Bagarela
Bagarela –
Xabier Euzkitzek Deia egunkarian.
Wilhem Von Humboldt filologo alemaniarra 1801ean etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira. Bidaiari nekaezina eta jakin-min handiko pertsona zen eta gure herrian interes berezia zuen; gure kulturak, ohiturek eta, batik bat, hizkuntzak liluratu zuten, nortasunari eusteko grinak. Humboldt Euskal Herrian ibili zen garaian oso murritza zen hona etortzen edo hemendik igarotzen ziren bidaiarien kopurua. Gaur egun, aldiz, milaka eta milaka lagun erakartzen ditu gure mendien eta itsasoaren ederrak, gure sukaldaritzaren sonak, gure turismoaren ahalak. Zenbat dira, ordea, hona etorri eta bestelako herri bat badela sentitzen dutenak?
Badut Santiago bidearen hegi batean bizi den lagun bat. Bera ere asko ibiltzen da bide horretan, eta dozenaka lagun gurutzatzen ditu egunero, milaka urtearen buruan. Talderen bat harrapatzen duenetan, norbaitekin telefonoz ari balitz bezala mintzatzen da, ozen-ozen: “hago ixilik! Hoi eziñezkua dek ordia! Oaindik kristonak ikusi beha’izkiu mundu puta hontan! Hoi ezin littekek egiya izan! Ta ez al daka erremeiyoik kontu(b)orrek?” Ibiltariek harri eta zur begiratzen omen diote, eta askotan sortzen omen ditu solasaldi eta eztabaidak haien artean, darabilen hizkerari buruz. Helburu bakar batekin egiten du antzerki hori guztia: “ikus dezatela non dabiltzan, ez daitezela Euskal Herritik pasa hemen beste herri bat eta beste hizkuntza bat badela jakin gabe!”.
Mundu zabalean den kirol ekitaldirik garrantzitsuenetako bat dabil egunotan gure errepideetan barna, Frantziako Tourra. Lasterketaren eta taldeen aurkezpen egunean, mundu osoko hedabideek eman zuten ekitaldian, euskarak presentzia nabarmena izan zuen. Errepide bazterretan, ostera, ezin sinetsizkoa da ikurrinen eta bestelako ikurren emana. Humboldt harro irudikatzen dut, Santiago bide-bazterreko ene laguna ere bai –ze kristo geo!–, eta nik neuk ere zentzu betea hauteman diot proba garrantzitsu hori gurera ekartzeko egin den ahalegin ikaragarriari.
Bagarela