Zein da PNV eta PSOEren zerbitzu publikoen eredua?

Zein da PNV eta PSOEren zerbitzu publikoen eredua? – 

Dirua egon, badagoela argi utzi du Jaurlaritzak, eta langile publikoak bazterrean uzten dituen bitartean 18.000.000 euro atera ditu poltsikotik poliziaren gatazka deuseztatzeko lehen saioan.

Gatazkak zer emango duen oraindik ez dakigunean, eta xehetasunen baloraziorik egin nahi izan gabe, gatazka honek sakoneko arazoak argitara eraman dituela nabarmentzekoa da. Horrela:

  1. Langile publikoen baldintzak hobetzeko dirua badagoela

    Urterik urte EAEko langile publikoen Mahai Orokorraren negoziazioetan inposizioa besterik ez da eman. Sindikatuen gehiengo batekin egindako azken akordioa duela 13 urte sinatu zen, eta murrizketetarako aitzakia Madrilgo aurrekontuen legeak izan ez denean, diru faltarena izan da. Ezin omen da igoera linealik eman, soldatak plusen bidez osatu… dena gezurra! Ez dute nahi izan! Lehen botean eskeinitako 18 milioi euro horiek polizia autonomikoarentzat %4aren soldata masaren igoera gehigarria dakar.

  2. Langile egiturak berebizikoak dira zerbitzu publikoak kalitatez eskaintzeko

    Plantillak egonkortzeko eta handitzea oztopatzeko aitzakiak milaka izanik ere, sakoneko arazoa pribatizazioa da. Zaintzako eta Osakidetzako ratioak onartezinak dira, eta lanpostu ugari ezkutuan mantentzen dira, langileontzat eta zerbitzuentzat prekarietatea eta enpresarientzat negozioa.

    Zerbitzu publikoetan birjartze tasak mantendu egiten dira lanpostuak suntsituz, baina Europako ratio handienak dituen polizia plazak sortzeko ez dira muga horiek mantentzen. Honek oso argi uzten ditu gobernuko alderdien lehentasunak, eta lehentasun hauek bermatzeko polizia bezalako kontrol tresna sendoak behar dituztela.

  3. Negoziazio Kolektiboa desblokeatzeko mobilizazioak ezinbestekoak dira

    LABen beti esan izan dugun bezala, lan baldintza duinak ez dira mobilizaziorik gabe lortzen. Hezkuntzan lortu den bezala, Osakidetzan, egoitzetan, esku-hartze sozialean eta beste hainbat eremutan lortuko da administrazioen borondateak aldatzea. Urkulluk berak onartu zuen udal hauteskundeen balorazioa egiterakoan, eta bide egokian gaudela frogatuta gelditu da.

Gozategik zioen bezala «Eusko Jaurlaritzak dio dirurik ez dagoela, baina zer kasualitate gurea falta zaiela. Ertzainek erosi dute kriston elikoterua… baldintza badakigu»: Aste hauetan Eusko Jaurlaritza datorren urterako aurrekontuak prestatzen ari da, eta LABen ziur gaude aurten ere Madrili men egin eta hango inposaketa ezartzea adostu dutela PNVk eta PSEk. Argi dago dirua egon badagoela, eta ez duela urte asko Madrildik zetozen lege berdinak gainditzeko aukerak aztertu eta negoziatzen zirela. Borondate kontua da, eta baldintzak aldarazteko mobilizazioa da bide bakarra.

 

Zein da PNV eta PSOEren zerbitzu publikoen eredua?