Dena aldatzen da
Dena aldatzen da –
Miren Segurolak Uztarria aldizkarian.
Dena aldatzen dela abesten du Ines Osinagak. Eskuz esku aldatzen duela distira diamanteak, edota txoriak habia, eta arnasa amoranteak. Ibiltariak ere bidea aldatu egiten duela maiz. Dena aldatzen da, bai, eta Azpeitia ere aldatzen ari da. Bazter honetan duela zenbait aste aipatu nuen moduan, biztanleriaren datuak ikusita nabarmena da Azpeitian ere aldatu egin dela bai herritarren, baita euskaldunen profila ere, udalerri euskaldun gehienetan bezala. Eskolak ezagutza bermatu du, baina gero eta herritar gehiago ditugu jatorriz euskaldunak ez direnak, eta horrela ulertzen da etxeko erabilerak azken 30 urtean izan duen bilakaera: %76tik %62ra, hamalau puntu behera eginez.
Izan ere, hizkuntzaren erabilerari zuzenean eragiten diote demografiak eta migrazio-mugimenduek. Horregatik, horiek aztertu ditu Uemak herriz herri, estatistika ofizialak iturri hartuta, udalerri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoa ikusteko. Azpeitiari dagokionez, hilabete honetan ezagutarazi ditu datuak, eta argi ikusten da azken urteotan herritik zein Euskal Herritik kanpo jaiotakoen kopuruak nola egin duen gora. 2001ean Azpeitian bertan jaiotakoak %60 ziren, Hego Euskal Herriko beste herrietan jaiotakoak %30, eta atzerritarrak %8,6. 2021ean, berriz, Azpeitian jaiotakoak %57 ziren, Hego Euskal Herriko beste herrietan jaiotakoak %27 eta atzerritarrak %15. Ez dago esan beharrik gure herriak zenbateraino aberasten dituzten beste herrietatik etorritako herritar berriek, beraien kulturarekin eta hizkuntzekin, besteak beste. Gure aldetik, herritar horiei dagokien harrera egiteko, ez daukagu euskara erakustea eta irakastea baino zubi hoberik. Azpeitia udalerri euskalduna den heinean, euskararen garrantzia, historia, egoera eta bilakaera ezagutaraziz, euskaratik eta euskaraz ongi etorri ederrena egin diezaiekegu.
Datuak eskuan, hamar herritarretatik lau Azpeititik kanpo jaiotakoak baldin badira, eta lau horietatik bat baino gehiago Euskal Herritik kanpo jaiotakoa baldin bada, ezinbestean errealitate horretara egokitutako hizkuntza politika beharko dugu hurrengo urteotan, arlo guztietan. Herritar horiek euskarara erakartzeko eta gonbidatzeko ekimenekin, euskaldunduta azpeitiar petoak bihurtzen direla erakutsiz eta herria askoz gehiago ulertuko eta gozatuko dutela ikusaraziz. Dena aldatzen denez, guk ere aldatu behar dugu, ezinbestean, errealitate berrira egokitzeko.
Dena aldatzen da