Tour 2001: Pays Basque
Tour 2001: Pays Basque –
Amatiñok bere blogean.
Tourraren euskal Irteera Handiaren bezperetan, hedabide guztiek dihardute frantziar bizikleta-itzuliaren eta Euskal Herriaren arteko loturak, estekak eta harremanak gogoratu eta ohartarazi nahirik. Zenbat buru hainbat aburu dio esaera zaharrak eta, segurutik, Tourraren oroitzapenaz ere, zenbat gomuta hainbat gogoeta.
.
Txoko tabernako ispilua
Lehena, mutikotan, etapa bakoitza amaitu ostean, Juanito ‘Txoko’ zenak, Untzaga ertzeko tabernako ispilu handian “blanco-españaz” idazten zituen emaitzak. Eguneko etaparenak lehenik, sailkapen nagusiarenak gero, eta mendi-sailkapenarenak ondoren.
Zortzi urte baino ez nituen nik, 1953an., Loroñok etapa irabazi -Aubisque gailurra Koblet handiak baino bost minutu lehenago gainditu ostean- eta mendi-sailkapenean aurrena geratu zenean. Hamabi urte, berriz, 1957ko Tourrean bosgarren postua lortu zuenean. Artean ez genuen tabernetan sartzeko adinik ere, baina Isasi barreneko atea ireki baino ez genuen, aurrez aurreko ispilua ziztu bizian ikusteko.
Hugo Koblet, Gino Bartali, Fausto Coppi (1) eta Louison Bobet mitikoen (2) aroa zen. Ordurako hainbat lasterketa eratu ohi ziren Eibarren urtean zehar eta 1952an. antolatu zen lehen “Gran Premio Bicicleta Eibarresa” delakoa.
.
Laisekaren ipurgaina
Bigarren oroitzapena, berriz, 2001eko Tourrekoa, Roberto Laisekak, “Pays Basque” izena elastikoan zeramala, Luz Ardideneko etapa irabazi zuenekoa.
Eusko Jaurlaritzaren Industria, Energia eta Turismo sailaren komunikazio-arloan aztertua genuen Euskaltel-Euskadi taldearen elastikoan “Euskadi” jarri beharrean ez ote zuen merezi “Pays Basque” adieraztea, eta, bularrean ez ezik, baita culottean ere. Eta ez ezker-eskuineko izterretan, ipurdi gainean baizik.
Hainbat eztabaida izan zen “Pays Basque” deitura ipurtezurrean jarri ote genezakeen baina, benetako ordua heldu zenean, Laisekak Luz Ardiden bidean frogatu ahal izan zuen lekurik aproposena zela, hamaika kilometro egin baitzituen ihesi, bakarrik, Armstrong eta Ullrich atzean utzita eta… telebista-kamera atzekoz aurrera bertatik bertara zeramala.
Ordu erdi luzeko publizitate-spota. Gainerako munduaz gainera, Frantziako eta Espainiako audientzien aurrean “Pays Basque” leloak sekula izan duen ikusentzuleriarik handiena. Eta, txirrindularia, frantsesa behintzat, ez zen.
.
1) Coppi 1959an. pasatu zen Eibartik, azken aldiz.
2) Lauon “kromoak” estimu handitan genituen.
Tour 2001: Pays Basque