Itsusismoa

Itsusismoa –

ItsusismoaArteak itsusia salba dezake, badago itsusiaren errepresentazio ederra. San Buenaventurak zioenez, Luziferren beraren errepresentazioa ere ederra izan liteke. Adibide asko dauzkagu pinturan, literaturan. Badago mugimendu bat itsusiari balio estetiko garrantzitsua ematen diona, Itsusismoa. Itsusismoaren obretan artista laketzen da gauza, piztia, jende, toki edo egoera nazkagarriak irudikatzen.

Artistak, itsusia berariaz erakusteko, hainbat bultzada izan ditzake. Errealitatearen alderen bat salatu nahi izan dezake, edo bizitza bera. Higuina eragiten dioten pertsonak edo egoerak irudikatuz, ikusleak kontzientzia hartzera bultzatu nahi ditzake, eta ankerkeria aldatzen laguntzera, “Gernika” margolanean, “Hurricane” abestian edo “Dortokek hegan egin dezakete” filmean bezala.

Bestelako bultzada bat: edozein konbentzio solidoren aurkako mespretxua aldarrikatu; esaterako, nagusi den irizpide estetikoaren aurka. Baudelairek burgesa nazkatu nahi du, sentiberatasun txintxoari izugarri eta kondenagarri zaionari kantatu: ardoa, eritasuna, intzestua, krudelkeria, satanismoa, krimena…

“Hurricane”, “Dortokek hegan egin dezakete”, “Gaizkiaren loreak” edo “Gernika”ren kasuetan, behintzat, ia inork ez du eztabaidatuko: Itsusismo izena artelanak irudikatutakoari dagokio, ez teknikari, hain gutxi emaitzari. Artelan horiek politak ez agian, baina ederrak bai, badira, formari dagokionez bikainak, irudikatzen dutena higuingarria izan arren.

Sakonki aztertu ditu Seve Callejak gaur egungo Itsusismoaren adierazpenak “Zoritxarreko munstroak: bestearen irudi deformatu eta groteskoa” liburuan. Callejaren ustez, Itsusismoak, estetika modernoan, makabroa egunerokotasunera dakarkigu, gugandik hurbilegi, eta espektakulua eskaintzen digu, salaketa edo kontzientzia konbentzionalaren astintzea baino gehiago. Ankerkeriaren erakustaldiak ez duenean helburu artistiko edo etikorik (Edgar Allan Poek bai, edertasunaren eta sublimearen zerbitzura jartzen zuen makabroa), orduan artearen beraren eremutik kanpo geratzen da. Egia da espektakulua erakargarria izan daitekeela, ikusle batzuek gozamen sadikoa aurki baitezakete bertan, edo emozio gogorrak. Baina hor ez dago ez bidegabekeriaren kritikarik ez pretentsio artistikorik: itsuskeriaren esplotazio komertziala baino ez, jende ero eta deformea zirkuan erakusten zutenean bezala.

Itsusismoa

3 pentsamendu “Itsusismoa”-ri buruz

  • Benat Castorene 2023-07-15 11:42

    Markos milesker: zure artikulu hau biziki ontsa datorkit. Emaiten duzu izen bat sekula maitatu ahal ez dutan gauza baten gainean. Zenbat marrazki bizidun ez ditudan eginbidez erosi eta sekula irakurri ez ditudanak itsusismo horregatik. Zer da bada doktor Markos? Gustu edo disgustu estetiko kontua baizik denak itsutsiak direlako jende onak txarrak bezala? ala bada zerbait sakonagorik ene munduaren ikusmodean?
    Gainera beti izan dut susmo itsusia eta politikoki ez zuzena gurean ere indartu den moda hori hegoaldetik zetorkigula. Egia da seguraz ere, arlo horretan, haurretako ene tintinen “politismo”ak gehiegi kutsatu nindutela estetikoki.
    Adeitsasunez

  • Beñat, hegoaldean ere gozamen handiz irakurtzen genituen Tintinen abenturak txikitan, euskaraz gainera (zenbat jende anonimok ez ote duen geurean esker ona merezi!)

    Askok uste dugu Tintin estetikan eta istorioen garapenean polita dela; baina ez zioten egurra eman Hergéri politikoki aski polita ez izateagatik, Tintin Kongon-eta kontuan hartuta?

    Haurtzaroko irakurraldi zoriontsu haien omenez ez nioke Tintin Kongoan-i woken kantzelatzeko irrika aplikatuko, baina ezin ukatu, beltza eta kongoarra banintz bestela ikusiko nuke afera.

  • Benat Castorene 2023-07-15 18:41

    Markos, sumatzen tintini buruz hasiz geroz lerraraziko zintudala zure artikuluaren ildo nagusitik. Dena ez ez zen eder eta aurreratua Hergeren ikuslodean eta agertzen da albumetan. Baina, denetarik izango badira afrikarretan, batzuk (afrikakoak) ezagutzen ditut omore gaitasun suntsigarria dutenak (wokek ez bezala) eta irri zalapartaka hasten direnak album horren irakurtzean. Gainera ez baitakigu bertan zein diren erridikuluenak ateratzen beltzak edo zuri kolonialistak.
    Baina Hergeren kredituan aldi honetan, “Tintin Sobiet herrian” ikusia dukezu berak asko ulertu zuela Batasun sobietikoaren errealitateaz ezkerreko intelektual gehienak, salbuespenak salbuespen parabisua zela oraindik pentsatzen zutelarik.