Pantailak (Atik Zra)

Pantailak (Atik Zra) –

Pantailak (Atik Zra)Pantailak dira etsai berria edo pantailak dira salbaziorako aukera berria, nondik begiratzen den bata eta bestea, bata ala bestea. Egia da horrekin arazo larria eta larrigarria dugula, egia da askoz gehiago egin zitekeela, egia da hori guztia. Eta honek sortzen ditu elkarrizketetan, sare sozialetan eta abarretan, diskurtso eta eztabaida sutsuak. Eta, azken aldian, gainera, honi lotutako mugimendua egituratu zaigu, eta ez da gutxi, euskaltzaletasunak bizi duen apalaldia kontuan hartuta (bide batez, Biba Pantailaldia! itzela izan da! eta biba Zer non ikusi).

Baina … kontxo, gure arazoa multifaktoriala da eta multifaktoriala den konponbidea behar du. Bai, multifaktoriala, bai. Eta ezin da (sentitzen dut pila bat, baina hala da) pentsatu euskararen erabilera txikiaren erantzule nagusia pantailak direnik. Ezin da, laguntzen duen faktorea da, jakina, baina ez da faktore nagusiena, ez da faktore kritikoena. Hala ere, eta berriro diot badaezpada, gaur eta hemen dugu arazo larri bat horrekin, oso larria, komunitate modura pentsatuta (eta askoz gehiago eta eraginkorrago egin daiteke, duda barik).

Gainera, pantailenak badu gustuko ez dudan foku bat. Eta dira umeak, dira gazteak. Non eta ume eta gazte horiek direnean euskara gehien erabiltzen dutenak (begiratu bestela Kale Neurketen datuei eta Iñaki Iurrebasoren ikerketei). Non eta erabileraren auzia batez ere ebazten denean beste adin tarte batzuetan, jendartean eragin gehien duten adin tarteetan, helduena edo heldu gazteena (Klusterraren proposamen berria da kategoria hau, 44 urte bitartekoentzat). Tatami horietan ere erabiltzen ditugu pantailak, nongura eta noizgura, tatami horietan pantailaz gain, beste mila faktorek dute eragina (gaitasunetik hasita harreman sareetaraino, eta abar).

Politika duinagoak behar ditugu esparru honetan, politika duinagoak eta aurreratuagoak, partxeetatik eta herri ekimenetatik harago. Eta kontsumoa, eta … Baina Libe Mimenzak nik baino hobeto adierazi du: “urgentziaz ohartu eta berehala ikus-entzunezkoen herri estrategia bat zehazteko + diruz hornitzeko + bikoizketa/azpidazketa/sorkuntza makinariak martxan jartzeko”. Hala bedi!

Pantailak (Atik Zra)

3 pentsamendu “Pantailak (Atik Zra)”-ri buruz

  • Esango nuke Pantailak Euskaraz ekimenekoek ez dutela sekula esan “euskararen erabilera txikiaren erantzule nagusia pantailak direnik”. Baina argi esaten dute, eta hala uste dut nik ere, ikusentzunezkoena (telebista-ordenagailu-MUGIKOR-irrati…) eremu erabakigarrienetako bat dela. Aski da kustea zenbatek eta zein maiztasunez kontsumitzen ditugun batzuk, besteak edota guztiak.
    Herri-ekimen independentea, alderdi guztietatik askea, ezinbestekoa dugu. Areago gauden egoeran, non estatu zapaltzaileen eta bere adarren (alderdi, sindikatu eta bestelako erakundeak) ekimen etengabeari, alderdi abertzaleen arduragabekeria, EAJrena batez ere, gehitu behar zaion.
    Pantailak Euskaraz, Arnas Dezagun, Hitzartu EiTB, Administrazioan Euskaraz… etsipenetik sortutako mugimenduak dira. (des)Gobernatzen gaituzten alderdien utzikeriaz (EAEn) edo erasoez (EH osoan baina bereziki Nafarroan eta Iparraldean) nazka-nazka eginda.
    Iñaki Iurrebaso aipatu duzunez gero, hona ekarriko ditut apirilaren 22an Hezkuntza eta Hizkuntza jardunaldian esan zituen hitz batzuk: “Ikastetxeetan, ikastaldeen osaketa irizpideak ikertu eta birplanteatu beharra dago. Zorionez Arnas Dezagun ekimenak mahai gainean jarri zuen gai hau,orain arte ezkutuan zegoena. Taldeen osaketak ondorio zuzenak baititu talde horietan nagusituko den hizkuntzan”
    https://youtu.be/uqrnozmsxFM

  • Politika askoz duinagoak behar ditugu esparru honetan ere, politika duinagoak eta aurreratuagoak, orain arte EAJ-PSOEren Eusko Jaurlaritzak eskainitako partxeetatik edo eskaintza lotsagarrietatik (EiTB, Lanbide Heziketa, (Vocentoren) hedabideak laguntzeko politika eta beste hamaika adibide…) haratago. Gainera datorkigun Hezkuntza Lege berriaren (hori bai erabakigarria) mehatxuari aurre egingo diotenak ere bai, premiaz.
    eta herri ekimenetatik harago.
    Eta kontsumoa eman dadin, eskaintza duina, bermatu behar da lehenik, ezinezkoa baita kontsumitzea eskaintzen ez den edota eskura ez dagoen hori.
    Politika askoz duinagoak behar ditugu, eta herri ekimenaren eskutik erakunde ezberdinetan boterean dauden alderdiei exijitu, ze, aldarrikapenak ortzimugari egitea ez baita eraginkorra. Egoera honen arduradunek izena badute..

  • Erabat ados JJ. Errealitate hutsa da gaztetxoek pantailei begira bizi direla neurri haundi batean. Ordea, instituzioetatik horiei begira egiten diren ahaleginak oso urriak dira (itxura hutsezkoak askotan).
    Ez da aditua izan beharrik, hurrengo urteetan arazoa larriagotuko dela jakiteko, eta adin tarte guzietara zabalduko dela.
    Askori gertatu izan zaigu pantailak euskaraz bilatzen ibiltzea eta gero eta zailago suertatzea, basamortuan ura aurkitzearen parekoa zenbaitetan.
    Ikastetxeetan zenbat arazo ikasleei filmeak zein dokumentalak euskaraz eskaintzeko (garaikoak eta duinak noski). Eta horrela berdin zait D, B edo A eredukoak badira ere, Gaztelaniaz edo Ingeleraz eskaini eta kitto. Baina gero ez dezagun euskaraz murgiltzeaz hitz egin, zerbait ez dagoenean ezin baita eskaini.
    Ez al da izango aspaldiko urteetatik hona hartutako erabakien ondorioak?