Gipuzkoak klik egin du GOSE EZA helburuaren alde
Gipuzkoak klik egin du GOSE EZA helburuaren alde –
Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin sustatzen duten Hitzetatik–Ekintzetara egitasmoaren lehen fasea amaitu da. Balorazioa positiboa da. Gizartea Gose ezari aurre egiteko “KLIK Programarekin” inplikatu da eta kasu batzuetan emaitzek aurreikuspen guztiak gainditu dituzte.
Maiatza eta ekaina bitartean, Hitzetatik–Ekintzetara programak Gipuzkoa zeharkatu du. 2030 Agenda herritarrei hurbiltzeko eta gipuzkoarren inplikazioa aktibatzeko helburuarekin, Hitzetatik–Ekintzetara ekimenak jarduera-programa bat izan du, kausari modu desberdin, hurbil eta erakargarrian ekarpena egitera bideratua.
Izan ere, hori da egitasmoaren asmo nagusia: Agenda 2030aren baitan gizarte gisa ditugun erronketan inpaktu positibo bat eragiteko modu berriak erraztea. Hitzetatik–Ekintzetara proiektuaren lehen edizio hau, esaterako, Garapen Jasangarrirako 2. Helburuan fokatu da: gose eza.
Erronkari heltzeko eta jarduera-programa sortzeko, Kutxa Fundazioa eta Arantzazulab kausa horren inguruan lan egiten duten Gipuzkoako 3. sektore eko-sozialeko 23 eragilerekin lankidetzan aritu dira.
.
9 KLIK-en emaitzak
Antolatzaileek esperientziaren balorazio positiboa egin dute: “Parte hartu duten pertsonekin hitz egitean oro har, gustora aritu direla adierazi digute, gaiak duen lazgarritasunagatik “mugituta” aterata ere esperientzia oso aberasgarriak izan direla. Batzuk aurretik ere parte hartzen zuten batean edo bestean, eta beste batzuk berriz konpromiso kolektiboarekin lehen esperientzia izan dute. Ekintza batzuk maiatzean aurrera eramatea ez da posible izan baina, behin mugimendua sortuta olatua iritsiko da. Egia da zaila dela errutinetatik ateratzea eta gai kolektiboetan aktiboki parte hartzea, pertsona gehiagorengana iristea dugu helmuga, baina bidean pozik gaude lehen pilotu honekin.Gipuzkoan, gizarte konprometitua gara. Tradizioz komunitatean elkartu gara, gure nortasunaren eta izaeraren isla da. Elkartzeko gaitasun hori berreskuratzeko garaia da, hitzetatik ekintzara igarotzeko.”
KLIK Programak esperientzia esanguratsuak eragin nahi zituen, eta hala egin du. Jatorkin Elkarteak, adibidez, Aieteko jangela sozialeko ateak ireki zizkien herritar guztiei, astebetez jatetxe bihurtzeko. Pertsonak prestaketa-lanetan laguntzera edo ohiko erabiltzaileekin bazkaltzera joan zitezkeen. Ekimenak testuinguru oso inklusiboa sortu zuen, eta, guztira, jatorri eta egoera anitzeko 100 pertsona inguruk bazkaria partekatu zuten egunero; horietako 50ek lehen aldiz ezagutu zuten ekimena.
Tolosan eta Ordizian hainbat ekimen antolatu ziren kalteberatasun-egoeran dauden pertsonentzako produktu freskoak biltzeko. Tolosako Zutani Elkartearen “Jarri beste bat” bilketak 1.000 kg fruta eta barazki lortu zituen, 4.200 € produktuan guztira. Bilketak Elkarteak laguntzen dituen 250 familietatik 100 familiari laguntzeko balio izan zuen.
Ordiziaren kasuan, Lagunkiro eta Delikatuz Elkarteek antolatutako “Elikagai freskoen azoka solidario” ekimenak 1.515 dohaintza lortu zituen eta, udalerriko ikasleen inplikazioari esker, Ordiziako hainbat familiari laguntzeko behar dituzten ia 1.700 produktuetatik oso gertu.
Gipuzkoako Elikagaien Bankuak iazko elikagaien %37 gehiago bildu zituen beren udaberriko bilketan. Eta horri batuz Gipuzkoan zehar 40 denda txikitik gora batu ziren euren establezimenduetan bilketak egitera tona bat elikagai gehituz ohiko bilketari eta sailkapena taldean egiteko KLIK-ari esker, espero baino 3 egun lehenago amaitu zituzten lanak Oiartzungo biltegian.
Oreretako ikastola urte honetako Kilometroetako antolatzaile bezala kausarekiko batu eta Asmoz eta Enraiza Derechosen eskutik elikadura xahuketaren datuak kalera atera dituzte.
Real Sociedad Fundazioa ere inplikatu da ekimenean. Fundazioaren egunean 250 zale baino gehiagok elikagaiak eman zituzten Herritarren Harrera Sarerako prestatu zen bilketa-gunera.
Une honetan lantaldea TOPAK jaialdian lanean dihardu, egitasmoaren hurrengo mugarrian, hain zuzen ere. Topaketa urrian izango da eta bizitako esperientziak ospatu eta elkarbanatzeko unea izango da. Honez gain, jaialdiaren asmoa da gizartea berriro aktibatzea, mugimendu kolektiboak gizarte gisa ditugun erronkei heltzeko duen garrantzia bistaratu eta azpimarratuz. Eta hortaz urrian zehar ere KLIK programa abian izango da. Egoeraren aurrean zerbait egin nahi duenak, aukerak eskura izango ditu. Pasa gaitezen baina esatetik bai esatera.
Hitzetatik – Ekintzetara egitasmoa Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek sustatu dute. Proiektuaren babesle da Gipuzkoako Foru Aldundia, Europar Batasunaren Next Generation EU-ren finantzazioarekin. Honez gain, Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren babesa ere jaso du.
Gipuzkoak klik egin du GOSE EZA helburuaren alde