Aro aldaketaren aurkia eta ifrentzua

Aro aldaketaren aurkia eta ifrentzua –

Aro aldaketaren aurkia eta ifrentzuaOraindik ez da erabat amaitu askapen nazional eta sozialaren aldeko guduaren aroa, ez baitute amaiarazi nahi, ez indar espainolek, ez eta haien laguntzaile baliagarria eta leiala den hemengo alderdi autonomista-federalistak ere. Madrildik presoen gaineko mendeku judizialekin jarraitu nahi dute epaile neofrankistek, eta hemengo unionistek, bereziki PPk -PSEk eta PNVk halaber-, etekin politikoa ateratzen jarraitu nahi dute, zoru etikoaren mantra ehunetik laurogeita hemeretzian politikoa denarekin, eskrupulu etikoen itxurapean, interes politiko gordina ezkutaturik. Frankismoaren 40 urteko estatu-terrorismo eta diktadura ankerra gainzuritzeko, hots, demokrata homologatuak bihurtzeko, Francoren heriotzatik zazpi urte nahikoa izan ziren, bereziki PSOEk bozak irabaztea 1982an -1981eko estatu-kolpe neofrankistaren eragin erabakigarriarekin-, eta harrezkero alderdi demokrata espainolek ez dute eskrupulu etikorik agertu, ez diete zoru etikorik galdegin frankismoaren oinordekoei, eta demokrata espainolen zabarkeriaren edo koldarkeriaren ondorioz, ikusten dugu PP-Vox zein haziak eta harropuztuak dabiltzan!; haatik, borroka armatuaren amaieratik hamabi urtera kasik, oraindik EHBilduren deabrutzeari eusten diote, arrazoi soilik politikoengatik. Non geratu da borroka armatuaren garaian hainbestetan entzuten zen lelo hura: armak utziz gero, edozertaz eztabaidatu ahal izango da.

Aurkia eta ifrentzua aipatu ditugu izenburuan. Aurkiaren ataletako bat da -garrantzitsuena, beharbada- lasaiago bizi garela, guduan erabat nahasi ez ginenok ere. 90eko hamarkadaz geroztik, bereziki Lizarra-Garazikoaren ondotik, tentsio politikoa oso bortitza izan zen, eta denok sufritu genuen; eta hori, beharrik, baretu da, nahiz gorago esan bezala, erabat amaiarazi ez den egin, interes politikoengatik ez delako amaiarazi nahi.

Eta ifrentzua? Aro zaharrean, kasik Hego Euskal Herriko erakundeetan soilik parte hartzen zuen mugimendu politikoak estrategia aldatu du, eta bere helburuak lortzeko baliagarri jota, borroka instituzioetara bideraturik, Madrilen erabakigarri izan nahi du, eta horretan gara, eta estrategia horrek beste desafio bat dauka hemendik bi hilabete eskasera, Madrileko parlamentuko bozetan. 

Estrategia aldaketa horretan eragin du, dudarik gabe, gizartearen neke eta bilakaera indibidualista-kontsumista orokorrak eta horrekin batean, Hego Euskal Herrian, EAJrekin arazo nazionalean bat egin ezin izanak; bereziki, alderdi autonomista-federalistak lehentasuna eman diolako botere autonomikoa sendotzeari, eta estatuarekin guztiz ezinezkoa den berdinen arteko nahi omen litzatekeen alde biko harreman zintzoa lantzeari, estrategia horrek eskumen borroka eternalera kondenatzen duelarik.

Azken bozetan boto-galera izan duelarik, EAJk zer egingo duen badakigu, beraiek esanik: PSOE-PSE espainolari lotua jarraitu, abertzaleen arteko elkarlana ezinezko bihurturik -borroka armatua zegoenean baino garbiago ikusten dira orain EAJren muga autonomistak eta aliantza espainolak-. 

Zer egin behar du orain EHBilduk? Sanchezek egindako dei larriari: PP-Vox ala ni?, beste indar demokrata espainol aurrerakoiekin bat egin, eta guztiok lerroz lerro espainiar faxismoaren aurka paratu ala jarrera kritikoa agertu, bide batez Euskal Herriaren arazo nazionala azaleratzeko baliatuz?, zeren aro berri honen ifrentzu tamalgarria da arazo nazionala, linguistiko-kulturala dena funtsean, alderdi linguistiko-kulturala duena bereizgarri nabariena, kasu gehienetan lausotu eta difuminatu egin dela ongizate estatuaren aldarean, eta segur aski leku erdaldunenetan ezabatu.

Aro berri honetan, gure egunerokotasun espainola ez da ikusten, ez da sentitzen edo ez da ikusi eta sentitu nahi. Garrantzizkoena ongizatea da, eta ongizate horretan ez da sartzen norberaren nazio eta hizkuntza-identitatea aintzat hartzea, soilik arazo sozialak.

Egia da PP-Vox Madrilen nagusitzeak beldurra ematen duela; eta, horrenbestez, babes kritikoa ematea izan liteke arrazionalena aro berri honetan, eta Kataluniako independistekin -ERCren estrategiaren emaitza hutsala izan dela denok ikusi dugu- batera, beste dinamika batzuk abiaraztea Katalunian eta gurean, arazo nazionala, funtsean, linguistiko-kulturala dena nabarmentzeko, garbi uzteko, eta Madrilen ez ezik, Hego Euskal Herrian ere azaleratzeko eta horren ondoriozko neurriak hartzeko. 

Esaterako, EHBilduren agintarietarik izateko, erakunde garrantzitsuenetan buru izateko, ezinbesteko baldintza izan behar luke euskara maila ona izatea -militante izateko ere baldintzak jartzea!-, hots, euskarari balio politikoa ematea -euskarak egungo egunean balio komunikatiboa eta komertziala ez ditu handiak, baina potentzialitate handia du, objektiboki, beste komunitate bat osatzen dugula garbi sentitzeko eta sentiarazteko!- eta etxe barrua ondo antolatzea; alderdi bat edo alderdien koalizio bat mikrogizarte bat denez gero; eta erdaldunak zenbat eta gorago, orduan eta erdalduntzaileago gerta litezkeelako, etxe barruan ere.

Guri ez dagokigu Sanchezen edo estatu espainolaren arazo politiko-sozialak konpontzea, burujabetzari buruz urratsak egitea baino, eta une honetan, ezin gara kontentatu espainiar faxismoari denok espainol hutsak bagina bezala aurre egitearekin. Ala aro aldaketarekin, politikoki, ezkerreko espainol hutsak bihurtu gara? 

Aro aldaketaren aurkia eta ifrentzua

Saiakera-idazlea

Zer duzu buruan “Aro aldaketaren aurkia eta ifrentzua”-ri buruz

  • Aro politiko berri honetan, inoiz baino espainolagoak garenik ez dut uste inork zalantzan jartzen duenik. Hain da nabarmena!!!! Azalezina dena, bozketetan inoiz izan den bozka abertzale kopuru handiena dagoenean, hain espainiarrak bihurtu izana da. Ez da izango bada, gaur egungo abertzaleak horren abertzale ez direla???? Arriagako espiritua erabat zabalduta dago, “Espanian eroso biz gaitezen, hori da gure patua i”.