Hezkuntza eta etika
Hezkuntza eta etika –
Hezkuntza prozesuek derrigor kokatuak daudeneko gizartearen baitako arazoei egin behar diete aurre. Ezin die gizarteko arazo nagusiei bizkarra eman. Areago esango nuke nik, eskola, gizarterako duen erreprodukzio-eginkizuna betetzeaz gain, gizarte-eraldaketan, gizarte hobetze alderako eraldaketan, du zinez bere baliorik gorena. Hein honetan, eta bigarren helburu hau betetze ahaleginean egiatan inplikatua balego hezkuntza, gizarte arazoak zein denetariko problematikak gizartean bertan baino sentiberago eta era are problematikoagoan ere biziko dira zinez eskolan. Ez dago aipatu xede eraldatzailea inondik ere betetzerik baldin-eta “etika” hezkuntza-prozesuaren muin-muinean ez badago, ez dago gizartearekiko betekizun hori gauzatzerik etikaren bultzadaz ez bada.
Hori horrela, etika hezkuntzaren muin-muineko geneukake edo izan beharko genuke bederen.Etikaz ari garelarik, ez gara inondik inora etika izeneko ikasgai hutsera mugatuko litzatekeen ikuspegi murriztaile horretatik ari (nahiz-eta hori ere, besteetan beste, barne hartuko lukeen), baizik-eta etika ikasgai ezberdin, hezkuntza-prozesu osoa, zein eskola, komunitate eta erakunde beregaina den aldetik, alderik alde zeharkatuko luketen balioez ari gara, eta hezkuntza prozesu osoa egituratu beharko luketen balio transbertsalez azken finean.
Egitekoa baina ez zaio samurra eskolari. Zergatiko ezberdinak tarteko ere, etika bera berau auzi gatazkatsua dugu eskolan, gizartean bertan nolatsu, besteak beste honako faktore hauek direla medio: etika-eskaintza zabalaren aurrean hauta egitea zaila egiten zaio; eta behin jarrera etiko baten aldeko hauta eginda, egindako aukeraketa delakoa argumentuz oinarritzeko orduan zailtasun zenbait sortzen zaio; azkenik, etika, barneraturiko eduki teoriko huts-hutsa bainoago izan dadin, ikasleengan atxikimendua eta zinezko erantzukizuna eta konpromisoa sortzeko dituen zailtasunak ere ezin dira ukatu.
Hau honela, etika, tamalez, hezkuntza prozesuaren zer-nolakoaren bultzagarri izan beharrean, “bazterrean”, “alboratua”, geratu ohi da. Identitate edo nortasuna handiko itunpeko oso zentro gutxien ahalegin saiatu eta halaber eskuarki alperrikakoa salbuespen delarik, eskolan gehien-gehienetan nolabaiteko “ihesa”, “hanka egite bat” egoten da etikarekikoan.
Aipatutako zailtasunei etikarekin berez eta zuzen-zuzenean loturik ez dauden bestelako gorabeherak eratxiki behar zaizkie, hala nola, irakasleen zilegitasun aitortuaren falta, eremu honelakoetan beharrezkoa litzatekeen familien aldetiko elkarlan-falta nabarmena, ikasleek euren etxeetatik jada etikarekiko konbikzio falta aldez aurretikoa, edota horrela ez balitz ere, euren eskolazko kanpoko bizi-esperientzietan elkarren oso kontrako eragin etikoak jaso izana… Hortaz, etikarekikoak gatazka-iturria bikoitza duela bista-bistakoa da; bat etikaren berezkotasunari dagokiona, ad intra, edo barrura begirakoa, eta bestea etika txertatua dagoeneko inguruabarrekin loturikoa.
Hezkuntza prozesua blaitu beharko lukeen etika hori aurrera eramateko aipatu zailtasunen aurrean, irakasleak, eta beraien bitartez eskola osoa bera ere, etsia hartzera lerratzen dira denboraren poderioz, eta alferrik galdutako hainbeste ahaleginen ondorenez. Egoera hau, etikarekikoan etsia hartua izanagatiko porrot sentimendua, ez zaio hala-hola oharkabean pasatzen hezkuntzari. Horri dagokionez, badu erru edo huts egin izanaren irudipen ezin ukatuzko bat. Egoerari baina, geroz eta ezinagoa egiten zaio eskolari. Eta, espero izateko litzatekeenez, eramangarrixe-edo egin dakion, edota zilegitasun beharrak hala eskaturik, bere jarrerari, edo egoera honi, zinezko soluziobidea bilatzeari uko egin izana zuritu beharrean egoten da eskola derrigor.
Eskolaren buru-zuritze delakoa eskuarki ez zaio ageri-agerian bere diskurtsoan ikusten, nahiz-eta baten batzuetan, mutur batera joanda, “gu hemen zientzia irakasteko baino ez gaude” bezalakoak entzun izan dizkiegun irakasleei. Dena delarik, eta mutur horretaraino ailegatu gabe ere, nolabait edo beste, etsia hartuta, etika erreskatatze alderako ahaleginari aspaldiskoan uko egin zaio.
Itunpeko eskola baten batzuek, aipatu zuritze molde horri agian uko egin bai, baina, trukean, etikarekikoan beste ihesbide tranpati bati ekin izan diote; etikako prozesuari, hausnarketa prozesu ireki eta sakona den aldetik, bizkarra ematen diote, eta, horren ordez, proposamen moral garatu eta itxi bati lotzen zaizkio (hala nola, planteamendu erlijioso hertsiak zentro erlijioso zenbaitzuetan, edo guztiz politikoki kokatutako hautu ideologikoak harturik bestelako zentro batzuetan), nondik begiratzen den, are doktrinamenuraino ailegatuko litzatekeena.
Etikaren auzia tarteko, aipatu doktrinamendurako joera hauek “balioetako heziketa” delako auzia ekar diezaguke gogora. Ezin uka etikarekiko sor dakigukeen susmoa edo mesfidantza honekin egoten dela oso lotuta maiz, hau da, etika gaizki deituriko “balioetako heziketarekin” soilki loturik ulertzea. Berorrek ez du zertan berez eta derrigor doktrinamenduarekin loturik egon, nahiz-eta, egon, arriskua, agi denez, hor dagoen. Nolanahi ere den, balioez, giza-balioez, mintzatzen hasten garen guztietan, eremu polemiko samar batean murgiltzen gara. Giza balioak garatze alderako hezkuntza prozesua ahotan hartzen dugunean, zera baino ez da gertatu izan asko-askotan, denon ikusian agian onargarriak ez diren balio oso zehatz eta aldez aurretik ezarriak ikasleei barnearazko ahalegin iluna ikusi uste dugula. Hau da, egia esatera, etikaren iguruan sor litekeen arazorik nagusiena, alegia, doktrinamendu aldera lerratzea, eta horrela bere berezko eta benazko izaerari bizkarra eman.
Gorago aipatuta moduan, etikak bere hausnarketa oinarritze aldera ez du inondik inora bide samurra, etika ikuspegi ugariak tarteko, eta gizartean bizi dugun aniztasun gero eta handiagoa gora-behera. Hau horrela izateak doktrinamendurako bide eman lezake okerrenean ere. Kontrako muturrean aldiz, erlatibismo aldera lerratzea genuke. Etikako edozein prozesu derrigor eta ezinbestean nolabaiteko doktrinamendu bilakatuko delako ustean, “neutraltasun” itxurazko baten alde egin uste eta, horren ondorenez, erlatibismo hutsean, edo are okerragoa ere den ezaxolakeria hutsean amildu eta, azkenik, eskola gaitze profesionalerako baino ez dela defendatzen bukatu. Arriskutsua da oso azken bigarren jarrera hau. Izanez ere, egoera horretan legoke-eta merkatu eskakizun gupidagabe eta aseezinen mendean legokeen eskola, bere burua guztiz merkatura emana, zeharo galbidean baino ez legokeena. Bi muturrak genituzke, hortaz, saihestu beharrekoak, doktrinamendua bateko, eta erlatibismo edota ezaxolakeria, besteko.
Egoera honen aurrez aurre, zailsko egiten da etika prozesuko bi arrisku horiek gaindituko lituzkeen proposamen zinez solbentea luzatzea. Badaude baina, nire ikusian, irizpide baten batzuk ezinbestez aintzat hartu beharrekoak:
- ”Simetria-eskakizuna” betetzen duten argumentu etikoak ontzat ematea soil-soil, hau da, jarrera baten edo besteren alde eginez gero, berorrek interlokuzio-sujeto guztiei nola eragiten dien ondo baloratzea. Hau horrela, ezin dugu aurretiazko jarrera edo opinioa besteei inposatu botere posizio bat baliaturik eta, une oro, ikaslea bere heziketaren baitan subjektu aske eta beregaintzat hartu beharko dugu derrigor bere juizio morala garatze-prozesuan, arrazoimenduna, eta betiere bere hautu eta ekintzen ondorioen erantzule osozkoa. Prozesu hori bere betean eman ahal izan dadin “argudiatze-etika” deiturikoa sustatu beharko da, eta hori lortze aldera, irakasleak mahai-gaineratuko dituen jarrerak eta planteamenduek argudiatze-logikari jarraitu beharko diote une oro, bai jarrera zehatz baten alde egiteko orduan, bai eta berau gaitzesteko orduan izango balitz ere. Betiere dogmatismoa zein doktrinamendua saihestu beharko dira, nahiz-eta, esanda moduan, ezin garen, horren beldurpean, neutraltzat jo litekeen jarrera axiologiko batera lerratu, eta hartara, lehian dauden aukera axilogikoen artean ebazteari uko egin.
- Balio ebazpen argiak eta ondo oinarrituak planteatzea dugu erlatibismoren aurkako antidotorik eraginkorrena. “Garapenaren etikaren” alde egin behar da, printzipioetan oinarriturik egongo dena baina, horrez gain, zenbait eta zenbait gertakari, esperientzia eta beroien ondorioak aintzat hartuko dituena. Ez dezagun atzendu zeinahi ikuspegi etikok beti aintzat hartu behar duela milioika eta milioka gizonek, emakumek eta haurrek pairatutako mina, sufrimenduak eta bidegabekeriak, ondo ere ondo jakinda, onartezinezko egoera horien aurrean ezin diegula jarrera epel edota sasi objektiboei heldu.
Egiteko etikoari nahi eta nahi ez ekin behar zaio hezkuntzan, berau hezkuntzaren muineko eta bultzagarri bilakatuaz. Bestela, horrela egin ezean ere, hautu etiko bat egiteari ez genioke uko egingo inondik ere; izan ere, etikaren aurrean ardura ez hartzea jarrera etiko bat ere badelako.