Ostiralean elkarretaratzea egin genuen Erandioko udaltzainen hizkuntza eskakizunen sententziaren aurka
elkarretaratzea Erandioko udaltzainen hizkuntza eskakizunen sententziaren aurka –
Berbots euskara elkartearekin eta ELArekin batera mobilizatu gara udaletxearen aurrean, Erandioko Udalari eta alkateari eskatu asmoz hizkuntza eskubideak irmoki babesteko, eta erakundeei, berriz, oinarri juridiko sendoagoak lantzeko.
Epaile batek erabaki du Erandioko Udalak 2007an udaltzain lanpostu bati ezarri zion derrigortasun data kendu egin behar diola, udaltzain interino batek ez daukalako lanpostu hori betetzeko eskatutako hizkuntza gaitasunik.
2007an Erandioko udaltzainen plantillan baziren 12 lanpostu hizkuntza eskakizuna betetzeko derrigortasun barik. Kontuan hartuta udaltzainen lanpostuak jendaurrekoak direla, hizkuntza normalizazioan aurrera egiteko urratsak eman ditu udalak, eta plangintzaldi bakoitzean, apurka-apurka, euskara eskakizuna derrigorrezkoa duten lanpostuak gehitzen joan dira, herritarrak euskaraz zein gaztelaniaz artatuak izateko eskubidea bermatu ahal izateko.
Hizkuntza berdintasuna bermatzeko tresnak eskatzen ditugu, eta jendaurreko lanpostuetan ofizialak diren bi hizkuntzak ezagutzea ezinbesteko baldintza izan behar du eta horretarako beharrezko diren tresnak jarri behar dira, herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko, zerbitzu publikoa behar bezala bermatu ahal izateko.
Gogora dezagun, LABek, ELAk eta Kontseiluak adostuta, EAEko administrazio publikoa euskalduntzeari epe zehatza jarri geniola, 15 urtekoa, auzi honi determinazio osoz eta atzerapenik gabe erantzuteko garaia dela uste dugulako.
Orain, 2023. urtean, epaile batek normalizatu nahi duena da espainolaren nagusitasuna, espainolaren inposaketa. Udal-autonomiaren aurkako eraso judizialei aurre egin behar zaie. Euskararen kontrako oldarraldi hori gelditu egin behar da, eta lan-eskubideak eta euskalduntzea bateragarri egin behar dira.
Horregatik eskatzen diogu Udalari eta alkateari hizkuntza eskubideak irmoki babesteko, eta hizkuntza berdintasunerako lanari ekiteko, asko direlako oraindik Erandioko Udalean eta herrian ditugun oztopoak euskaraz lan egin eta bizi nahi dugunontzat.
Eta, beste maila batean, EAEko instituzioei eskatzen diegu oinarri juridiko sendoagoak lantzeko euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko.
Ostiralean elkarretaratzea egin genuen Erandioko udaltzainen hizkuntza eskakizunen sententziaren aurka