Eskolarik ez, liburutegi duinik gabe
Eskolarik ez, liburutegi duinik gabe –
Irakurtzen dutena ulertzeko zailtasunak dituzte gazteek, azken kanpo-proben arabera. Ezinbestean dator galdera: irakurtzeari eta irakurzaletasunari nahikoa garrantzi eta denbora ematen al diegu etxean eta eskolan? Eskoletako liburutegiek ba al dute izan behar luketen zentraltasuna? Liburu (interesgarri)z betetako apalak, ikasgelak eta liburutegiak al ditugu gure ikastetxeetan?
PIRLS nazioarteko kanpo-probaren arabera, irakurtzen dutenaren ulermena okerrera egiten ari da azken urteotan, 10-11 urte inguruko haurrengan. Nafarroa Europar Batasunaren batez bestekotik behera geratu da proba horretan, eta EAE aurten ez da aurkeztu, baina aurreko proban ez zituen emaitza onak atera. Aste berean, manifestua kaleratu dute Espainiako Estatuko hainbat akademikok, tartean Hego Euskal Herriko unibertsitatekoek: eskoletako liburutegiak berreskuratzea eta dinamizatzea eskatzen diote administrazio publikoari, plataforma digitaletako irakurgaiek ez dezatela paperezko liburutegia ordezkatu (aberastu baizik), ezagutza eta informaziorako sarbide izugarria direlako liburutegiak, eta denentzako direlako gainera, egoera sozio-ekonomikoa dena delakoa.
“Lehen, eskola guztietan zegoen liburutegi arduraduna eta leku batzuetan jardunaldi osoko lanaldia izaten zen, baina hori poliki-poliki desagertzen joan da”
Eskolako liburutegiak ez ditugula behar bezainbeste zaintzen adierazi zigun Parean elkarteak: “Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila bera da liburutegien aldeko apusturik egiten ez duena: lehen, eskola guztietan zegoen liburutegi arduraduna eta leku batzuetan jardunaldi osoko lanaldia izaten zen, baina hori poliki-poliki desagertzen joan da”.
Zure herriko ikastetxeek ba al dute liburutegia? Duina al da, leku atsegina, liburu eskaintza zabala duena? Ba al dago norbait nahikoa denbora eskaintzen diona liburuak ekartzeari, aukeratzeari, aholkatzeari…? Ikasgelak liburuz betetako espazioak al dira oraindik? Eta etxeko pasillo, egongela eta logelak?
Behin istorio interesgarriz betetako apalak eskura ditugula, irakurzaletasuna sustatzeko gakoak ez dira sekretua: haurrak berak liburuak eta gaiak aukeratzea, elkarri gomendatzea, eskolan eta etxean patxadaz irakurtzeari denbora eskaintzea (isilean, ozen, bakarka, elkarrekin, taldean, zalantzak eta inpresioak partekatzen…), eta jakina, helduok ere irakurzaletasunari eustea, nekez transmitituko baitugu irakurketarako pasiorik, guk geuk gozatzen ez badugu.
Eskolarik ez, liburutegi duinik gabe