Baserriko Uzta ekimenak abuztuaren 26an ospatuko du Udako Uzta: Biezko Baserrian (Atxondo)
Baserriko Uzta ekimenak abuztuaren 26an ospatuko du Udako Uzta: Biezko Baserrian (Atxondo) –
UGER musika taldea izango da Udako Uzta girotzen, abuztuaren 26an, Biezko Baserrian.
EHKOlektiboak, kulturaren bitartez, agroekologian oinarritzen diren etxaldeak eta herritarrak batzeko helburuarekin antolatutako ekimena da Baserriko Uzta.
Udazkeneko Uztak ere data eta lekua ditu: azaroaren 18a, Arbonan.
Atxondoko Biezko Baserriak hartuko du txanda Udako Baserriko Uzta ekimenaren ospakizunean. Abuztuaren 26an Anerrek eta Oihanek beraien baserriko ateak parez- pare irekiko dituzte: “Hainbeste urte EHKOlektiboko talde eragilean ibilita, aurten gurean tokatzen da Baserriko Uzta egitea. Lehen aldia da Biezkon horrelako zerbait egiten duguna eta espero dugu gure bezero eta lagunen laguntza jasotzea. Ardura handia da guretzat eta espero dugu ahalik eta ondoen pasatzea, jai eder bat egitea eta jende anitza hurbiltzea”, aitortzen du Anerrek.
2007. urtean inguruko herrietan etxez etxe banatzeko saskiak egiten hasi ziren baratzean ekoiztutako produktuekin. Orain beste salmenta puntu gehiago dituzte: Durangoko merkatuan larunbatetan, Durangoko Marisatsa kontsumo elkartean eta Arrazolako Amillena jatetxean, adibidez. Horrela, baserritik bizitzeko erabakia hartu zuten.
Oso etxalde dibertsifikatua da Biezko. Baratzeaz gain, fruta arbolak, oiloak, oilaskoak, erleak, fruitu txikiak, sendabelarrak, baso jangarria eta nekazal-turismoa dituzte, besteak beste. “Landetxea duela 6-7 urte ireki genuen. Leku lasaia eta erosoa eskaintzen saiatzen gara, talde edo familia handiak elkartzeko aukera ematen duena”.
Animalia-trakzioa erabiltzen dute sarritan. Nahiz eta traktoreari uko ez egin, baratzea astoekin lantzen dute. Horretaz gain, beraiek ekoizturiko sendabelarrak eraldatu eta destilatzen dituzte xanpuak, xaboiak, kremak eta abarrak egiteko.
.
Udako Uzta
Ekitaldia goizeko 10:30etan abiatuko da ongi etorriarekin, Axpeko parkinetik Biezkora pasiera gidatua egingo da bertako historia eta kontuak entzunez. Ondoren etxaldearen bisita egingo da hamaiketakoarekin bukatuz. 12:30etatik aurrera, Uger rock talde bilbotarrak girotuko du hitzordua eta amaitzean, bazkaria egingo da EHKOlektiboko kideen baserrietako elikagaiekin osatuta. Arratsaldean zenbait ekintza egongo dira, hala nola: bakarrizketa saio bat, Joana Ocan?a eta Garazi Magunagoitiaren eskutik; Astoturfer musika taldearen kontzertua, non Biezko baserriko Anerrek gitarra jotzen duen; eta Sendabelarren Destilazio tailerra, non sendabelarrak bildu eta alanbikean destilatuko diren Biezko baserriko Oihanarekin.
.
Nola parte hartu?
Baserriko Uztan parte hartzeko 30 euro ordaindu beharko dira, etxaldeko bisita, ekitaldiak, bazkaria eta tailerra barne. Aurretik izena eman beharko da www.ehkolektiboa.eus webgunean, tokia mugatua baita.
.
Akanpatzeko aukera!
Edizio honetako egitaraua oparoa izango da. Hori dela eta, oraingoan berezitasun bat egongo da: bertan akanpatzeko aukera! Horrela, lagun taldeak zein familiak animatu nahi dira esperientzia bere osotasunean bizitzera.
Egitaraua:
- 10:30 Ongi etorria.
- 11:00 Etxaldearen bisita.
- 12:00 Hamaiketakoa.
- 12:30 UGER taldearen kontzertua.
- 14:00 Bazkaria: Arrazolako Amillena jatetxekoak prestatuta.
- 16:00 Bakarrizketa. Joana Ocan?a eta Garazi Magunagoitia.
- 17:00 Sendabelarren Destilazio tailerra.
- 18:30 Astotufer taldearen kontzertua.
.
Zer da Baserriko Uzta?
Baserria, laborantza ekologikoa eta musika uztartzen dituen ekimena da. Urtaro bakoitzean, EHKO etxalde baten ateak eta musikari baten doinu kutxa zabalduko ditugu. Hala, bien bizibidea, nola, egunerokoa ezagutzeaz gain, beraien uztaz gozatzeko.
Baserriko Uzta, EHKOlektiboaren eta Paperezko Kontzertuen elkarlanetik sortu zen 2017ko Udazkenean. Azken batean, proiektua ezinegon berberek batu gintuztelako sortu zen: euskal kultura bultzatzeko gogoak, elkartzeko gogoak eta komunitatea indartzeko gogoak.
2017ko udazkenekoa izan zen jasotzen lehen uzta, oparoa oso, Antzuolako Pikunietan eta Anariren parte hartzearekin, Gipuzkoan. Eta geroztik Euskal Herriko txoko ugari bisitatu ditugu: Ordun?a, Arbona, Oibar, Anuzita, Pagola, Eibar, Aniz eta Ibarra. Lurraldetasuna, ekoizpen arloaren txandaketak eta musikarien estilo eta generoaren aniztasuna balore garrantzitsuak dira ekimena osatzeko.
Baserriko Uzta goiz bateko esperientzia da, bakarrik, lagunekin, zein, familiarekin egiteko esperientzia eder bat. Orokorrean hiru zatitan banatzen da:
1. Baserriari bisita: Baserritarrak bere burua aurkeztu eta etxaldea erakusten du, bere ogibidea azaltzen du bai eta ekoizten dituen produktuak ere.
2. Ibilbideak hamaiketakoa eta kontzertua egingo den espazioan amaitzen da eta kontzertuari ekiten zaio.
3. Azkenik, tokiko lehengai ekologikoekin egindako otorduaz gozatzen da.
.
Zertarako egiten da?
1. Efimero eta iheskorra den jendarte digital bizkor honetan, hezur haragizko ekimen ukigarriak maite ditugulako. Komunitatea, benetako sarea, sortu eta indartu nahi dugulako
2. Elkartzea balio bezala. Bazterreko diren diziplinek, eragiteko, elkartu behar dutela iruditzen zaigulako. Laborantzaren mundua eta euskal musikarena bazterreko arloak dira
3. Kalea eta landaren arteko lotunea bihurtu nahi dugulako ekimena. Inoiz gutxitan elkar ukitzen duten bi munduen arteko zubia izatea da xedeetako bat.
4. Esperientzia aberasgarri bat sortzea da gure xedea. Aberasgarria guretzat eta hurbiltzen den edonorentzat
5. Ekintza sozial eta komunikatibo honen bidez protagonista den baserria, bertako laborarien bizitza eta orokorrean EHKOlektiboaren lana maila lokalean zein Euskal Herri mailan ezagutzera ematea.
Baserriko Uzta ekimenak abuztuaren 26an ospatuko du Udako Uzta: Biezko Baserrian (Atxondo)