Etakideei zigorrak arintzeko modua aztertuko duen ikerketa diruz lagundu du Espainiako Gobernuak
Espainiako katedradunak, abokatuak eta epaileak dira proiektuaren sustatzaileak. “Zein ekarpen egin dezake Zuzenbide Penalak ETAren terrorismoarekin amaitzeko?” du izenburu Gobernutik 35.000 euroko diru laguntza jaso duen proiektuak. Besteak beste, presoak hurbiltzea, barkamen eskaera ezabatzea eta Parot dotrinaren aldaketa landuko dituzte.
“Etakideei aplikatu behar zaizkien neurriak beste presoenak bezalakoak” izatea da ikerketa proiektu honen oinarria. “Terrorismoak beste delitu batzuk baino trataera askoz gogorragoa izan du eta horrek ez du zentzurik”, azaldu du Antonio Cuerda Zuzenbide Penaleko katedradunak Europa Pressek jasotako informazioan. 35.000 eurorekin lagundu du Espainiako Zientzia eta Berrikuntza ministerioak ikerketa.
“Bake soziala” lortzeko asmoz abiatutako proiektua da hau, “errealitateaz arduratuta” daudela frogatu nahi dute justiziagileek, tartean, Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak, Ricardo de Prada Auzitegi Nazionaleko magistratuak eta Antonio Cuerda Zuzenbide Penaleko katedradunak. Hiru urte barru agintean izango den gobernuari aurkeztuko dizkiote ondorioak.
Hauek dira “Zein ekarpen egin dezake Zuzenbide Penalak ETAren terrorismoarekin amaitzeko?” proiektuaren abiapuntuan dauden ideiak, Antonio Cuerdaren arabera:
- “Diskriminatzea” da etakideek barkamena eskatu behar izatea. “Zergatik ez dute bortxatzaileek barkamenik eskatu behar baldintzapeko askatasuna lortzeko?”.
- “Bidegabea” da atxiloketaren osteko bost eguneko inkomunikazio aldia. “Haien abokatua izendatzeko aukera ez izatea ere ez da justua, preso arruntek ez dute halako mugarik”.
- ETAko presoak Euskal Herrira hurbiltzea iradokitzen du “bergizarteratzea” errazteko.
- Baldintzapeko askatasuna ezartzea horretarako baldintzak betetzen dituzten preso guztiei.
- Indultu indibidualak ematea presoaren jarreraren arabera. “Amnistia orokorra gurutzatu ezin den marra gorria da”.
- Terrorismoaren goraipamena delitua Kode Penaletik ezabatzea. “Jarrera horiek zigortzeko beste bide batzuk daude”.
- Parot dotrina “bergizarteratzeari begira” oztopoa izan daitekeela eta, aldatzea. Preskripzio eza baimentzen duen legea ere moldatzea.