Dezentzia pixka bat
Dezentzia pixka bat –
Errefuxiatuen Nazioarteko Egunak amorruz harrapatu gintuen, itsaso Jonikoan gertatutako heriotzengatik. Iturri desberdinen arabera, 750 inguru pertsona zeuden itsasontzian, 104 atera dira bizirik, 79 gorpu atera dituzte hilik. Greziako agintariek laguntza eskaera jaso zuten arren, ez joatea erabaki zuten, eta beraz, heriotzak baino gehiago erailketak direla baieztatzen dugu.
Egun gutxi barru Melillako sarraskiaren lehen urteurrena izan dela gogoratzen dugu gero, gainera; Marokoko poliziak muga zeharkatu nahian zebiltzan dozenaka lagun hil zituen pasa den urtean eta Pedro Sanchezek “ondo konpondutako operazio” gisa definitu zuen sarraski hau.
Duela aste gutxi, kezkaz hartu genuen Irunen Espainiako Polizia Nazionalak etorkinak “ehizatu” eta sari gisa jaiegunak jasotzeko neurria. Hurrengo egunetako albiste batzuek kupo hauen ohikotasunaz hitz egiten zuten, poliziaren baitan eta atzerritartasunaren arloan “eraginkortasuna” lortzeko tresna gisa edo baliatzen direnak. Emaitzak lortu nahi direnean, polizia frantsesak eta espainiarrak normaltasun osoz gisa horretako neurriak aplikatu izan dituztela jakin genuen.
Jakin badakigu egunero giza eskubideak urratzen direla mugan, pertsona migratzaileak kriminalizatzen dituzten polizia-jazarpenetan, migratzaile izate hutsagatik egiten diren profil etniko bidezko identifikazioetan, eraso arrazistetan edota itzulketa ilegaletan.
Bien bitartean, Escrivák Atzerritarren araudia aldatzea erabaki du udaren atarian, hain zuzen ere, sektore batzuetan eskulan merkearen kontratazioa errazteko. Izan ere, gutxi edo ezer axola zaizkio pertsona migratuen eskubideak; merkatuaren eskaera bati irtenbidea eman nahi dio, baina badakigu neurri honek prekarietatea baino ez dutela eragingo.
Moldaketa honek aldiz, parez pare jartzen digu gezurra dela behin betiko erregularizazioa martxan jartzeko baliabiderik ez daudela. Berdin gertatzen da gobernuak harrera tresnak jatorriaren edota pertsonaren egoera ekonomikoaren arabera martxan jartzen dituenean; agerian geratzen da borondate politiko kontua dela, ez baliabide kontua.
Interes esplizitua dago ipar-hego menderatze-harreman hauei eusteko; eta hauen baitan, gizateria ukatzen zaie hegoalde globaleko pertsonei, lapurretara edo bestelako delituak egitera datorren mehatxuzko “bestetasunaren” irudi bat eraikiz, eta, finean, hauen bizitzak zein heriotzen inguruko axolagabekeria jendartean ere elikatuz.
Gabriela Wiener idazleak jaso zuen bezala:
“Espainia: beren herrialdeetan tiro egiten diezu, kolonietan tiro egin, uretan tiro egin, mugetan tiro egin, etxean tiro egin, bihotzean tiro egiten diezu. Perun nire Geografia irakaslea zenak, munduko eskala, latitudea eta luzera erakutsi zidanak, pixoihala aldatzen dio egun zuri aitari, Espainia. Izan dezentzia pixka bat.”
Dezentzia pixka bat