Esperantza eta desesperantza
Esperantza eta desesperantza –
Heriotzaren ezinbestekotasunak beldurra ematen du, eta beldur hori ei da gizakion gainerako beldur atabiko ugarien jatorri eta eredu (mikrobio pandemikoz kutsatzeari beldurra, sugeari, iluntasunari, ezezagun batek ezustean oratua izateari, Andoni Ortuzarri…).
Eta filosofiaren zeregin nagusietakoa denez edozein beldur apaltzen eta sendatzen laguntzea, heriotzaren beldurrari erantzun behar izan dio sortu zenez geroztik, erlijioak bezala. Halatan, filosofiari, etorkizunaz diharduela, eta ez baldin bada etorkizunaren garrantzia erlatibizatzera animatzen, zaila izaten zaio kutsu mesianikoa zeharo baztertzea (batez ere filosofia politikoan gertatu da).
Orain arte, hil ostean arima gorputzetik bereizi eta eternitatean sartuko dela, esperantza erlijiosotzat genuen eskuarki, dualistek etorkizunari begira eta heriotzaren beldurra uxatzeko asmaturiko baliabidetzat.
Aldiz, monistak eta materialistak dira Singulartasunaren Unibertsitatean gizakiak heriotza desagerrarazi eta betiereko bilaka daitekeela aldarrikatzen ari diren ingeniari eta filosofoak, adimen artifiziala garatzen dihardutenak. Berandu baino lehen lortuko ei du adimen artifizialak bere buruaren kontzientzia, bere burua pentsatzen ikustea, Turingen testa gainditzea, hunkitzea, beldurtzea, desesperatzea, mendekatzea. Eta, ohartuko denez gizakia dela bere garapena eta ahala kontrolatzen duena eta eragotz dezakeena, errukirik gabe suntsituko du. Beldur handia diote adimen artifizialaren sortzaileek adimen artifizialaren etorkizunari; telesailek utopiak baino maizago erakusten dizkiguten distopietan garbi ageri da esperantza handiek ekarri izan dituztela katastroferik latzenak.
Edonola ere, zerua bezain zalantzagarria da heriotzaren heriotza, eta horregatik da arriskutsua, filosofiak helburu duen bizitza zoriontsuari begira, etorkizun distiratsu horien esperantzari atxikitzea. Ez zuten alferrik bultzatu esperantzari ukoa estoikoek, Epikurok eta, zer esanik ez, Pirronek. Senekaren ustez, ondo bizitzeko oztoporik handiena da esperantza izateagatik gaurko eguna alferrik galtzen uztea. Spinozaren esanetan, ez dago beldurrik gabeko esperantzarik, ez esperantzarik gabeko beldurrik. Antzeko ikuspuntutik idatzi zuen Goethek ere esperantza dela gizaki malerusaren bigarren arima. Tradizio horretan oinarriturik idazten ari da gaur egun André Comte-Sponville ere desesperantzaren alde, hau da, etorkizunaren atxikimendutik libratzearen alde.
Esperantza eta desesperantza
Heriotzaren beldurrean dagoke partikulazki, azken garaietan jada, zure iragan bizitzaren eskastasuna konponezina eta behin betikoa geldituko delako kontzientzia malurusa. Egiteko gai sentitzen zinen edo egin nahiko zinuen hainbeste lan egiteke utzi behar. Kristauak berez hobeki prestatuak izan beharko lirateke “finitudearen” sentimendu hori bizitzeko.( finitude hitzaren aurrean Nola Erran hiztegia mutu egoiten da arraioaa!)
Ene izenean mintzatuko banintz behar bezala, hobeki erranen nuen “[…] gai sentitzen nintzen eta egiaz gai izan ez nintzen[…]”
Beñat,
Anglesez eta francesez finitude.
Espainolez finitud
Naffarreran: finitude
Leiçarraga “erdaltzale amorratua”ri esquer daquigu guc hau!
Aditu ezak Garirena eta eman bakea.