Javier Bardem Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko kartelean eta Donostia Sari bat
Javier Bardem Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko kartelean eta Donostia Sari –
Aktore espainiarrak Oscar sari bat, Urrezko Globo bat, BAFTA bat eta zazpi Goya irabazi ditu, baita aktore onenaren saria ere Cannesen, Venezian eta Donostian, eta irailaren 22an (ostirala) egingo den inaugurazio ekitaldian lehiaketaren ohorezko aintzatespenik handiena jasoko du
Dimensión publizitate-agentziak Nico Bustosen argazkietan oinarrituta sortutako poster ofizialaren irudiak aktoreak bere interpretazioetan erakutsitako izaera aldakorra omentzen du
Javier Bardemek Donostia Sari bat jasoko du Donostia Zinemaldiaren 71. Edizioan. Aktore espainiarra bi aldiz izango da protagonista Zinemaldian: batetik, Zinemaldiko ohorezko sari garrantzitsuena jasoko du, 1986. urtetik aurrera zinemaren munduko pertsona handien ibilbidea eta ekarpena aitortzeko ematen dena; bestetik, hurrengo edizioko kartel ofizialaren irudia izango da.
Sari emate ekitaldia 71. edizioaren inaugurazio galan egingo da, irailaren 22an (ostirala), Kursaal Auditorioan, Bardem Zinemaldira lehendabizikoz etorri zenetik hogeita hamar urte igaro ondoren; 1993. urtean Bigas Luna zuzendariaren Huevos de oro filma Sail Ofizialean eman zenean izan zen Donostian.
Javier Bardem (Las Palmas Kanaria Handikoa, 1969) gaur egun nazioarteko aintzatespenik handiena duen aktore espainiarra da; ehun saritik gora eskuratu ditu, besteak beste, honako hauek: Oscar, Urrezko Globo eta BAFTA bana No Country for Old Men filmarengatik (2007); Goya bana Días Contados (1994), Boca a boca (1995), Los lunes al sol (2002), Mar adentro (2004), Biutiful (2010) eta El buen patrón (2021) filmengatik; eta dokumental onenaren Goya saria Hijos de las nubes, la última colonia (2012) filma ekoizteagatik. Halaber, Europako Zinema Akademiaren saria, Platino saria eta zinema-jaialdi nagusien aintzatespenak ere jaso ditu: aktore onenaren saria Cannesen (Biutiful, 2010), Volpi Kopa Venezian (Before Night Falls, 2000; eta Mar adentro, 2004) eta Zilarrezko Maskorra 1994. urtean (Días Contados eta El detective y la muerte).
Donostiak aktorearen ibilbidearen bilakaerari jarraitu dio azken hiru hamarkadetan, gure jaialdira egin dituen hogei bisiten bitartez: lehenengoa Huevos de oro izan zen (Bigas Luna, Sail Ofiziala, 1993); azkenekoa, El buen patrón (Fernando León de Aranoa, Sail ofiziala, 2021); 1994an aktore onenaren Zilarrezko Maskorra ere jaso zuen Imanol Uriberen Días contados eta Gonzalo Suárezen El detective y la muerte filmengatik; Álex de la Iglesia eta Pedro Almodóvar zuzendariekin lankidetzan egindako lanengatik ere izan da Donostian 1997an eta 1998an (Perdita Durango –Belodromoa– eta Carne trémula –Made in Spain–, hurrenez hurren); azkenik, John Malkovich estatubatuarrari Donostia Saria ematera ere etorri zen 1998an. Zinemaldia Bardemen nazioarteko ibilbidearen hasieraren lekuko izan da, Before Night Falls (Julian Schnabel) Zabaltegi-Perlak sailean eman baitzen; halaber, 2000. urtean Robert de Nirori Donostia Saria eman zion, eta bi urte geroago, gainera, John Malkovichen The Dancer Upstairs lana Zabaltegi-Perlak sailean aurkeztu zuen. Orobat, Bardemen ibilbidea sendotzeko prozesuaren lekuko ere izan da Zinemaldia Los lunes al sol (Fernando León de Aranoa, Sail Ofiziala, 2002) eta Vicky Cristina Barcelona (Woody Allen, Zabaltegi-Perlak, 2008) filmekin; 2008an Zinematografiako Sari Nazionala bereganatu zuen Bardemek, Julia Robertsi Donostia Saria emateaz eta Eat Pray Love (Ryan Murphy, Sail Ofiziala lehiaketaz kanpo, 2010) aurkezteaz gain. Eta Bardemek ekoitzi dituen lanak ere izan dira Zinemaldian: Hijos de las nubes, la última colonia (Made in Spain, 2012), Bigas x Bigas (Sail Ofizialeko emanaldi berezia, 2016), Loving Pablo (Perlak, 2017) eta Sanctuary (2019).
Javier Bardem Zinemaldiko ohorezko saririk garrantzitsuena jaso duen seigarren interprete espainiarra da, Fernando Fernán Gómez (1999), Paco Rabal (2001), Antonio Banderas (2008), Carmen Maura (2013) eta Penélope Cruzen (2019) ondoren.
Zinemaldiak kartel-linea berria ezarri zuen 2018an, zinematografia garaikidearen figura bat buru zuela. Isabelle Huppert, Penelope Cruz, Willem Dafoe, Sigourney Weaver eta Juliette Binoche izan dira, Bardemen aurretik, Zinemaldiaren irudi ofizial, eta aurten Dimensión publizitate-agentziak sortu du irudi ofiziala, Nico Bustos argazkilariak egindako bi argazkitan funtsatuta. Irudi-gainezarpenak, orri akastunen baliabidearen bidez, Javier Bardemen aldakortasun-talentua eta gorpuzten dituen pertsonaietan eraldatzeko duen ahalmena omentzen ditu.
Dimensión agentziak gainerako sailetarako kartelak ere egin ditu. José Luis López de Zubiria argazkilariarekin batera, erretorika bisuala erabili dute zenbait objekturen eta sail bakoitzaren ezaugarri espezifikoen artean loturak –hain agerikoak ez direnak– sortzeko: ausardia New Directorsen kasuan, energia Horizontes Latinos sailean, aurreikusi ezin dena Zabaltegi-Tabakaleraren kasuan, apartekotasuna Perlaken, ausardia Nest sailean, ondarea Culinary Zineman eta nortasuna Zinemiran.