Udal Legearen aurkako sententziak euskararen normalizazioaren aldeko kontsentsu zabala urratzen du
Udal Legearen aurkako sententziak euskararen normalizazioaren aldeko kontsentsu zabala urratzen –
- Auzitegi Konstituzionalaren sententzia euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldiaren azken kolpetzat jo du Kontseiluak.
- Gaur Usurbilen agerraldia egin duten alkate eta udal ordezkariei babesa adierazi die.
- Ebazpena eta euskararen aurkako oldarraldia salatzeko azaroaren 4an Bilbon manifestatzera deitu du Kontseiluak.
Euskalgintzaren Kontseiluak kezka larriz hartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko Udalen Legearen gainean emandako epaia, hain zuzen ere, udalei euskara hutsez aritzeko aukera zabaltzen dien araua ezeztatzen duena. Kezka hau ez da berria, azken boladan euskararen normalizazio eta biziberritzea helburu duten neurrien kontrako epaiak bata bestearen atzetik heltzen ari baitira Euskal Autonomia Erkidegoan –joera hori lehenagokoa da Nafarroan. Azken sententzia honek are argiago utzi du oldarraldi judizial trinko bat ari dela gertatzen euskararen normalizazioaren aldeko hizkuntza-politiken kontra, gero eta bortitzagoa den oldarraldia.
Izan ere, Udalen Legearen kontrako ebazpenaren bidez koska bat gora egin du oldarraldiak. Batetik, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabaki bat delako eta lege bat ezeztatu duelako, hau da, botere judizialak legegilea ordezkatu eta hizkuntza-politika egitea erabaki duelako herritarren borondatearen aurka. Bestetik, arau hori bertan behera uzteak eta horretarako eman diren arrazoiek hamarkadetako atzerapausoa izan daitekeelako hizkuntza- politikaren arloan. Azken batean, ebazpen honek euskararen normalizazioa xede duten hizkuntza-politikak aurrera eramateko aukera ukatzen die udalei; egoera gutxiagotu eta zaurgarrian den hizkuntza eta hiztun komunitatea indartzeko neurriak hartzea zailtzen die. Are, gazteleraren nagusitasun osoa ezartzerakoan euskararen ofizialtasuna bera ere auzitan jarri du Auzitegiak, ofizialtasunaren interpretazio are murritzagoa eginez eta euskara hutsean aritzea susmopean jarri eta galarazita. Horrez gain, euskaraz ardazten diren milaka herritarren oinarrizko eskubideetako bat urratzen du: euskaraz lan egitekoa.
Ez da ahaztu behar Udalen Legea kontsentsu zabalez onartu zuela Eusko Legebiltzarrak, eta, horrenbestez, Konstituzionalaren erabakiak erakundearen erabakimena higatzeaz gain kontsentsu sozial handi hori bera urratzen duela. Hots, erakundeen zein herritarren erabakimena. Ildo horretatik, hizkuntzen auzia ekitatea oinarri dela eta justizia soziala aintzat harturik kudeatzea ezinbestekoa da elkarbizitza sendotzeko eta demokrazian sakontzeko. Horrenbestez, Konstituzionalaren epaiak arlo horiek denak kaltetzen dituela uste du Kontseiluak.
Nolanahi dela, euskaraz funtzionatzeko bidean urrats sendoak egin dituzten UEMAko udalerrietako udalak dira, oraingoz orain, kaltetu nagusiak. Hori dela eta, Kontseiluak babes osoa adierazi nahi die gaur Usurbilen agerraldia egin duten udal horietako alkate eta ordezkariei. Ezin da ahaztu, udal eta udalerri horiek trakzio indar ezinbestekoa direla euskararen normalizazio bidean.
Era berean, larritasuna kontuan izanik Kontseiluak uste du eraso hau ezin dela erantzunik gabe utzi. Ildo horretatik, dei egiten die udal, udal ordezkari, erakunde, alderdi, sindikatu, eta, orokorrean, euskaltzaletasunarekin, edota elkarbizitza justu eta demokratiko batekin engaiatuta dauden eragile guztiei erantzun irmo eta bateratua ematera oldarraldi judizialaren azken agerpen honi.
Azkenik, Konstituzionalaren ebazpenari erantzuteko sor daitezkeen ekimenez harago, Euskalgintzaren Kontseiluak gogora ekarri du oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoaren kontrako adierazpena egin zuela joan den maiatzaren 10ean Bilbon beste hainbat eragileren babesarekin, eta azaroaren 4rako manifestazio nazionala deitua duela. Beraz, azaroaren 4an olatu erreakzionario eta euskarafoboaren aurka Bilboko kaleak betetzera deitu ditu herritar guztiak.
Udal Legearen aurkako sententziak euskararen normalizazioaren aldeko kontsentsu zabala urratzen du
“kontsentsu sozial handi hori bera urratzen duela”?
Abiapuntu kaskarra udaletako aktak, esaterako, soilik euskaraz argitaratzea kontsentsu sozial handia duen politika dela baieztatzea. Norbaitek benetan hori uste al du?
Ikuspegi ezberdinen arteko eztabaida premiazkoa dela agerikoa da, baina, mesedez, gure errealitatea ukatu gabe…
Kontutan harturik UEMAko udaletan biztanleen %70etik gora euskaldunak direla, alderantzizko kasuan seguru ezetz. Gogoratu udal legea 2016an Eusko Legebiltzarrean onetsi zela gehiengo zabalaren babesarekin. 1982ko Euskararen Legeak berak izan zuen baino adostasun zabalagoarekin. Besteak beste, Konstituzionaleko epaiak Udal legearen 6.2 artikuluaren kontra jotzen du, hau da, udal erakundearen barneko idatzizko dokumentuak euskera hutsean egitea, ez herritarrekin harremanetan jartzeko diren dokumentuak. Beraz, udaleko langile guztiak euskaldunak izanik ze arazo ikusten duzu barne erabilerako dokumentuak euskera hutsean egitearekin? Zure “kontsentsu sozialaren” ideia beti zapaltzaileen aldekoa, zelan ez. Ederra zure “erdalsplaininga”!
Ba, hara, Sabin: euskararen normalizaziorako 10/1982 Legeak (niri ez zait batere gustatzen legea, baina duguna da), hau aurreikusten zuen bere artikulatu originalean:
3. Aurrekoan agindukakoa gora behera, herri-aginteek euskara bakarrik erabili ahal izango dute toki-administrazioaren esparruan baldin eta, udalerriaren ezaugarri soziolinguistikoak direla-eta, herritarren eskubideak kaltetzen ez badira.
Hori 1982an onartu zen Legebiltzarrean (gero Konstituzionalak, aste honetan bezala, inkonstituzionala zela ebatzi zuen). Gaur egun horretan kontsentsurik ez dela diozu.
Sabin, atzera garamatzazu. Kontsentsua apurtu ostean, atzera egin, eta berriro kontsentsua eskatu, baina atzeratutakoa galduta. Eta euskararen alde zaudela esan.
Lotsa, Sabin, lotsa.
Bi arazo daude:
-Inork ez du juridikoki egiaztatu behar hizkuntza ofizial bat ez dakiela, bestea hautatu ahal izateko.
-Barruko kontuetarako baldin bada, arazorik ez. Baina udal batzarreko aktak ez dira barruko kontuak, herritarrengan eragina dute.
1982ko Euskararen Legearena horrela da. Kontsentsu globala egon arren, artikulu zehatz horretan ez (soilik PNV ta EE-ren babesa jaso zuen). Tramitazioan bertan besteek esan zuten helegite jarriko zuela.
Gai honi buruz (akta elebidunak ala elebakarrak) ez da inoiz kontsentsurik egon…
Sabin, argudio tranpatia darabilzu. 6.2 artikulua ez da 1982ko Euskarraen Legekoa, 2016an onartutako Udal Legekoa baizik, Legebiltzarraren %75aren babesarekin onartua. Hori nahikoa kontsentsua ez bada… 1982ko Euskararen Legea EAJ eta EEren babesarekin soilik onartu zela diozu, baina gainontzeko alderdiek babesa ez ematearen arrazoiak zaku berean sartzen dituzu. Aurrera jarraitu orduko, komeni da urte hartako Eusko Legebiltzarraren osaketa ezagutzea: EAJ 25, EE 6, HB 11, PSE 9, UCD 6, AP 2 era EPK 1. Zuk benetan uste al duzu HBko 11 legebiltzarkide hoiek Euskararen Legearen kontrako jarrera agertu zutela elebakartasunaren aurkakoak zirelako? Ez duzu uste agian euskalduntze prozesuan nahikoa ez zelako izango zela?
Nik dakidala garai horretan HBk ez zuen Eusko legebiltzarrean partehartzen.
Eusko abertzaleen eta eusko konstituzionalisten arteko horren inguruko kontsentsurik ez dela egon adierazi nahi nuen.
Ba dirudienez, ez dakizu:
Eusko Legebiltzrararen osaketa historian zehar:
https://eu.m.wikipedia.org/wiki/Eusko_Legebiltzarra
1980-1984ko legealdiko esteka, zehaztasun handiagoarekin:
https://eu.m.wikipedia.org/wiki/1980ko_Eusko_Legebiltzarrerako_hauteskundeak
Laburbilduz:
I. legegintzaldia (1980-1984)
Aldatu
EAJ: 25 legebiltzarkide
HB: 11 legebiltzarkide
PSE: 9 legebiltzarkide
EE: 6 legebiltzarkide
UCD: 6 legebiltzarkide
AP: 2 legebiltzarkide
EPK: 1 legebiltzarkide
Ea, hauteskundetara aurkeztu bai, baina legebiltzarreko lanetan/bozketetan partehartu ez…
Ea ea ea, aitzakiak bata bestesren atzetik. HBkoak egon ala ez egon, abstenitu, alde ala kontra bozkatu, ezin dituzu PSOE, AP eta UCDren parean jarri kontsentsu falta argudiatzeko, eta hori soberan dakizu Sabin.
Esan nahi nuena, irakurri dudanaren arabera, HBk ez zuen 10/1982ko legearen tramitazioan parte hartu.
Hori bakarrik…