Itsusia zigortzeko gure gizarteak darabiltzan zenbait azote

Itsusia zigortzeko gure gizarteak darabiltzan zenbait azote –

Itsusia zigortzeko gure gizarteak darabiltzan zenbait azoteGizarteak hainbat aurreiritzi, diskriminazio eta presio ezartzen ditu nagusi diren edertasun-estandarren arabera “itsusitzat” jotzen diren lagunen aurka. Baztertu eta zigortu egiten ditu erakargarritasun fisikoaren ideal sozialekin bat ez datozenak. Gorputzen kasuan, urruti gaude aniztasuna onartzetik eta inklusibotasunetik. Hona hemen gizarteak “itsusitzat” jotzen dituenak baztertzeko eta zigortzeko darabiltzan zenbait azote:

Bazterketa: erakargarritasun gutxikotzat hartzen diren pertsonek gizarte-bazterkeriari edo ostrazismoari aurre egin behar izaten diote. Garbi sumatzen dute onarpen falta, kuadrilletatik kanpo geratzen dira, lagunak egiteko edo harremanak sortzeko zailtasunak izaten dituzte.

Estereotipoak eta aurreiritziak: itxura fisikoari lotutako estereotipo eta aurreiritziek susmo negatiboak eta tratu bidegabeak eragiten dituzte. Erakargarritzat jotzen ez diren pertsonak barregarri utzi edo estigmatizatzen dira, eta barre eta estigma horiek ez dute oinarri itxura baizik.

Diskriminazioa lantokian: ikerketek erakutsi dute erakargarritasun fisikoak enplegu-aukeretan eragina izaten duela. Erakargarriak ez diren pertsonak galtzaile ateratzen dira nor kontratatu erabakitzeko orduan, edo enpresa barruan nork egingo duen gora. Enplegatzaileek edertasunaren estandarrekin bat datozenen alde egiten dute. Nabarmenagoa da emakumeen kasuan: Barbie ETBn (eta non dago Ken?).

Bullyinga: erakargarritasun gutxikotzat hartzen diren pertsonak ahulagoak eta zaurgarriagoak izaten dira bullyingaren edo txantxa krudelaren aurrean. Horrek eragin penagarria izaten du haien izaeran, bizimoduan eta osasun psikologikoan.

Hedabideen jazarpena: komunikabideek behin eta berriro azpimarratzen dute edertasun-estandar jakin batzuk ezinbestekoak direla onarpen soziala, arrakasta eta zoriona erdiesteko. Ez bazara iristen, ez duzu izango bazterketa eta miseria baizik.

Sare sozialetako irainak eta dietei ekiteko presioa: erakargarritzat jotzen ez diren lagunak lotsari aurre egin eta gorputza jendaurrean erakustera ausartuz gero, adibidez sare sozialetan, barre gaiztoak eta irainak erakarriko dituzte: Desaparece del mapa, puta gorda!

Orobat, sarkasmoz zipriztinduriko presioa jasango dute, gizarteak edertzat duenera egokitzen ahalegintzeko dietak eta kosmetikoak erabiltzen hasteko, behingoz.

.

ZER EGIN

Hasteko, batez ere neska nerabeak burua hiltzera eraman dituzten sare sozialetako milaka irain anonimo horien aurka, zentzuduna dirudi sareetako anonimotasuna debekatzea, eta, debekua ezartzen ez den bitartean, sareetan idazten denak erantzule garbi bat edukitzea. Elon Musk litzateke Twitterren, egunkari eta aldizkarietan idazten denaren azken erantzulea zuzendaria den bezala.

.

FILOSOFIA HELENISTIKOA

Filosofia helenistikoaren printzipioak barneratzea ez da txarra ez itsusientzat, txorakeria sozialetatik paso egiteko, baina ezta ere ederrentzat, bizitzak aurrera egin ahala sorpresa handi bat izaten baitute ezustean: nola da posible, ezin ederragoa naiz, arrakastatsua, nonahi pizten dut inbidia, eta hala ere larridura ilun bat sentitzen dut beti bularraldean.

Itsusia zigortzeko gure gizarteak darabiltzan zenbait azote

3 pentsamendu “Itsusia zigortzeko gure gizarteak darabiltzan zenbait azote”-ri buruz

  • Benat Castorene 2023-07-22 12:19

    Testu polita, zentzu onenean, Markos. Baina bi galdera inoxent eginen dizkizut:
    Zergatik sare sozialetako irain barka ezin etsenplu bat emaiterakoan erdaraz erraten duzu? alta teknikoki bederen gauza ber-bera aise erran zinezakeen gure hizkuntzan. Ezda?
    Gero ideia ona bezain aproposa da laguntza galdatzea filosofia helenistakoari. Baina, hau da bigarren galdera inoxenta:ez ote zinuen laguntza ber-bera egiten ahal haren antza asko daukan gure tradizio judeo kristauari zeina oraindik askoz ezagunagoa baita gure populuan?
    Adeitasunez.

  • Arratsalde on, Beñat, eta esker mila.

    Zergatik gaztelaniaz? Gaztelaniazko ele horiekintxe iraindu zutelako neska mundakar bat. Hitzez hitz errepikatu ditut.

    Bigarren galderari dagokionez: izan liteke. Kontua da, batetik, ez naizenez fededun, neuri hobeki funtzionatzen didatela helenistikoen estrategiek. Baina arrazoi duzu, hori nire kontu partikularra da.

    Dena den, eta bestetik, irakasle naizenez, eta ikasle kristauak ez ezik ateoak, islamdarrak, agnostikoak eta juduak ere izaten ditudanez (oso-oso judu gutxi, egiari zor; edo agian uste baino gehiago, zeren, disimuluan ibili behar izaten dutenez, ezin baitugu jakin nor den judu), ba kontsolamenduari begira Epikuro, estoikoak eta eszeptikoak izaten dira guztiok ulertzeko moduko ideiak adierazten dituztenak, eta eragingarrienak. Askotan gainera ez dira fededunen kontsolatzeko bideekin inkonpatibleak. Halaxe sentitzen dute bederen hegoaldeko hainbat gazte fededunek.

    Aditu batzuek uste dute Epikuroren Lorategiak izan zirela kristauen zenobioen eredu eta inspirazio-iturri nagusi. Ez al zuen Pierre Charronen kristautasunak kutsu pirroniko nabarmena? Montaigne ere aldi berean edo txandaka izan omen zen epikurozale, estoiko, eszeptiko eta kristau.

  • Benat Castorene 2023-07-22 22:24

    Gau on Markos
    Oroitzen naiz bazela gazte denboran ene inguruan halako arbuio bat euskarazko irainak eta sakrekak egiteko eta bitxia bada ere espanolezko klasiko batzu hobesten zirela .
    Bestetik ene amona eta aitonek, kultura klasiko guti zeukatenek, baina ni baino fededunagoak zirenek, betidanik erakatsi zidaten ez fidatzea itxurei, arropa eta elhe sobera ederrei.
    Azpimarratzeko frantsesez erraten zidaten: “L’habit ne fait pas le moine! ”
    Judutartasuna gorde behar izaitea hori zorigaitzez Pariseko bazter auzoetan pasatzen da aliya egiteko esperoan diren juduentzat.. Bizkaian ez nuen uste.
    Nik zaitut eskertzen Markos lehenik artikulurako eta detaileko ene galderei erantzuteagatik.
    Urrengo arte eta anartean gau on pasa.
    G