betiko janari dendak hala ere, arestian adierazi legez, badu berezitasun edo bitxikeriarik, Geuria Merkatua izozki denda bihurtzen baita Boulevardeko sarreratik (Boulevard 4), ohiko izozki terrina eta kukurutxoez aparte Izozki Pintxoa berritasun duena.
Izozki pintxoak Mahala izozkia du oinarri, eta azken burukoetarako erabiltzen diren makina bat produktu ditu gehigarri: marmeladak, intxaurrak, eztia edo teila gailetak. Bost dira guztira: Donostia izenekoa, gazta izozkiz eta Mutrikuko masusta marmeladaz dago egina, eta gurin gailetaz zein Uxueko lorez osatua. Irulegi izenekoak txokolatezko izozkia darama, eta Mutrikuko laranjazko marmelada zein Tolosako zigarreta gehigarri. Errezil deituak jogurta izozkia du oinarri, Errezilgo sagar marmelada, Sesmako intxaurrak, Getariako eztia eta Tolosako teila. Tolosaldea izozki pintxoak hur izozkia darama, baita Tolosako browniea eta Donostiako hur karamelutuak ere. Bukatzeko, Mahala izozki pintxoak, parean jartzen ditu izozkia eta flana. Hau pagotxa gozozaleontzako, bostetako edozein aukeratuta ere!
Mahala etxeko Jokin Arrospide da Geuria Merkatuko ugazaba, baserrian elaboratzen dituzten produktuak zuzenean saldu eta bezeroekin harreman estua izateko bidea duena denda ireki berria. Baita galzorian dauden komertzio txikien alde egitekoa ere.
Euskal kulturarekin harreman estua du Mahalak, besteak beste herri kirolak babestu eta sustatzen. Geuria Merkatua dendaren kasuan, euskaldunak dira bertako langile guzti-guztiak, eta beraz, euskaraz egin daitezke erosketak bertan. Are, urte bukaeran euskararen aldeko ekimen bat hautatuko du Geuria Merkatuak erosketa horien ehuneko txiki bat jaso dezan. Bezeroek zenbat eta erosketa gehiago egin euskaraz, handiagoa izango da euskararen aldeko ekimenek jasoko duten diru kantitatea. Kasu egin! euskalgintzarentzako saria du bertan erosketak euskaraz egiteak.
Geuria Merkatua Donostian, betiko janari-denda “ezberdin” bat