Erantzuna Eugenio Ibarzabali
Erantzuna Eugenio Ibarzabali –
Esan dut ezustean harrapatu nauela egileak, zeinak ibilbide intelektual nabarmena izan duen, antza ahaztu egin duelako demokrazietan herritarrek legitimazio kolektiboko bi maila ezberdin eratzen dituela. Batetik, herritarrek, herri diren aldetik, beren burujabetza gauzatu eta ordezkariak hautatzen dituzte, botereak eratu eta, izatez, gobernua botere exekutiboaren bitartez garatzen du.
Baina herri izateaz gainera, herritarrek beste legitimazio maila edo ildo bat ere eraikitzen dute, oinarrizko eskubideen gainean antolatzen den jendarte gisa. Jendarte horrek baditu helburu etiko, erlijioso, sozioekonomiko, kultural, solidario, etab. oso ezberdinak eta, tarteka, kontrajarriak. Eta elkartzeko askatasuna medio jendarte zibileko erakundeek oinarrizko askatasunak gauzatzen dituzte, besteak beste iritzia ematekoa edo manifestazioari buruzkoa. Jendarte zibileko erakundeoi legitimazioa datorkie beren bazkide, afiliatu edo kidekoengandik, eta sarritan saiatzen dira beste legitimazio-ildoan eragin politikoa izaten, politikak, jarduera legegilea edota gobernuen eginkizuna baldintzatzeko. Hala egiten dute, jakina, sindikatuek, baina baita ere patronalek, GKEk, mugimendu sozialek, erlijio-taldeek, eta abarrek.
Deigarria da egileak “bi eredu” baino ez aipatzea. Ezen komunikabide, pentsalari, patronal eta negozio-eskola oso boteretsuek egunero baliatzen baitute iritzia emateko eta eragiteko askatasuna, nire ustez sindikalismoak baino askoz ozenago, eta sindikatuok proposatzen ditugun politiken kontra. Aldi berean, hemen beste erakunde ugari mobilizatzen da indar handiz: feministek, pentsiodunek, pazifistek eta beste askok egunez egun hartzen dituzte gure herrietako kaleak. Milaka lagunek erregularki bizi dute beren askatasun erlijiosoa kultu-guneetan eta kalean. Haien liderrak etengabe mintzatzen dira hedabideetan. Mugimendu sozialak, gobernuz kanpoko erakundeak eta beste hainbat egunero-egunero ari dira lanean eta botere legegileari zein exekutiboari eragiten saiatzen dira.
Jakina. Alabaina, egileak soilik ekintza sindikalari erreparatzen dio, gobernuaren ekintzarekin kontrajarriz, herritarrak aukeratu behar balu bezala, herri edo jendarte izan nahi duen, hauteskunde politikoetan bozkatu edo sindikatu bateko afiliatu bihurtu. Berriz esango dut: harrituta nago… baita goibelduta ere, artikulugileak ospe handiko ibilbide intelektuala egin baitu honez gero, eta goi mailako ardura instituzionalak izan baititu (Ardanza lehendakariaren garaian Lehendakaritzako idazkari nagusi eta gobernuaren bozeramaile izan zen).
Daron Acemoglu ekonomilari turkiar ezagunak, zeinak garapena eta gure jendarteetan instituzioek duten eginkizuna sakon aztertu duen, esaten du herrialde baten arrakasta funtsezko bi elementuren ondorio dela: 1) jendarte mobilizatua eta 2) instituzio integratzaileak, jendarte zibil mobilizatuaren eskariak ongi hartzen dituztenak (nahiz ez duten zertan haiekiko esanekoak izan).
Gure klase politikoak ondare bat jaso zuen, 78ko erregimeneko markoa, eta hor jendartearen mobilizazioarekiko mesfidantza da nagusi; areago, zenbait kasutan ekintza kolektibo eta erreibindikatiboa kriminalizatu egiten du. Alde nabarmena dago Iparraldeko aktore sozialek hautetsi, instituzio eta gobernuekin duten harremanari dagokionez; aski da Bidasoaz bestaldera joatea hori ikusteko. Agian diktadorea garaitu ez izanaren prezioa da (portugesek bai lortu zutela), eta gure prozesu politiko eta instituzional asko eta asko elite errepresentatiboen esku utzi izanarena. Hipotesi hori daukat gogoan, nahiz eta ez den hau garatzeko unea. Litekeena da ere nik arrazoirik ez izatea. Nolanahi ere, argi dago gure jendartea, euskal gizartea, oso mobilizatuta dagoela. Guztiok poztu beharko ginateke horregatik. Haatik, ez nago hain ziur instituzio benetan integratzaileak ditugunik. Horregatik, etsigarria da gure herriko pentsalari ospetsuek fokua hainbeste ixtea kalean gertatzen dena azaltzerakoan, gobernuek defendituko dituen aitzindaririk ez balute bezala. Oso etsigarria da.